Espainiako Auzitegi Nazionaleko amesgaiztoa atzean utzita, bidelagun anitzen babesa jaso dute 14/2014 sumarioko bost auzipetuek. Eta pozik dira horregatik. Pozik, kartzelaldia saihesteaz gainera, helburu bikoitza erdietsi dutela uste dutelako: «Epaiketa politikoen zentzugabekeria agerian uztea eta Espainiako Estatuaren aparatuek tortura helburu politikoekin erabiltzen dutela azalaraztea», esan du Gorka Mayok, auzipetuen izenean Iruñean eginiko agerraldian.
Torturaren errealitatea ikusgai paratzeko bidean, baina, pauso bat harago joatea erabaki dute, eta Espainiako Estatu osora zabaldu nahi izan dute errepresioaren eta torturaren aurkako aldarria. Horretarako, Tortura, Aztnugal (laguntza) XXI. mendean izeneko manifestua aurkeztu dute. Orain arte, Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Espainiako 23 pertsona ezagunen atxikimendua jaso du agiriak. Haien artean dira politikariak, legelariak, kulturaren alorreko profesionalak, ETAren biktima izandakoak, filosofoak edota kazetariak.
Zehazki, bi eskaera nagusi egiten dituzte manifestuaren sinatzaileek. Batetik, «tortura ahalbidetzen duen inkomunikazio erregimena deuseztatzea» galdegin diote Espainiako Gobernuari; bestetik, «Nazio Batuen Erakundearen hitzarmenak betetzea, torturaren eta bestelako tratu txarrak saiheste aldera».
Aztnugal kanpainaren sustatzaileen esanetan, «agiria ez da berritasun bat Euskal Herrian, baina Espainiako Estatuan urrats nabarmena da». Indarkeriaren eta euskal gatazkaren kontakizunak, halabeharrez, «askotariko ikuspuntuak» jaso behar dituela esan du Mayok prentsaurrekoan: «Era askotako bortizkeria sufritu duten pertsonek estatuak ukatzen duen errealitate bat onartzen dute —tortura, alegia—, eta hori da manifestuak izan dezakeen balioaren zati bat».
Bost urtez zabalik egon den prozesuak eragin dizkien kalteak ere azaldu dituzte bost auzipetuek: «Tortura, eskubideen urraketa, ondasunen bahiketa, umiliazioa...». Hala eta guztiz ere, auzibidean jasotako elkartasun keinuak nabarmendu nahi izan dituzte, beste edozeren gainetik: «Jasotako maitasun guztia konpentsatzeko modu bakarra gure ekinbide politikoari eta konpromisoari eustea da». Besteak beste, Segurako auziko militanteak hartu dituzte eredu, «haiek ireki baitzuten bidea» —fiskalarekin akordioa egin zuten—. Edonola ere, egungo egoera «bidegabea» dela salatu dute, «ideiak eta militantzia epaitzen dituztelako, eta Auzitegi Nazionalak eskubideak bermatu gabe segitzen duelako».
Maiatzaren 17tik aurrera Madrilen epaituko dituzten bederatzi euskal herritarrei sostengua adierazi nahi izan diete: «Guk ere Basque lives matter aldarrikatu nahi dugu».
Babes zabala jaso du 'Aztnugal' kanpainak, tortura erauzteko xedez
Inkomunikazioa eta eskubideen urraketak salatzen dituen agiria sinatu dute Katalunia, Galizia, Espainia eta Euskal Herriko hamaika pertsonak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu