Dozenaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Tolosan (Gipuzkoa), osteopata batek egindako sexu erasoak salatu dituzten emakumeei adierazteko sinesten dietela, haiekin daudela eta haiekin egongo direla. Orain arte, hamar emakumek salatu dituzte sexu erasoak. Tolosaldeko Mugimendu Feministak eta eskualdeko 23 udalek bat egin dute deialdian. Ez dutela inolako sexu erasorik onartuko nabarmendu dute. Nik sinisten dizut. Guk sinisten dizuegu leloa hautatu dute protestarako. Tolosako Emakumeon Plazan egin dute.
Osteopata urtarrilaren 21ean atxilotu zuten, bi emakumezkok —horietako bat adingabea zen— haren aurkako salaketa jarri eta gero, baina karguekin aske utzi zuten ondoren. Hala ere, antzeko kasu gehiago egon zitezkeen susmoa hartuta, salaketa jartzeko era dagoela gogorarazi zuen Ertzaintzak. Eta halaxe izan zen: ondorengo egunetan beste lau andrazkok jo zuten Poliziarengana salaketa jartzera; guztira, seik. Biktimei entzun ostean, fiskalak gizona espetxeratzeko agindua eman zuen; «balizko zigorren larritasuna» nabarmendu zuen, eta ihes egiteko arriskua zegoela.
Biktimek kontatu dute osteopatak ukituak egiten zizkiela, kontsultan harekin bakarrik egoten zirela baliatuta: gutxinaka, gizonaren manipulazioa eremu intimoetara iristen zen, horretarako inolako baimenik gabe.
Aduna, Alkiza, Alegia, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa eta Zizurkilgo udalek eta Tolosaldeko Mugimendu Feministak sostengatu dute gaurko mobilizazioa.