B ereduan aritu diren ikasleei euskaraz aritzeko gaitasuna berez aitortzea txarretsi dute

Jaurlaritzak proposatu du erdia euskaraz ikasi dutenei maila aitortzea; ereduei buruz gogoeta eskatu dute eragileek

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Hasieran iragarritakotik beste urrats bat egin, eta Eusko Jaurlaritzak proposatu du B ereduko ikasleak ere salbuestea euskara gaitasuna aitortzen duten ziurtagiriak lortu behar izatetik. Aurreproiektua egin du dekretua idazteko, eta han ageri da eskaintza: ikasketen erdiak euskaraz egin dituztenek ez dute hizkuntza horretako maila egiaztatu beharrik izango lan eskaintza publikoetan. Zer ikasi duten, maila handiagoa edo txikiagoa aitortuko diete. D ereduko ikasleei nahi zieten ezarri hasieran neurria, eta zalaparta handia eragin zuten; azkenean, B eredukoei ere ezarriko diete. Planak izango duen eraginaz landa, benetako eztabaida azaleratu behar dela esan dute eragileek: ereduen sistemari buruzkoa.

Dekreturako aurreproiektuak, finean, parekatu egin ditu B eta D ereduak, baldintza bakarra jarri baitu tituluak lortu beharretik salbuesteko: egindako ikasketetan, euskaraz egin izana erdia. Hala, oinarrizko ikastaldia amaitzean, DBHko titulua eskuratzean, B1 maila aitortuko diete estudianteei, baldin eta DBHko lau urteetan Euskara irakasgaia gainditu badute. LH Lanbide Heziketa erdi mailakoa egiten dutenei ere aitortuko diete maila hori.

Ereduen sistema baliogabea dela frogatzen du B1 mailaren ziurtagiria emateak, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren iritzian: «Ereduen sisteman dago iruzurra. Derrigorrezko hezkuntza amaitzean, gutxienez B2 maila beharko lukete izan ikasleek». Nabarmendu du egungo sistemak ez duela bermatzen legeak dioena: ikasleek euskara eta gaztelania behintzat menperatzea.

Batxilergoa edo Goi Mailako Lanbide Heziketa pasatzen duten ikasleei aitortuko diete B2 hizkuntz mailaren parekoa —baliokide dira administrazioko bigarren hizkuntz eskakizuna eta hezkuntzako lehena—. Maila hori eskatzen diete, adibidez, Osakidetzako medikuei eta irakasle gutxi batzuei —azken lan eskaintzan, kasu, HH eta LHko 42 postutan—.

Neurria kezkaz hartu du OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak. Esate baterako, gerta baitaiteke Batxilergoa B ereduan egin —erdia euskaraz—, eta Medikuntza gaztelaniaz egin duenak bigarren eskakizuna lortzea. «Karrera gaztelaniaz eginda zail da gaixoari arreta egokia ematea eta zailagoa euskaraz lan egitea», dio Karlos Ibargurenek. B ereduan aritutakoen gaitasunaz zalantza du OEEko kideak. «Ez du ziurtatzen gaixoei euskaraz kasu egiteko gaitasuna izango dutela».

Unibertsitatean, EGAren pare

Unibertsitateko ikasketekin parekatuko dituzte C1 eta C2 mailak, gorenak. C1 maila aitortuko diete karrera euskaraz egiten dutenei edo zati bat euskaraz egin eta euskara klase batzuk hartu dituztenei. Maila horren pareko dira administrazioko hirugarren eskakizuna, hezkuntzako bigarrena —irakasle gehienena— eta EGA. C2 maila, berriz, Euskal Filologia edo Itzulpengintza ikasi dutenei eta doktore tesia euskaraz egiten dutenei emango diete.

Hezkuntza Sailaren asmoa txartzat jo du Sortzen Ikasbatuaz-eko kide Aitziber Martinez de Lagosek. «Ikerketak badaude, eta diote ereduek ez dutela euskalduntzen. Euskarari kalte egiteko trikimailuak dira hauek». Neurri horrekin, irakasle ikasten ari diren gehienek ez dute egiaztatu beharko hizkuntz eskakizuna, eta ezingo dute Euskara irakatsi. Bilbaok dio «tituluekin mozorrotu» nahi dutela ereduen porrota, eta eztabaida «desbideratzea» egotzi dio Jaurlaritzari.

Dekretua idazteko prozedura martxan da Hezkuntza Sailean. Jendaurrean jarriko dute, ekarpenak jasotzeko, eta asmoa dute datorren irailean bertan, 2011-12ko ikasturtean, jartzea abian. Nolanahi ere, eragina lehenagokoa izango du. 2008ko apirilaren 16a baino lehen ikasketak amaitu zituztenek izango dute eskubide balioztatzea eskatzeko. Gainera, irailetik aurrera, ikastetxeek ikasleen historian gorde beharko dute euskaraz emandako orduen kopurua, hartara gero kalkuluak egin ahal izan ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.