Osasunaren Mundu Erakundeak gida berri bat plazaratu du, azukrearen ordez erabiltzen diren edulkoratzaileak pisua kontrolatzeko ahaleginetan ez erabiltzeko aholkatzeko.
Gaiaren inguruko ikerketak aztertu ditu erakundeak, eta, dauden datuen arabera, ikusi du sakarinak, estebiak eta antzeko produktuek ez dutela laguntzen gorputzeko gantza gutxitzen luzera begira, ez helduetan, ezta haurretan ere. Horrez gain, OMEk ohartarazi du litekeena dela ordezko horiek, luzera, hainbat gaitz pairatzeko arriskua handitzea; besteak beste, 2 motako diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak eta hilkortasuna helduetan.
«Jendeak beste bide batzuk bilatu beharko ditu azukre askeak gutxitzeko; esaterako, berez azukreak dituzten produktuak hartzea, hala nola fruta», esan du OMEko Francesco Brancak. Nutrizioaren eta Elikagai Segurtasunaren Alorreko burua da Branca. Edulkoratzaile horiek «ez dira dietaren osagarriak, eta ez dute elikatzeko baliorik. Jendeak dietaren gozotasuna murriztu beharko luke erabat, gazte hasita, osasuna hobetzeko».
Badira salbuespenak, ordea: aurretik diabetesa dutenak.
Zerrenda eratu du OMEk: azesulfamoak, aspartamoa, adbantamoa, ziklamatoak, neotamoa, sakarina, sukralosa, estebia eta eratorriak. Denak dira azukre gisa sailkaturik ez dauden gaiak, naturalak zein sintetikoak.
Erakundeak gaineratu du aholkua ez dela kontuan hartu behar produktuok botiketan, hortzetako oreetan edo ukenduetan erabiltzen direnean.
Zerrenda horretatik at utzi dituzte poliolak edo azukre alkoholak (sorbitola, manitola, xilatola), horiek azukreak baitira. Dena den, horrek ez du esan nahi horiek onak direnik, baizik eta ez direla sartzen aztertu den kategorian.
Pisua galtzeko gomendatu izan ohi dira OMEk orain txarretsitako produktu horiek, azukrea ordezkatzeko. Horietako batzuk azukrea baino askoz gozoagoak direnez, askoz kantitate txikiagoan erabil daitezke. Horietako beste batzuek ez dute kaloriarik, edo oso gutxi dituzte. Pisu arazoak kontrolatzeko ahaleginekin lotzeaz gain, ahoaren osasunerako ere gomendatu izan dituzte, ez baitute txantxarrik sortzen.
Aspartamoa ohiko susmagarria da. 2006. urtean horren inguruko ikerketa handi bat egin zuten AEBetan, minbiziarekin lotuta egotea egotzi baitzioten 1996ko txosten batean. Milioi erdi pertsona ikertu zituzten, baina ez zuten loturarik aurkitu. Halere, frogatu zuten arriskutsua dela fenilkenoturia gaitz genetikoa dutenentzat.
Hego Amerikako landare baten hostoetatik ateratzen dute estebia. Azukrea baino 150 aldiz gozoagoa da, baina ez du kaloriarik edo karbohidratorik. Azken urteotan asko eztabaidatu da horren eraginez, badakitelako besteak beste odol tentsioa jaits dezakeela. Europako Batasunak 2011n eman zion oniritzia estebiari. 2008 eta 2012 bitartean, munduan %400 handitu zen estebia erabiltzen zuten produktuen kopurua.