Babes zabala jaso du Aroztegiko auzipetuen aldeko manifestazio deialdiak

Otsailaren 1ean Iruñean egitekoa den mobilizazio deialdiarekin bat egin dute 139 eragilek. Guztira hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatuak dituzte zazpi auzipetuentzat, Aroztegiko kanpaldian parte hartzeagatik.

Aroztegiko Elkartasun Komiteko kideak Iruñeko epaitegien alboan, gaur egin duten agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Aroztegiko Elkartasun Komiteko kideak Iruñeko epaitegien alboan, gaur egin duten agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Ane Etxandi.
Iruñea
2025eko urtarrilaren 21a
13:08
Entzun

Aroztegiko Elkartasun Komiteak manifestaziora deitua du otsailaren 1erako, Iruñean, 16:00etan, Aroztegiko zazpi auzipetuak absolbitu ditzatela eskatzeko, eta agerraldia egin dute gaur Iruñeko epaitegietako atarian, adierazteko deialdi horrek zenbateko babesa bildu duen. Guztira hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isun ekonomikoak eskatzen dituzte zazpi herritarrentzat, Aroztegiko proiektuaren aurka egindako protesta ekintza batzuengatik. 139 eragilek bat egin dute manifestazio deialdiarekin, eta autobusak antolatu dituzte Euskal Herriko hainbat tokitatik.

Euskal Herri osoko hainbat alderdi politikok, sindikatuk eta erakundek babestu dute manifestazioa. Babesa eman dutenen artean daude EH Bildu, EH Bai, Zurekin Baztan, ELA, LAB, ESK, Steilas, ELB, Ernai eta GKS.

Aroztegiko hirigintza proiektuaren barnean, 225 etxebizitza, lau izarreko hotel bat eta golf zelai bat eraiki nahi dituzte Baztango Lekaroz herrian, baina herritar asko proiektu horren kontra daude hasieratik. Eraikitze lanak 2021eko apirilean hastekoak ziren, baina, herritarren protesten ondorioz, gelditu egin behar izan zituzten: erresistentzia kanpaldiak egin zituzten, eta ekintza horiengatik auzipetu dituzte zazpi herritar. Horrez gain, enpresak 43 milioi euroren kalte ordainak eskatu dizkie Espainiako eta Nafarroako gobernuei.

Bada, «talde kriminal antolatu bat» izatea leporatzen diete auzipetuei. Horren harira, Aintzane Ariztegi Aroztegiko Elkartasun Komiteko kideak gaur Iruñean egindako agerraldian adierazi du balitekeela talde kriminal izendatzeak «aurrekari penal bat» sortzea, eta «arriskutsua» izan daitekeela hori herri mugimendu guztientzat.

Bestalde, Oiher Urrutia Elkartasun Komiteko kideak adierazi du Aroztegiko afera Euskal Herriko zenbait herritan gertatzen denaren beste adibide bat dela. «Herri oso baten bizirauteko gogoa eta burujabe izateko borondatea zigortzea» da benetako helburua, haren hitzetan. «Ozen errepikatuko dugu herri hau ez dagoela salgai, eta mendez mende egin dugun gisan, bortxaz guztiona dena bereganatzera etortzen badira, aitzinean edukiko gaituzte», gehitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.