Hitza hartuta, Joan Mari Torrealdai euskaltzain osoak eta auzipetuak gogoratu zuen Erdi Arotik hona Arantzazu Euskal Herri osoaren bilgune eta sinbolo izan dela. Bertan agertu omen zenetik XV. mendean Arantzazuko Ama Birjina Euskal Herri osoaren ama gisa ikusi zela azpimarratu zuen, garaiko kronista baten hitzetan oinarrituz. Gisa berean nabarmendu zuen Karlistaldietan txikituta gelditu arren, Euskal Herriaren bizi nahiak zutik jarraitu zuela. Euskal artearen munduan daukan garrantziak ere erreferentzia bihurtzen duela ez dauka dudarik. Horren eredu eman zituen santutegia eraikitzen parte hartu zuten ospe handiko hainbat artistaren izenak: Jorge Oteiza, Eduardo Txillida eta Nestor Basterretxea, besteak beste. Euskarari dagokionez, aipamen berezia egin zuen, azpimarratuz 36ko gerraren ondotik, euskarak Arantzazun aurkitu zuela lehenengo babesa euskaltzaleen eta Euskaltzaindiaren aurreneko bilerekin.
Ez dauka zalantzarik Euskal Herriaren, euskal kulturaren, euskalgintzaren eta euskal senaren historian garrantzi handiko lekua izan dela Arantzazu, babesleku bat, gotorleku bat. Baina gotorlekuek zaindariak behar dituzte, eta atzoko ekitaldian asko ziren auzipetuei babesa erakutsi zieten euskal gizartearen ordezkariak. Ordezkaritza zabala bildu zen auzipetuen inguruan, kolore anitzez osatua eta lurralde guztiak ordezkatzen zituena. Bertan egon ziren, besteak beste, Markel Olano, Jose Luis Bilbao eta Xabier Agirre Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako ahaldun nagusiak, Carlos Garaikoetxea eta Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak. Juan Jose Ibarretxe ezin izan zen bertaratu, baina bere atxikimendua helarazi zuen. EAJ, ezker abertzalea, Aralar, EA, Ezker Batua, Hamaikabat, Alternatiba eta AB alderdietako buruzagi nagusiek, eta ELA, LAB, EILAS eta CCOO sindikatuetakoek ere ekitaldian parte hartu zuten, beste hainbat gizarte eragileren ordezkarirekin batera. Argi gelditu zen Egunkaria auziko auzipetuek euskal gizartearen gehiengoaren babesa daukatela.
Ez da oraindik bukatu
Auzipetuen izenean Torrealdaik eskerrak eman zizkien, baita zorretan daudela adierazi ere. Baina argi utzi nahi izan zuen ez dela bukatu. «Orain arte bezala behar dugu zuen laguntza, zuen elkartasuna, zuen babesa, zuen arnasa beroa».
Zerrenda
Markel OlanoXabier Agirre
Jose Luis Bilbao
Carlos Garaikoetxea
Jose Antonio Ardanza
Joseba Egibar
Rufi Etxeberria
Oxel Erostarbe
Ikerne Badiola
Mikel Arana
Eneko Oregi
Ander Rodriguez
Mertxe Colina
Adolfo Muñoz Txiki
Ainhoa Etxaide
Jesus Uzkudun
Loren Arkotxa
Paul Rios
Xabier Mendiguren Bereziartu
Xabier Arzalluz
Koldo Gorostiaga
Bernardo Atxaga
Fermin Muguruza
Laura Mintegi
Baltasar Errazti
Juanmi Arregi
Andres Urrutia
Pedro Miguel Etxenike
Daniel Innerarity
Txaro Arteaga
Ramon Labaien
Iñaki Perurena
Alberto Inurrategi
Gontzal Aizpurua
Nestor Basterretxea
Miguel Madariaga
Nekane Oiarbide
Anjeles Iztueta
Ekitaldiaren bideoa ikusi nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.berria.info
Bihar jarraituko du epaiketak Auzitegi Nazionalean
Bihar ekingo diote berriro Egunkaria auziko epaiketari Madrilen. Defentsaren lekukoak entzunen dituzte, eta ondotik perituek deklarazioak eginen dituzte. Gehienez, asteazken arte iraunen du epaiketaren fase honek. Otsaila bukaeran, berriz, bi aldeek haien eskaerak helaraziko dizkiote epaimahaiari.@sarean
Epaiketaren biharko saioa jarraitzeko aukera izanen da Twiterren bidez helbide honetan:www.berria.info. Aitziber Laskibar BERRIAko kazetariak eginen du saioaren zuzeneko kontakizuna, eta lekukoen zein perituen adierazpenak bilduko ditu saioa aurrera joan ahala.