Babesa, kolokan

EBko kideek adostu dute otsoari «hertsiki babestutako espezie» izaera kentzea eta «babestutako espezie» gisa sailkatzea. Ezustekorik ezean, abenduan gauzatuko da neurria. Horrek aldaketak ekar ditzake Euskal Herriko erakundeen araudietara.

Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko urriaren 27a
05:00
Entzun

Otsoa legez babestuta dago Europa osoan, Bernako Itunaren bitartez. Hitzarmen horren sinatzaileak dira EB Europako Batasuneko estatuak eta Europako Kontseiluaren parte diren gainerako herrialdeak. Itunak «hertsiki babestutako espezieen» zerrendan sailkatzen du otsoa, eta, estatus hori dutenen kasuan, debekatu egiten du espezie horretako aleak hiltzea eta harrapatzea, eta horien ugalketarako eta atsedenerako eremuak suntsitzea.

Hala ere, itunak zenbait salbuespen aurreikusten ditu. Debeku horiek eteteko aukera ematen du, adibidez, aziendetan «kalte larriak» eragozteko, betiere «kontrol baldintza zorrotzetan» esku hartzen bada eta babestutako espeziearen kontserbaziorako eragozpena ez bada.

Frantzian, esaterako, gobernuak otsoak hiltzeko uxaldiak baimentzen ditu aldizka, baina legez debekatuta dago uxaldi horietan otsoaren populazioaren %19 baino gehiago hiltzea. Irizpide hori ezartzen da Ipar Euskal Herrian ere, nahiz eta azken urteetan ez den otsorik atzeman, datu ofizialen arabera.

Otsoak EBn duen babesa kolokan dago, ordea. Europako Batzordeak iazko abenduan proposatu zuen otsoa «hertsiki babestutako espezieen» zerrendatik «espezie babestuen» zerrendara aldatzea. Lehen sektorearen mobilizazio eta presio artean eman zuen pausoa. EBko kideak egitasmoarekin ados agertu ziren irailean, eta proposamena Bernako Itunaren Batzorde Iraunkorrak eztabaidatuko du abenduan. Aldaketa gauzatu egingo da ezustekorik ezean, EBko estatuek gehiengoa baitute batzorde horretan.

Europan otsoaren babesa ahultzekoa denez, estatu kideei beren legediak malgutzeko aukera ireki zaie. Espainian, otsoa LESRPE Babes Bereziko Basa Espezieen Zerrendan jasota dago, baina zerrenda horretatik kentzeko egitasmo bat aurkeztu du PPk Kongresuan, eta hura aztertzen ari da Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografiko batzordea. Zuzenketak aurkezteko epean dago orain, eta, batzordeak onartuz gero, diputatuen osoko bilkurak eztabaidatuko du.

Madrilen eragina

Madrilen gertatzen denak eragin zuzena izango du Hego Euskal Herrian, PPren proposamena onartzeak bide emango bailioke otsoak «interes bereziko espezie» estatusa galtzeari Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur-gaurkoz, horrela dago sailkatua hiru lurraldeetan, eta Mehatxatutako Espezieen Katalogoan jasota dago, baina Eusko Jaurlaritzak «babes berezia» kentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, Amaia Barredo Nekazaritza eta Arrantza sailburuak irailean jakinarazi zuenez. Gainera, Jaurlaritzaren Otsoa Kudeatzeko Plan proposamenak jasotzen du planaren indarraldia bertan behera geldituko dela otsoak babes berezi bat izateari uzten dionean.

Bernako Itunak bezala, legedi autonomikoak ere onartzen ditu zenbait salbuespen otsoaren babesa tarte jakin batean eteteko. Espainiako Trantsizio Energetiko eta Erronka Demografiko Ministerioak 2021ean emandako agindu batek zehazten duenez, autonomia erkidegoek otsoak hiltzeko edo harrapatzeko neurriak hartu ahal izango dituzte hiru baldintza hauek betetzen direnean: frogatzen bada prebentzio neurriak ez direla nahikoa eraginkorrak ganadua babesteko, ustiategiek modu egokian ezarri arren; otsoak hiltzeak ez badio espeziearen kontserbazioari eragozpenik sortuko, eta ganadu ustiategiek «kalte garrantzitsuak» jasan badituzte.

Nafarroan, «galdutako espezie» gisa dago sailkatua otsoa, eta, horrenbestez, foru gobernuak plan bat ondu behar du hura leheneratzeko eta kontserbatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.