Babes mekanismoen hutsuneak

Indarkeria matxista jasan duten emakumeak babesteko hainbat bide daude Euskal Herrian. Horiek huts egiten dutela azpimarratu dute zenbaitek, ordea, eta instituzioen ardurarik eza eta koordinazio falta salatu.

Iazko azaroaren 25ean Baionan egindako mobilizazioa. GUILLAUME FAUVEAU
Iazko azaroaren 25ean Baionan egindako mobilizazioa. GUILLAUME FAUVEAU
Isabel Jaurena.
2025eko urtarrilaren 5a
05:00
Entzun

Gizonek 126 emakume hil dituzte 2003tik Euskal Herrian. Horietako sei iaz, eta bat aurten. Indarkeria matxistak urtero-urtero du lekurik berripaperetan, paradigma politiko, kultural eta sozial baten barrenean eraikita baitago. Euskal Herriko instituzioek badituzte baliabideak indarkeria matxista jasaten duten edo inoiz halakorik pairatu duten emaztekiei arreta emateko. Halere, bada zerbitzu horiek kritikatu dituenik, erantzukizuna emakumearengan jartzen delako, baliabideek gainezka egin dutelako, ezin dutelako behar bezalako arreta eman, edo, bertzerik gabe, andreei ez dietelako babes nahikorik eskaini.

Indarkeria matxistaren mapa

Iazko azken hilketa matxista Pasaian izan zen (Gipuzkoa), eta galdera anitz egiteko tartea eman zuen. EAEko Arartekoaren irudiko, hilketa hark gizarte osoa interpelatzen du: «Zergatik, Leonorrek salaketak egin arren, ezin izan duten emakume hori babestu, eta zergatik ezin izan duten galarazi emakume horrek orain urte batzuk salatu zuen erasotzaileak azkenean bera hiltzea».

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak onartu zuen protokoloak ez direla erabat «fidagarriak», baina «bizitza asko» salbatu dituztela. Erran zuen kasu hartan egindako bidea aztertzen ari direla, ikusteko protokoloak nola aplikatu ziren. Are, Emakundek BERRIAri azaldu dionez, hilketa kasuetan «historia kronologiko bat» egiteko tresna bat dute: «Prozesu horri esker, azterketa sakon bat egin ahal izaten da hobekuntza arloak identifikatzeko. Informazioa biltzen da EAEn emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak artatzen dituzten zerbitzu eta erakundeekin harremanetan egon zen aldiei buruz, baita haien artean egindako koordinazioari buruz ere».

Egungo hutsuneei buruz galdetuta, erakundeak zehaztu du tresna hau darabiltela halakoak identifikatzeko: Biktima Diren Emakumeak Artatzeko Erakunde Arteko III. Akordioa. Ez du hutsune jakinik aipatu; bai, ordea, «biktimari zerbitzuetarako sarbidea erraztea» dela helburu nagusia: «Erronka da erakundeak eta zerbitzuak koordinatzea hutsunerik ez egoteko, eta arreta integrala eta ez-birbiktimizatzailea lortzea».

«Erronka da erakundeak eta zerbitzuak koordinatzea hutsunerik ez egoteko, eta arreta integrala eta ez-birbiktimizatzailea lortzea»

EMAKUNDE

Sortzen aholkularitza taldeko kidea da Jone Gurrea Iza, eta udalekin lan egiten du indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo instituzionalak ontzen. Azaldu du erakundeen eta zerbitzuen arteko koordinazioa egokia izateko «oso garrantzitsua» dela tokian-tokian lan egitea, eta herrietan mahai teknikoak osatzea: «Emakume biktimen ibilbide posiblean parte hartzen duten zerbitzuak koordinatu behar dira, elkar ezagutu behar dute, batzuk besteen ezaugarrien berri jakin, eta urtean bitan behintzat bildu». Onartu du protokoloetan «askotariko» hutsuneak izaten ahal direla: «Alde handiak daude herri batetik bestera, baina badaude ia aldiro agertzen diren hutsuneak».

Are, bi gabezia nagusi identifikatu ditu Gurreak. Batetik, aipatutako mahai tekniko horietan justiziak ez parte hartzea; Sortzen aholkularitza taldeko kidearen iduriko, horren ondorioz arazo anitz ez dira konpontzen. «Askotan, kasu bat justizia arlora ailegatzen denean, gainontzeko zerbitzuek ez dakite zergatik, ez dakite prozesua gertaera puntual baten ingurukoa den, ez dakite zergatik kendu dioten babes neurri bat emakume bati».

«Askotan, kasu bat justizia arlora ailegatzen denean, gainontzeko zerbitzuek ez dakite zergatik, ez dakite prozesua gertaera puntual baten ingurukoa den, ez dakite zergatik kendu dioten babes neurri bat emakume bati»

JONE GURREASortzen aholkularitza taldeko kidea

Bertzetik, gabeziatzat jo du zerbitzuen artean komunikaziorik edo informazio trukaketarik ez egotea ere. Hau da, zerbitzu batean kasu jakin bati heldu badiote, eta gero arreta espezializatuago batera bideratu badute, lehenbizikoek ez dute horren berririk izanen. «Ez dakigu zer gertatu den pertsona horrekin, eta hori asko gertatzen da ikastetxeetan. Kasu bat bideratzen dute, eta gero ez dakite nola esku hartu duten adingabea bera biktima denean, edo ama biktima denean».

Ardura

Urte hauetan guztietan mugimendu feministak zalantzan jarri ditu instituzioen babes mekanismoak, eta, maiz, instituzioek karga edo ardura indarkeriaren biktimengan jarrita erantzun dute. Adibidez: 2023ko maiatzean Gasteizen izandako hilketa matxistan, Ertzaintzak ez zuen gizonezkoa atxilotu, nahiz eta bazekien urruntze agindua urratzen ari zela, genero indarkeriaren aurkako protokoloak ezartzen duenaren arabera. Horren zergatiaz galdetu zioten Josu Erkorekari, orduan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua zenari: «Ez dakit», erantzun zien. Segurtasun sailburuaren erranetan, «ez da erraza bere burua arriskuan ikusten ez duen biktima bat babestea».

2023ko maiatzean Gasteizen hil zuten emakumearen hilketa gaitzesteko protesta. L. RICO / EFE
2023ko maiatzean Gasteizen hil zuten emakumearen hilketa gaitzesteko protesta. L. RICO / EFE

Horri buruz galdetuta, Gurreak adierazi du indarkeria matxistaren ezaugarriak eta funtzionamendua ezagutzen dituen orok badakiela ezin dela ardura emakumeengan jarri: «Zergatik? Emakumea ez delako gai ikusteko zer-nolako arriskuan dagoen; instituzioek bermatu behar dute emakume horren segurtasuna. Baliabideak jarri behar dira erasotzaileak izateko zaintzapean, eta ez emakumeak. Kontuan izan behar da zerbitzu polizialek askotan emakumeari galderak eginez osatzen dutela arriskuaren azterketa, eta posible da emakumeak ez jakitea gizonak eskopeta bat daukala, adibidez».

Are, hilketa matxistetan, hiltzailea bikotekidea edo bikotekide ohia izan ohi da maiz. Euskal Herrian, erraterako, 2003 eta 2024 bitarte eraildako emakumeen %52 bikotekideek hil dituzte, eta ia %21 bikotekide ohiek.

«Emakumea ez da gai ikusteko zer-nolako arriskuan dagoen; instituzioek bermatu behar dute emakume horren segurtasuna»

JONE GURREA IZASortzen Aholkularitza taldeko kidea

Emaztekiek salaketa jarri izana —edo ez jarri izana— izan ohi da bertze mintzagai nagusietako bat. Bada, Gurrearen irudiko, anitzetan lehenbiziko pausoa ezin da izan salaketa jartzea, eta hori ongi zehazten dute ontzen dituzten protokoloetan. «Batzuetan, indarkeria psikologikoa izango da, oso-oso sotila; zer konponduko du salaketak halakoetan? Eta emakume nagusiren bat badago tartean, zer? 85 urtez etxekoandre izan den batek etxetik alde egin behar du? Zer baliabide ekonomiko dauzka horretarako? Lagun egitea behar izaten dute askotan, eta salaketa jartzea ezin da izan arta jasotzeko baldintza bat».

Arreta integrala

Hain zuzen, ideia horri jarraitzen diote Nafarroan indarkeria matxista jasan duten emakumeak artatzeko ireki berri dituzten zerbitzuetako batean: sexu indarkerien arreta integralerako zentroan. Iazko apirilean ireki zuten, eta, ordutik urrira bitarte, 163 emakumeri ireki zieten espedientea epe ertain edo luzean jarraipena egiteko, eta 144 andreri eskaini zieten aldian aldiko laguntza. 

Nabi Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen du zerbitzua, eta Berdintasunerako Gobernantzaren zuzendariordea da Sara San Julian. Azaldu du zerbitzu horren helburuetako bat dela emaztekiei «traba administratiboak» kentzen saiatzea, hala nola salaketa bat behar ez izatea artatua izateko. «Zerbitzuan ez dago salaketa jarri duen emakume askorik. Izan ere, espedientea ireki den kasu horien %60 haur denboran jasandako indarkeriagatik izan dira, eta horiek preskribatu dute jada».

«Zerbitzuan ez dago salaketa jarri duen emakume askorik. Izan ere, espedientea ireki den kasu horien %60 haur denboran jasandako indarkeriagatik izan dira, eta horiek preskribatu dute jada»

SARA SAN JULIANNabiko Berdintasunerako Gobernantzaren zuzendariordea

Azaldu du arreta integrala eskaintzen dutela zentroan, gizarte langileak, hezitzaileak, psikologoak eta arlo juridikoko langileak baitituzte. 16 urtetik gorako emakumeak artatzen dituzte, eta sarbidea eta egitura moldatu dituzte desgaitasunen bat duten emakumeendako.

Horretaz gain, Nafarroan indarkeria matxistaren biktimak artatzeko lau gune dituzte: Tuterakoa, Tafallakoa, Lizarrakoa, eta Iruñerriko eta Nafarroa iparraldeko kasuez arduratzen dena. Hain zuzen, lurraldearen iparraldean gune jakinik ez egotea da, haren iritziz, sistemaren hutsuneetako bat: «Badirudi Baztanen eta Malerrekan ez dagoela indarkeria matxistarik, adibidez. Baina frogatuta dago zerbitzu bat irekitzea lagungarria dela sentsibilizazio handiagoa izateko eta kasuak agerrarazteko». Bestalde, emakumeei laguntzeko udal zerbitzua ere badago Iruñean. San Julianek gehitu duenez, lurralde osoarendako harrera baliabideak ere badaude.

Nafarroan baliabide anitz izanda ere, San Julianek adierazi du ezinbertzekoa zaiela langileen ratioak igotzea, baita sektore guztietako langileek formakuntza feminista izatea ere. «Erakundeak elkarren artean koordinatzen dira, baina badago zer hobetu: arlo anitzek bat egiten dugu indarkeria matxistako kasuei aurre egiteko orduan, eta, borondate ona dagoen arren, beharrezkoa da genero ikuspegia txertatzea».

«Erakundeak elkarren artean koordinatzen dira, baina badago zer hobetu: arlo anitzek bat egiten dugu indarkeria matxistako kasuei aurre egiteko orduan, eta, borondate ona dagoen arren, beharrezkoa da genero ikuspegia txertatzea»

SARA SAN JULIANNabiko Berdintasunerako Gobernantzaren zuzendariordea

Gabezia horiek guztiak prozesuan parte hartzen duten emakumeek ezagutzen dituzte hobekien, eta haien iritzia jakin nahi dute. Horretarako, aurten arreta integralerako zentroan egon diren edo dauden emakume horiek ebaluazioak egin ahalko dituzte: «Ez dute zentroa bakarrik ebaluatuko; beste zerbitzuren batek bideratuta iritsi badira, zerbitzu horiek ere ebaluatu ahalko dituzte: osasungintza eta Polizia, adibidez».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere badute zerbitzu espezializaturik: EKIM izeneko plataforman bildu dituzte baliabide guztiak, emakumeek informazio guztia antolatua eta eskuragarri izan dezaten.

Poliziaren esku

Egoera guztiz bertzelakoa da Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan, ez baitago indarkeria matxistako kasuak kudeatzen dituen erakunderik. Lola Garcia mugimendu feministako kidea da, eta, erran duenez, «dena justiziaren eta Poliziaren esku dago»: «Instituzioen arloan ez da kohesiorik, poliziengana salatzera joatea da Frantziako Estatutik heldu den instituzionalizazio bakarra, baina ez daude batere trebatuak». Baionako ospitalean biktimentzako unitate bat dagoela ere gehitu du. 

«Instituzio arloan ez da kohesiorik, poliziengana salatzera joatea da Frantziako Estatutik heldu den instituzionalizazio bakarra, baina ez daude batere trebatuak»

LOLA GARCIAIpar Euskal Herriko mugimendu feministako kidea

«Feministon eskaeretako bat da elkargoak sortu dezala indarkeria matxistari lotutako plan integral bat». Izan ere, departamenduek diruz laguntzen dituzte elkarte jakin batzuk, aterpetxeak adibidez. Eta Ipar Euskal Herrian, bederen, nahiko saretuta daude elkarren artean, Garciak erran duenez. «Baina ez baduzu nehor ezagutzen, Polizia da bide bakarra». Bide polizial eta judiziala hain gogorra izan ohi da, ordea, ezen emakume anitzek nahiago izaten baitute testigantza jendaurrean eman, salaketa ez jartzeagatik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.