Yolanda Diaz Sumarreko buruarekin batera, koalizioko beste lau kide ere izango dira Espainiako Gobernuan. Emaitza horrekin pozik da Lander Martinez koalizioko diputatua (Gasteiz, 1989). Inbestidurako blokeak iraun dezan, funtsezkotzat jo du akordioak betetzea eta bazkideen arteko harremanak zaintzea, baita euren koalizioaren barruan ere.
Eskuina presioari eusteko prest da. Eraginen beldur zarete?
Eraginen beldur ez. Beldur gara eskuinak zer tonu hartu duen ikusita: eskuinaren estrategia eta ultraeskuinarena berbera da. Ikusten da arazoa ez dela amnistia, baizik eta gu gobernuan egotea. Eta gogoratu behar da gehiengo batek egin duela gobernu honek jarraitzearen alde.
Zortzi alderdi eta koaliziok babestu zuten inbestidura. Aniztasun horrek zaildu egingo du legealdiak lau urte irautea?
Badakigu ahalegin handiak egin beharko ditugula legealdiak iraun dezan. Hasieratik genekien hori. Uste dut akordio onak eta koordinatuak lortu direla, eta, horiei jarraipena ematen zaien heinean, ez litzateke arazorik egon beharko gobernuak aurrera egiteko. Batzuetan, ahalegin handiagoa egin beharko dugu, aniztasunak kontraesanak eta zailtasun politikoak eragin baititzake, baina denok ikusi dugu zein beharrezkoa den gobernuak irautea. Gutxienez lau urtean eskuina eta ultraeskuina gobernuan ez egoteko.
Inbestiduran, ekonomia eta lan arloa izan ziren Diazen hitzaldiko gai nagusiak. Arlo horietan jarriko du arreta Sumarrek?
Sumarrek hainbat ardatz ditu, denak beharrezkoak; esaterako, eskubide sozialak garatzea. Baina egia da lan baldintzak hobetzea ardatz zentraletako bat dela: gutxieneko soldata igotzea, lanorduak jaistea eta demokrazia ekonomikoa enpresetara eramatea. Uste dugu beharrezkoa dela enpresetan langileen eta sindikatuen presentzia indartzea eta desparekotasunaren kontra egiteko neurriak hartzea.
«Espainiako estatu plurinazional batean sinesten dugu, eta ulertzen dugu horrek isla izan behar duela instituzioetan. Beraz, guretzat beti izango da helburu estatuaren federalizazioa».
Lan erreforma ere atera zen gaien artean. EH Bildu kritiko agertu zen, eta EAJk ere erkidegoetako hitzarmenei lehentasuna ematea jaso du PSOErekin egindako itunean. Horrek kezkatzen zaituzte?
Ez. Uste dut inork ez duela ulertzen zergatik eman zion ezezkoa EH Bilduk. Ikusi da lan erreformak hobekuntzak ekarri dizkiela milaka langile euskal herritarri. Hori bai, uste dugu hainbat pauso eman behar direla erreforma horretan: adibidez, kaleratzeena, kanpoan geratu baitzen. Baina emaitza onak ekarri ditu, eta aukerak daude zenbait mekanismo hobetzeko.
Aurreko legealdian posible zen alderdi batzuk halako akordioetatik kanpo uztea. Hemendik aurrera, ez.
Eta horrek ekarriko digu lan gehiago egitea gehiengoak sortzeko proposamen bakoitzean. Horretarako negoziazio ahalmena dago, eta proiektu komun bat: gobernu aurrerakoi bat, eginiko akordioak, eta alderdien borondatea gobernuari eusteko.
Inbestidurako gai nagusia izan zen ea nola heldu nazio auziari. Sumarrek nola jorratu nahi du gaia?
Espainiako estatu plurinazional batean sinesten dugu, eta ulertzen dugu horrek isla izan behar duela instituzioetan. Beraz, guretzat beti izango da helburu estatuaren federalizazioa, eta uste dugu eztabaida horri heltzeko garai ona dela hau. Eta beti izango dugu helburu konstituzioa erreformatzea. Badakigu legealdi honetan zaila dela, baina uste dugu baditugula tresna batzuk: adibidez, Katalunian gertatutakoa desjudizializatzeko, nazioen aitortzarako beharrezko eztabaidak egiteko eta estatuaren deszentralizazioaren aldeko neurriak hartzeko.
Prest egongo zinatekete erreferendum bat babesteko?
Guretzat garrantzitsua da akordioa egotea. Aldebiko mahai batean —eta hori garrantzitsua da— ateratzen den edozein akordio errespetatuko dugu, negoziazioaren emaitza delako.
Sanchezen eta Diazen arteko sintoniak Sumar barrukoak baino hobea dirudi. Zer arazo du koalizioak?
Badakigu beharrezkoa dela aniztasunean lan egitea, eta horretarako denbora asko dedikatu beharko diegu alderdiei. Saiatzen gara guztiekin zubiak izaten eta kolaborazioa sustatzen, baina badakigu Podemosek bere bide estrategikoan aukera jakin batzuk hartu dituela, alde bakarrez lan egitea aukeratu duela batzuetan.
«Saiatzen gara guztiekin zubiak izaten eta kolaborazioa sustatzen, baina badakigu Podemosek alde bakarrez lan egitea aukeratu duela batzuetan».
Jada zehaztu da Sumarren ministroak nor izango diren, eta ez dago Podemoseko kiderik.
Podemosi eskaintza bat egin zitzaion Nacho Alvarez batzorde exekutiboko kidea ministro izateko [joan den astean jakinarazi zuen hark ministro izateari uko egin eta Podemos utziko zuela]. Guk errespetatzen dugu Podemosek hori onartu ez izana, baina haiek erabaki dute Alvarez ministro ez izatea, eta guk gobernua eratzen jarraitu dugu.
Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begira jartzeko garaia ere bada. Ari zarete boz horietan izateko lanean?
Bai, noski. Euskadin esparru aurrerakoia zabaltzen duen proiektu politiko bat bultzatzeko garaia da. Eta Sumar da indar politiko erabakigarriena horretarako. Hauteskunde ekintza ahalik eta zabalena eraikitzeko bokazioa daukagu.
Ideia da Ahal Dugu-rekin batera aurkeztea?
Noski. Sumarren aukera da ekintza politiko ahalik eta zabalena eraikitzea. Uste dugu Ahal Dugu-ko militanteek ere hala nahi dutela.
Ahal Dugu-ko idazkari nagusi izateari utzi zenion Miren Gorrotxategi lehendakarigai hautatu zutenean. Orain hura babestuko zenuke?
Uste dugu ez dela izenez hitz egiteko garaia. Ez dugu programa akordio bat ere. Bestalde, hautagaitza aukeratzeak eztabaida kolektibo baten emaitza izan behar du. Hartatik zer ateratzen den, horixe errespetatu eta bultzatuko dugu.
Eta baliteke Lander Martinez Eusko Legebiltzarrera itzultzea?
Esan bezala, ez da izenez hitz egiteko garaia. Hemen legealdia hasi berria da, eta ez dut horretan pentsatu ere egin.