Krisia PPn

Babesik gabe, agur esango du

Pablo Casadok agur kutsuko hitzaldia eskaini du Kongresuko kontrol saioan. Ziurtzat jotzen da Alberto Nuñez Feijook hartuko duela alderdiko lema, lurraldeko buruzagi ia denek hala eskatuta

Pablo Casado PPko presidentea alderdiko diputatuen txaloak jasotzen, atzo, Espainiako Kongresuan. CHEMA MOYA / EFE.
edurne begiristain
2022ko otsailaren 24a
00:00
Entzun

Pablo Casadoren aroa amaitu egin da. Alderdiko kide ia denek bakarrik utzi ondotik, amore eman du PPko presidenteak. Atzo, Espainiako Kongresuko kontrol saion agur esateko baliatu zuen bere hitzaldia. «Aurkari direnekiko errespetua eta alderdikideenganako konpromisoa, hori da niretzako politika. Dena Espainiaren zerbitzura eta askatasunaren alde». Tonu solemne eta serioa erabilita irakurri zuen hitzaldia agur bat izan zen, argi utzita ez duela jarraituko karguan. Edizio hau ixterako, Casado hartzekoa zen dimisioari buruzko erabakia.

Ikusi gehiago: Casadoren euskal lagunak eta lagun ohiak

Arratsaldean, lurraldeetako buruzagiekin bildu zen alderdiaren egoitza nagusian, Madrilen, ezohiko kongresua prestatzeko. Lurraldeetako buruzagi ia denak Casadok dimisioa berehala ematearen alde agertu ziren, eta, atzo, horixe bera eskatu zioten batzarrean. Casadoren nahia, baina, alderditik modu duinenean irtetea izan da. Horretarako, ezohiko kongresua egin arte karguan jarraitzea izan da bere nahia, eta zuzendaritzaren aurrean kargua uztea. Lerrook idazteko orduan batzarrak segitzen zuen Genovako egoitzan, eta oraindik ez zegoen erabaki ofizialik.

Ziurra dena da Pablo Casadok ez duela presidente karguan jarraituko. PPren barne krisiari amaiera ematea eta agintari berriak aukeratzea izango da hurrengo urratsa. Datorren asteartean, martxoaren 1ean, alderdiaren zuzendaritza nazionala bilduko da eta kongresu batera deituko dute. Ikusteko dago zein aukeztuko den primarioetara. Oraingoz, Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Xuntako presidentea izan da alderdia zuzentzeari atea zabalik utzi dion bakarra, eta atzo alderdiko buruzagi ugarik publikoki eskatu zioten bere burua aurkezteko.

Gainera, azpimarratzekoa da lurraldeetako buruzagiek iluntzean egindako bilera baino lehen batzartu egin zirela bi buruzagiak, ordubetez, Feijook berak komunikabiden aurrean baieztatu zuenez. Casado ordezkatzeko prest egongo ote zatekeen ez zuen zehaztu Feijook, baina ia ziurra da berak hartuko duela alderdiaren buruzagitza.

Kongresuan, bakarrik

PPren barruan piztutako krisia dela eta, azken egunetan bakarrik eta bakartuta utzi dute alderdikideek PPko presidentea. Teodoro Garcia Egea PPko idazkari nagusiaren dimisioaren biharamunean, bakardade hori argi islatu zen atzo Kongresuaren goizeko saioan. Lurraldeetako buruzagien eta talde parlamentarioaren zuzendaritzaren sostengua galduta joan zen Casado kontrol saiora: Ana Pastor, Ana Beltran, Cuca Gamarra, Pablo Montesinos eta Antonio Gonzalez Terol alderdikideek baino ez zuten babestu Kongresurako bidean. PPko iturriek jakinarazi zutenez, oposizioko buruzagi gisa duen «erantzukizunagatik» eta ganberarekiko «errespetuagatik» parte hartu zuen Casadok saioan. «Egoerak eskatzen duen mailan egon behar du».

Barruan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari galdera egindako txanda baliatu zuen Casadok agur esateko. Idatzita eraman zuen esan beharrekoa. Duela 41 urte Espainian izandako estatu kolpea gogora ekarri zuen, eta erantsi orduko hartan elkarren arteko «areriotasunak» akordio bidez konpondu zituztela, eta «adiskidetzea» gailendu zela. Hala, Espainiako Gobernuko presidenteari dei egin zion hemendik aurrera lan egiteko «zentralitatearen esparrua zabaldu dadin» PSOEk eta PPk, biek, kabida izan dezaten bertan.

Casadok hitzaldia amaitu eta berehala, txalo zaparrada luzea eskaini zioten PPko diputatuek. Eserlekuetatik zutituta eskaini zizkioten txaloak, eta eskertu egin zien keinua Casadok, eserle kutik altxatuta eta eskuarekin keinua eginda. Agurrari esker oneko hitzekin erantzun zion Sanchezek, gero. «Pertsonalki hoberena opa dizut», esan zion. Argitu zuen, halaber, ez duela PPren barne krisia baliatuko hauteskundeak aurreratzeko.

Sanchezen erantzuna entzun bezain pronto alde egin zuen Casadok ganberatik, erabateko bakardadean, azken egunotan bere kontra gogor jardun duten alderdikideen txaloak entzunda. Ana Beltran, Pablo Montesinos eta Antonio Gonzalez Terol alderdikideak izan ziren bere atzetik joan ziren bakarrak, gaur egun alderdi barruan dituen sostengu apurren erakusle.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.