Babes zabala jaso du Kataluniako galdeketa babesteko Bilboko martxak

Gure Esku Dago-k antolatu du. Hilaren 16an egingo dute mobilizazioa. «Gure bozkatzeko askatasuna ere jokoan dago», adierazi dute. Bideoa albistearen bukaeran.

Gure Esku Dago-ko kideek mobilizazioari buruzko xehetasunak eman zituzten atzo. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2017ko irailaren 6a
00:00
Entzun

Katalunian egin asmo duten galdeketarako hilabete baino gutxiagoren faltan, Gure Esku Dago-k manifestaziora deitu du urriaren 1eko erreferendumari babesa adierazteko, eta martxarekin bat egin duten norbanakoen izenak eman dituzte. Atzo Bilbon egindako agerraldian, Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas Gure Esku Dago-ko bozeramaileek irailaren 16an mugimendu horrek egingo duen mobilizazioaren xehetasunak eman zituzten, eta manifestazioan parte hartzera deitu zuten.

«Demokratok ezin gara begira gelditu», adierazi zuen Oiarbidek: «Katalanek bozka dezaten mobilizatu beharra daukagu, gure bozkatzeko askatasuna ere jokoan dagoelako». Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Bilboko La Casillatik Bozkatu erabakitzeko. Demokrazia lelopean, eta udaletxean bukatuko da, ekitaldi batekin. Herriz herri autobusak antolatuko dituztela jakinarazi dute Gure Esku Dago-koek. Oiarbidek atzo adierazi zuenez, «euskal herritarron elkartasun nahiari» bide eman nahi diote manifestazioarekin. «Kataluniako herriaren ametsa gurea ere bada: herritar gisa erabakitzea». Oiarbidek Bizkaiko hiriburuko kaleak betetzeko deia egin zuen. «Erabakitzeko eskubidearen eta demokraziaren alde dauden indar guztiak batu nahi ditugu Bilboko mobilizazioan».

Mobilizazioa «herritarra, plurala eta bateratzailea» izango dela adierazi zuen Oiarbidek, eta «desberdintasunen gainetik, erabakitzeko eskubidearen alde dauden herritar eta sektore guztiak biltzeko» borondatea duela. Borondate horren adierazle, manifestazioari sostengua eman dioten pertsona esanguratsuen zerrendaren berri eman zuten. Deialdiarekin bat egin dutenen artean daude Amets Arzallus, Anari Alberdi, Garbiñe Biurrun, Iñaki Goirizelaia, Toti Martinez de Lezea, Fermin eta Jabier Muguruza, Paul Rios, Blanca Urgell, Jesus Uzkudun eta Iñaki Zarraoa —zerrenda osoa, Berria.eus-en —.

«Ilusioz, arduraz eta batez ere arretaz bizi dugu une historiko hau», adierazi zuen Oiarbidek. Bozeramaileak nabarmendu zuen Kataluniak hitzordua duela «demokraziarekin eta etorkizunarekin», eta adierazi zuen «kezkatuta eta arduratuta» daudela Espainiatik iragartzen ari diren «erantzun demofobikoekin». Oiarbidek aldarrikatu zuen herritarren ardura dela «autoritarismoari» aurre egitea, eta euskal herritarren babesak balio behar duela «zigor bidea, neurri errepresiboak eta mehatxuak alde batera gelditzeko». Oiarbidek gogoratu zuen, «ulertezina» dela erreferenduma auzitegien jomugan jartzea eta herritarren botoaren balioa ukatzea.

Bestalde, Gasteizeko Gure Esku Dago-k jakinarazi du 2018an hirian egitekoa diren kontsultarako boluntario bila dabiltzala: 300 lagun behar dituzte, eta horiek bilatzeko kanpaina bat abiatu dute. «Demokrazian sakondu nahi duten» pertsonak deitu dituzte izena ematera. Bideoa: Gure Esku Dagoren agerraldia. (Argazki Press).

[youtube]https://youtu.be/3QFtusYAHMc[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.