Pradalesek hitzeman du etxebizitza babestuak eraikitzeko tramiteak arinduko dituela

Jaurlaritzako lehendakariak esan du etxebizitzaren auzia legealdiko ardatz estrategikoetako bat izango dela, eta lehentasuna emango diola. Elkarlanean aritzeko deia egin die erakundeei.

Ezker-eskuin: Alkorta, Pradales, Apraiz eta Laborda, gaur, Ajuriaenean. IREKIA
Ezker-eskuin: Alkorta, Pradales, Apraiz eta Laborda, gaur, Ajuriaenean. IREKIA
aitor biain
2024ko uztailaren 5a
12:50
Entzun

Etxebizitzaren auziari heltzeko beharra nabarmendu du gaur Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eudel Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen elkarteko ordezkariekin Ajuriaenean egindako bileraren ostean. Pradalesek adierazi du haren agintaldiko ardatz nagusietako bat izango dela etxebizitzarena, eta hitzeman du babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko tramiteak arindu egingo dituztela. Horrekin batera, eraikitzeko baimena duten lurzoruak aktibatzea, etxebizitza turistikoak arautzea eta lokalak etxebizitza bihurtzea ere bultzatuko dute, adierazi duenez.

Pradalesek adierazi du ulergarri zaiola etxebizitzaren gaiak gizartean halako kezka sortzea, kontuan hartuta, bereziki, etxebizitzak falta direla eta gazteek emantzipatzeko zailtasunak dituztela. Bada, gai horri lehentasuna emango diola esan du lehendakariak, iritzita ongizaterako ezinbestekoa dela: «Etxebizitzarako sarbidea erraztea funtsezkoa da ongizatea hobetzeko». Hain zuzen ere, tokiko erakundeek zeregin horretan duten garrantzia azpimarratu du, «haiek ezagutzen baitute ondoen udalerri bakoitzaren errealitatea».

«Etxebizitzarako sarbidea erraztea funtsezkoa da ongizatea hobetzeko» 

IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria

Bada, erakundeek elkarlanean eta norabide berean lan egin behar dutela azpimarratu du Pradalesek: «Ditugun erronkak ez dira nolanahikoak, eta nekez aurre egingo diegu bakoitza bere aldetik baldin badoa. Herri proiektuek elkarlana eskatzen dute». Eskari hori bera egin zien ahaldun nagusiei ere, asteleheneko bilkuran. Eudelek, bestalde, Jaurlaritzari eskatu dio sail guztiek kontuan har dezatela «tokiko sentsibilitatea». 

Etxebizitzaren auziaz gain, gobernu programa eta legealdi berrian izango dituzten erronka nagusiak izan dituzte aztergai ordubete inguru iraun duen bileran. Lehendakariaz gain, bertan izan dira Esther Apraiz Eudeleko presidente eta Derioko alkatea, Nagore Alkorta Eudeleko presidenteorde eta Azpeitiko alkatea, eta Cristina Laborda Eudeleko presidenteorde eta Irungo alkatea.

Eskuin muturra

Bileraren osteko prentsa agerraldian, aktualitateari lotutako beste hainbat gai ere izan ditu hizpide lehendakariak. Esaterako, Frantziako Asanblearako hauteskundeez galdetu diote kazetariek, eta Pradalesek esan du eskuin muturrak ez irabaztea nahiko lukeela.

Lehendakariak kezka agertu du eskuin muturra Europan, oro har, izaten ari den gorakadagatik. Alde horretatik, azpimarratu du bereziki garrantzitsua dela «Euskadik ahots propioa» izatea Europako Batasuneko erakundeetan, han hartutako erabakiek «zuzenean eragiten» diotelako. Horren harira, uda ostean EBko arduradunekin biltzeko nahia agertu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.