Babes erakustaldia Gernikan

Mario Lopez saskibaloi entrenatzailearen kontrako salaketa ezagutarazi zenetik urtebetera, manifestazioa eginen dute etzi Gernika-Lumon, herriko sare feministak deituta. 1.300 eragile eta herritarrek baino gehiagok egin dute bat deialdiarekin.

3.000 lagunek hartu zuten parte iaz Gernikako Sare Feministak deitutako manifestazioan. ARITZ LOIOLA / FOKU
3.000 lagunek hartu zuten parte iaz Gernikako Sare Feministak deitutako manifestazioan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Guk sinisten zaitugu, eta zurekin gaude! lelopean bilduko dira etzi 18:00etan, Gernika-Lumon (Bizkaia). Mario Lopez entrenatzailearen kontrako salaketa ezagutarazi zenetik urtebetera manifestaziorako deia egin du herriko sare feministak: «Lehenengo manifestazioan leloa izan zen guk sinisten zaitugu, eta orain gehiago da zurekin gaude. Izan ere, erasoa jasan duena guk jada sinistu genuen, eta orain nahi duguna da akonpainamendu bat egin prozesu judizial horretan». Argi azaldu du mobilizazioaren helburua Arlette Apraiz Gernika-Lumoko sare feministako kideak, eta gehitu manifestaziora bertaratu ezin direnek ere beren babesa erakusteko aukera izanen dutela, atxikimendua emanez. 

Adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egiteagatik ikertzen ari dira Mario Lopez, 11 urtez Lointek Gernikako entrenatzaile izan zena. Kasua Bizkaiko Auzitegiaren esku dago, eta urtarrilean hasiko da ahozko epaiketa. Fiskaltzak hamalau urteko zigorra eskatu du Lopezendako, eta biktima bizi den herrira joateko debekua hamar urtez. Apraizek azaldu du sare feministako kideek badakitela prozesu judizialak «birbiktimizaziorako ateak irekiko dituela», eta horregatik erabaki dutela beren «ekarpena» lagun egitea eta babesa erakustea dela.

Lopezek egindako lehenbiziko erasoa 1998ko uztailean gertatu zen, biktima saskibaloi partida bat ikustera gonbidatu eta ukituak egin baitzizkion. Geroztik jarraituak izan ziren abusuak, hiru urtez. Erasoak hasi zirenean erasotzaileak 31 urte zituen, eta biktimak 13; Lopezek garai hartan entrenatzen zuen saskibaloi taldeko kidea zen biktima, Allende Salazar ikastetxean lehenbiziko, eta Lointek Gernikan gero. 2022ko ekainean Gernika-Lumoko epaitegiak jasotako salaketaren arabera, sexu abusuak jasan zituen, eta etengabeak izan ziren mehatxuak eta kontrola ere.

Kudeaketarekin kritiko

Horren berri jakitean, haserrea nagusitu zen herrian; erasoak arbuiatu ez ezik, saskibaloi taldeko zuzendaritzaren kudeaketa ere gogor kritikatu zuten herritarrek. Izan ere, hasiera-hasieratik sare feministaren eta klubaren bertsioek ez zuten bat egin: feministek adierazi zuten iazko uda hasieran izan zutela gertatutakoaren berri, eta biktima sinistea erabaki zutela. Uda hartan klubarekin zenbait bilera egin zituzten, «egoerari irtenbide bat emateko». Klubak, ordea, sareari azaldu zion zailtasunak izanen zituela maila horretako entrenatzaile bat ordezkatzeko. Azkenean, feministei helarazi zieten zuzendaritza, babesleak eta jokalariak ados zeudela Lopez entrenatzaile izatearekin, eta hori eginen zutela. Sareak, orduan, adierazi zien ez zegoela konforme erabakiarekin, eta erabaki zuen akordio bat egiteko prozesua amaitzea.

«Konplizitate eta inpunitate hori» salatzea helburu, 2023ko abenduaren 18an egin zuten kasuari lotutako lehenbiziko manifestazioa, eta 3.000 lagun baino gehiago bildu ziren. Mobilizazioa akitu eta gero oharra atera zuen klubak, eta salaketaren berri jaso izana ukatu zuen. Taldeak berretsi zuen kargutik kendu zutela Lopez, eta barkamena eskatu gaiaren kudeaketan egindako hutsengatik. Hutsegite horiek gaiaren inguruko informazio faltari egotzi zizkion.

Lagun egitea

Erasoaren berri izan zutenetik bi ildotatik lan egin dutela erran du Apraizek: «Batetik, inpunitatearen kontra, egiten direnak esan behar direlako, eta arduradunak seinalatu». Hori iaz egin zutela azaldu du, «erasotzailea eta konplizitatea salatuz».

Biktimari babesa eskaintzea da sare feministak jorratzen duen bigarren ildoa: «Guk bide judizialean ez daukagu konfiantza handirik, esperientziak erakutsi digulako gure aliatu naturalak ez direla. Orduan, epaiketari begira gure rola zein zen galdetzean, argi ikusi genuen gure rola zela erasoa jasan zuena babestea».

Apraizek azaldu du kasuak «zauri ezberdinak» zabaldu dituela, herrian eta herritik kanpo: «Nahiko berritzailea izan da hartu duen oihartzunagatik, eta Gernikatik kanpoko jendeak ere parte hartu nahi zuela ikusi genuen». Parte hartzeko nahi horretatik abiatuta, erabaki zuten atxikimendu kanpaina bat abian jartzea. Modu horretan, etzi mobilizaziora joan ezin diren horiek ere biktima babesteko aukera izanen dute. 

Oraindik atxikimenduak jasotzen jarraitzen dute, eta dagoeneko 1.270 lagun eta 33 eragile baino gehiago batu dira babes erakustaldira. Horietako seirekin bildu da BERRIA, sarearen mobilizazioarekin bat egiteko motibazioen berri emateko.

1

Allende Salazar ikastetxea: «Biktimei sinistea bada eredu bortizkeria hauek jasan ditzaketen haurrentzat»

Erasoak jasan zituenean, emakumea Allende Salazar ikastetxeko ikaslea zen. Hortaz, hari «babesa eskaintzeko» larunbateko manifestazioarekin bat egin du zentroak. Azaldu dute haurren kontrako sexu erasoen gaia «oso isildua» dela, «tabua»: «Iruditzen zaigu biktimei sinistea badela eredu bortizkeria hauek jasan ditzaketen haurrentzat». Are, ikastetxearen irudiko, garrantzitsua da sistema judizialetik harago «herriaren babesa erakustea»: «Haur eta nerabeei jakinaraztea herri gisa hemen daukatela aterpea eta babesa haurren kontrako sexu abusuen sekretua hausteko».

Eskolan haurrekin eta nerabeekin hezkuntza afektibo-sexuala lantzen dela azaldu du ikastetxeak, eta iazko udazkenean —kasua argitara atera baino lehenago— protokolo bat jarri zutela martxan. Hain zuzen, kirolean eta aisialdian haurrek jasaten duten indarkeria prebenitzeko eta detektatzeko protokoloa sortu zuen ikastetxeko guraso elkarteak. Hutsunerik ere badagoela onartu du, irakasleen formakuntzari dagokionez. Izan ere, hezkuntza arloan badago protokolo bat haurren kontrako sexu abusuei buruzkoa, eta bertan jartzen du irakasleek, urtero, formakuntza bat jaso behar dutela. «Errealitatean ez da horrela gertatzen, badaude ikastaro batzuk, baina plaza gutxirekin; ez dago formazio orokorrik».

2

Asier Musatadi, Inner musika taldeko kidea: «Herrian atxikimendu asko egon diren arren, asko dugu ikasteko»

Gernikako Inner musika taldeko kidea da Asier Musatadi, eta lau laguneko taldeak mobilizaziora atxikipena ematea erabaki du; are, taldea herriko Iparragirre Rock elkarteko kide da, eta horiek ere bat egin dute manifestazioarekin. Musatadik azaldu du herrian «tentsio puntu bat» nabari duela, gertatutakoaren berri izan ondoren badelako oraindik Lopez «errespetatzen» duenik. «Herrian atxikimendu asko egon diren arren, asko dugu ikasteko», erran du.

Inner taldeak kasuari buruzko abesti bat atera du, eta Musatadik ideia bat nabarmendu du: «Honen inguruko abesti bat egin dugu gertatu denaren aurrean posizionatu behar zelako, ez momentua aprobetxatzeagatik».

3

Pepe Godoy, sexu abusuak jasandakoa: «Bere herriarengandik babesa jasotzeak indarra emango dio epaiketari aurre egiteko»

«[Gernikako] emakumeak jasan duenaren antzeko zerbait bizi izan nuen nik ere, eta publikoki salatu nuen. Bere testigantza irakurri nuenetik ez nuen zalantzan jarri kontatzen zuena. Hortaz, hor egon behar dut bera babesten, ni beste pertsona batzuek babestu ninduten bezala». Argi azaldu du Pepe Godoyk etzi eginen den mobilizazioarekin bat egiteko arrazoia. Izan ere, entrenatzaile batek sexu abusuak egin ostean, 36 urte isilik eman zituen Godoyk; salatu zuenetik, ordea, sexu abusuen aurka egiten du lan.

Azaldu du gisa horretako prozesu judizialak oso luzeak direla, eta, gainera «asko sufritzen dela». «Uste dut bere herriarengandik babesa jasotzea eskertuko duela, eta indarra emango dio epaiketari aurre egiteko». Gehitu du Lopezen biktima gehiago egonen balira —eta bere ustez badaude—, herritarren babesa ikusteak aukera emanen diela gertatu zaiena kontatzeko. «Nik animatuko nituzke pauso hori ematera, salatu duen hori ez dadin bakarrik egon», borobildu du.

4

Naia Torrealdai, Euskal Herriko Bilgune Feminista: «Babesa erakustea inportantea da ikusteko herria bere alde dagoela»

«Kontua ez da salaketa jarri edo ez, kasua epaiketara doan edo ez, zigor bat dagoen edo ez. Horietatik harago emakume horren hitza bere horretan bada agentzia ematen diona, eta bada indarkeria hori salatzeko nahikoa». Hor kokatu du Naia Torrealdai Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak erasoa jasan zuen emakumeari babesa erakustearen garrantzia, «konplizitatea eta inpunitatea» amaitzeko ideiaren barruan.

Azaldu du bilgune feministan Nik sinisten zaitut leloa erdian egon dela, eta Gernikaren kasuan pluralean erabili dutela esaldia: Guk sinisten zaitugu. Bada, Salaberriarendako inportantea da gu hori azpimarratzea, «kolektiboaren izaera» dagoela erakusten duelako: «Babes hori erakustea inportantea da ikusteko herria bere alde dagoela, bere erreparazioan laguntzeko, memoria horretan laguntzeko».

5

Unai Olaeta, Lointek Gernika klubeko zalea: «Aldarrikatu nahi dugu gure artean ez dugula erasotzailerik nahi»

Lointek Gernika klubeko zale den Unai Olaetak bi ildotan kokatu du mobilizazioarekin bat egiteko motibazioa. Batetik, erasotzailearen inpunitatea salatzeko: «Kasu hau urten zenetik egon da jendea erasotzaileagaz posizionatu dena, eta erasotzailea Gernikatik ibili da inpunitate osoz. Manifestazio honegaz aldarrikatu nahi dugu gure artean ez dugula erasotzailerik nahi, ezta erasotzaileak babesten dituzten pertsonak ere». 

Bertzetik, biktimari babesa erakustea ere garrantzitsua zaio. Izan ere, badaki gisa horretako prozesuak «oso gogorrak» direla, erasoa jasan duten horiek berriz ere biktimizatzen dituztenak. Hortaz, une oro «bere alboan» egonen direla erakutsi nahi diote. 

6

Pello Bilbao, txirrindularia: «Umeen kirol munduan ez dugu horrelako erasorik baimendu behar»

«Hainbeste urte pasa ostean biktimak horrelako salaketa bat jartzeko energia atera baldin badu, ez da berak ezer irabazten duelako horrekin; asko kostata hartutako erabakia izango zan», adierazi du Pello Bilbao txirrindulariak. Etziko mobilizazioarekin bat egin du, sinisten duelako herritarren «erantzukizuna» dela babesa erakustea, eta epaiketara hurbildu ahala, «presio pixka bat sartzea».

Haren irudiko, salaketa jarri duen emakumeak «ausart» jokatu du, eta horrek anitz lagundu dezake erasoak jasan dituzten beste hainbat pertsonak salatzen jarraitzeko. «Umeen kirol munduan ez dugu horrelako erasorik baimendu behar», erran du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.