B2 mailako azterketa gainditzen duten euskara ikasleei dirua itzuliko diete

A1, A2 eta B1 mailetan nahikoa izango da euskaltegien bidez maila egiaztatzea. %75eko asistentzia bermatu beharko dute maila guztietan

Bingen Zupiria. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako HABEko euskaltegietan, B2 mailara arte euskara ikasten ari diren ikasleek ikastaroa doan egin ahal izango dute Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta Eudel Euskal Udalen Elkarteak lortutako akordioaren ondorioz. Diru laguntzak eskuratu ahal izateko, B2-ko ikasleek maila horretako azterketa gainditu beharko dute. A1, A2 eta B1 mailetako ikasleen kasuan, azterketa bat gainditu beharrean, nahikoa izango da euskaltegiek berek egiaztatzea maila gainditzeko moduan daudela. Maila guztietakoek %75eko asistentzia bermatu beharko dute. Aurtengo irailetik aurrera, ordea, B2 mailako ikasleentzat ere nahikoa izango da euskaltegiek berek egiaztatzea haien gaitasuna.

Aurtengo urtarriletik irailera arte A1, A2, B1 edo B2 maila gainditzen dutenek abenduan jasoko dute diru laguntza. Ia lau milioi euroko aurrekontua adostu dute instituzioek egitasmorako. Jaurlaritzak hiru milioi euroko ekarpena egingo du —2018an baino 1,2 milioi euro gehiago, Jaurlaritzaren beraren arabera—, Arabako Diputazioak 185.000 eurokoa, Bizkaikoak 480.000 eurokoa, Gipuzkoakoak 42.000 eurokoa eta Eudelek 221.000 eurokoa.

Atzo prentsaren aurrean egindako agerraldian jakinarazi zutenez, C1 eta C2 mailako ikasleei ere diru laguntzak emango dizkiete, «baina ezingo da erabateko doakotasuna bermatu». Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburuak adierazi duenez, «euskararen ezagutza sustatzen eta indartzen» jarraitu behar da. Diru laguntzen sistemari dagokionez esan du horrek «ikasleen konpromisoarekin» lotuta egon behar duela: «Euskaltegietara joatea eta ikasteko prozesuan aurrera egitea eskatuko zaie».

«Interes elektoralistak»

EH Bilduk salatu du atzo iragarritako neurriak EAJren «interes elektoralistei» soilik men egiten diela: «EAJk nahita blokeatu du euskara doan ikasteko legea eta eta orain propagandari ekin dio». Rebeka Ubera legebiltzarkideak gogoratu du 2018an euskara doan ikasteko lege proposamena egin zuela EH Bilduk, eta EAJk haren tramitazioa «nahita eta etengabe oztopatu» zuela: «EAJk ez du helburu ez euskara ez gizartea; gainetik bere interes alderdikoiak jartzen ditu beti».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.