Joan den otsailean BERRIAri emandako elkarrizketa batean, Pili Zabalak iragarri zuen plataforma berri bat sortu zutela «GAL ikertzeko» eta talde horren atzean nortzuk zeuden jakiteko, auziari buruz prentsan agerturiko informazio berrien karietara. B-Egiaz da plataforma berri horren izena, ehun bat lagunek osatzen dute, eta datorren ostiralean agerraldia egingo dute Madrilen.
Plataformaren lehenengo ekinbideetako bat izan zen Gipuzkoako Auzitegiko fiskaltzari eskaera bat egitea, agerturiko informazio berrien argitara –adibidez, Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohia GALekin lotzen zutenak– diligentziak ireki zitzan, GAL taldea nork antolatu zuen ikertzeko, orain arte auzipetuak izan ez diren zenbait pertsonak horretan esku hartzea izan zutelakoan. Gipuzkoako fiskalburu Juan Kalparsorok Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzari igorri zion eskaera. Ostiraleko agerraldian, B-Egiaz plataformakoek jakinaraziko dute zein izan den fiskaltzaren erantzuna.
Edonola ere, B-Egiaz plataformak iragarri du «ekinbide berriak» abian jarriko dituztela, «behingoz estatu krimen hauen inguruan egia osoa eta sustatzaileak nortzuk izan ziren jakite aldera».
Agerraldian, Pili Zabalarekin batera, parte hartuko dute Maria Jauregi ETAk hildako Juan Maria Jauregiren alabak, Juan Diego Botto aktoreak eta Maria de Olmo historialariak.