«Badakigu ANV berriz izango dela legezkoa euskal estatu batean»

EAE-ANVko militante historikoak seguru daude alderdia «estatu arrazoiagatik» legez kanporatu dutela: «Erabaki politikoa da»Estrasburgon beste helegite bat jarri edo ez erabakiko dute hurrengo egunetan

Bilboko Udalak auzo etxea erabiltzeko baimena kendu zienez, elkarte batean aritu ziren ANVkoak. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
EAE-ANVko militante historikoek esperantza txiki bat bazuten arren, espero zuten Estrasburgoko Auzitegiak emandako epaia. Bere alderdiaren aurkako auzi guztia politikoa izan dela seguru dauden bezala, amaiera ere «politikoa» izango zela sumatzen zuten, eta hala izan dela diote: «Ez da erabaki judiziala izan». Estrasburgok EAE-ANVren legez kanporatzea ontzat emateko kaleratutako epaia bera dute horren froga; auzitegiak erabakia argudiatzeko eman dituen arrazoibideak. «Argi dago estatu arrazoia dela aurrera egin duena», adierazi du Antxon Gomez EAE-ANVko idazkari izandakoak.

«Espainiako demokraziarentzat» EAE-ANV «arriskutsua» dela jasotzen du epaiak. «Gurearen gisako herri txiki bateko alderdi txiki bat arriskutsua bada Espainiako demokraziarentzat, demokrazia hori nahiko kaskarra izango da», hausnartu du.

Euskal gizartearen «elkarbizitza soziala» arriskuan jartzen duela ere esan du Estrasburgok, Espainiako auzitegiek alderdiaren aurka hartutako erabakiak ontzat emateko. «Alderdien Legea izan da elkarbizitza sozialerako oztopo handiena», erantzun du Gomezek. Horren adibidetzat jarri du ezker abertzalea legez kanporatzeen ondorioz Lizartzan izan den egoera asaldatua.

Ondorioa argi dute alderdiko militante historikoek: «Erabakia politikoa izan da». Eta horrek EAE-ANVri berari kalte egiteaz gain beste zerbait ere erakusten duela ohartarazi dute: «Esaten denaz bestera, ez da egia legez kanporatzeen zikloa amaitu dela».

Gomezen ustez, «normalizazio politikorako gogoak» eragin du aro hori gaindituta dagoela adieraztera. Baina ohartarazi du irrika horrek ezin duela «errealitatea estali»; EAE-ANVren aurkako epaiak horixe frogatu duela. «Legez kanporatzeen mamua astindu du berriz». Hankak lurrean izateko deia egin, eta abisu eman du Alderdien Legea indarrean dagoen bitartean «legez kanporatzeen zikloa» ez dela amaituko; legez kanporatzeak edo legez kanporatzeko mehatxuak ez direla amaituko. «Legez kanporatzeen zikloa amaitzeko, Alderdien Legea bertan behera utzi behar da».

Azken helegitea

Gomezek azaldu du badakitela orain oztopoz betetako garai bat datorkiela. Lehenik eta behin, Estrasburgon azken helegitea aurkezteko aukera dute datozen hiru hilabetean, eta «lege borroka» horretan jarraituko duten edo ez erabaki gabe dutela azaldu du. Baietz pentsatzen duela, baina abokatuekin aztertu behar dutela gaia, erabakia hartu aurretik.

Halere, militante historikoek ez dute dena galdutzat emateko asmorik, eta etorkizunak arrazoi emango diela uste dute: «Guk badakigu ANV berriz izango dela legezkoa, baina euskal estatu batean». Eskubide zibil eta politikoak zein eskubide nazionalak bermatuko dituen bakarra euskal estatua izango dela diote. Independentzia eskuratu behar dela, hortaz, eta lortuko dela gainera.

Hemendik aurrerako egoerari dagokionez, Giza Eskubideen Auzitegian helegitea jarri edo ez erabaki gabe duten arren, epaiaren bidea aldatzea ez dute erraz ikusten. Ia segurutzat dute EAE-ANV legez kanporatutako alderdia izango dela. Eta, beraz, alderdi gisa aritzea debekatua izango dela; jazarria. Atzo bertan, jazarpen horren zantzu bat pairatu zuten. Hala interpretatu zuten, behintzat, Bilboko Udalak azken unean prentsaurrekoa La Bolsa auzo etxean egitea debekatu izana. Elkarte baten egoitzan egin zuten agerraldia.

Epaiketaren zain

Horrez gain, EAE-ANVkoak izandako lau kide auzipetuta ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Epaiketaren zain daude, hamarna urteko espetxe zigor eskaera dutela. EHAK-ko zein Batasuneko beste hainbat kide ere auzipetuta dituzte auzi berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.