Koronabirusa

Azterketetan, buruko minez

Ikasturte amaierarekin, azterketak aurrez aurre dituzte unibertsitateko ikasleek. Ikasteko orduan eta azterketak egiterakoan izan dituzten zailtasunez eta aldaketez aritu dira.

Ikasleak azterketetarako ikasten, EHUren Donostiako campusean, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun

Liburutegietan ikasi ezina, azterketetan denbora gutxiago izatea, kamera piztuta eduki beharra... Azterketa garaian daude unibertsitateetako ikasleak, eta, aurten, zailtasun eta aldaketa askorekin. Gaur du azken azterketa Beñat Urruzola (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1997) EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntzako ikasleak, eta beste bi eginak ditu. Azaldu duenez, maiatzaren erdialderako hasten dira azterketetan, baina apiril amaierara arte ez zuten jakin nola egingo zituzten. «Denbora aurrera joan ahala, ikusten genuen egoera hau luzatzen ari zela, eta sentitu dugu denbora asko eman dutela guri irtenbideak ematen edo erabakiak hartzen». Gainera, irakasleak medikuak ere badira. «Osasun krisi honen erdian, inoiz baino lan gehiago eduki dute, eta, irakasgai bat-edo kenduta, ez dugu klase bat ere eduki online».

Azterketetan ere aldaketa nabarmenak izan dituzte. Orain arteko bi azterketak EHUren Egela plataformaren bidez egin dituzte. Test erakoak izan dira: lehenengoan, 90 minutu eman dizkiete 80 galdera erantzuteko, eta bigarrenean, 70 minutu 60 galderarentzat.

Saioa Arrasate (Atxondo, Bizkaia, 2000) Zuzenbideko ikaslea da, eta apunte artean dabil azken asteetan. Azterketak egiteko denbora gehiago izatea gustatuko litzaioke. «Bat izan zen 30 test galdera 35 minutuan egitea; bestea, hamalau-hamabost test galdera eta garatzeko hiru ordubetean...». Ez dute izan errepasatzeko aukerarik, behin galdera erantzunda ezin baitzuten atzera egin. «Azterketa oso arin egiten hasten zara, bukatzeko denbora edukitzeko. Gero, agian, denbora daukazu errepasatzeko edo zalantzaren bat eduki baduzu begiratzeko, eta ezin zara joan atzera».

Antzeko egoera bizi izan du Joanes Illarregi (Leitza, Nafarroa, 1999) Irakasletza ikasleak. 45 minutu izan dituzte 40 test galdera egiteko, baina denbora horretan artxibo bat deskargatu behar zuten Egelatik, testa bete, gorde, eta berriz dokumentua igo. «Teknologia aldetik ere, batzuei bidalketa ez badie egiten, geroago entregatzen da, eta horregatik nota jaisten da. Horrelako kasu batzuk ere egon dira».

Bestelakoa da Intza Berastegik (Donibane Lohizune, Lapurdi, 2000) bizi izandakoa. Euskal Ikasketak egiten ari da Baionako fakultatean, eta, hasieran «pixka bat zaila» izan arren, ohitura hartu dutela dio. Sei-zazpi azterketa egin dituzte, eta ziurtatu du irakasleek kontuan hartu dituztela izan ditzaketen zailtasunak: «Biziki ulertzen gaituzte. Toki batzuetan, konexioa ez da ona, eta denbora pixka bat gehiago —15 minutu— genuen partzialak egiteko».

Denbora ez ezik, probak egiteko modua ere aldatu dela azaldu dute ikasleek. Illarregiren hitzetan, haien kasuan «nahiko malguak» izan dira, eta ez dute kamera piztu edo pantaila ikusgai jarri beharrik izan. Arrasatek, berriz, kamera ipini behar izan zuen azterketa baterako. Desberdina da Urruzolaren kasua: «Orain arte, bi azterketa egin ditut, eta horietan hartu diren segurtasun neurriak ez dira beste karrera batzuetan entzun ditugunak izan». Egela plataforman egin dituzte azterketak, identifikatzeko gakoak jarrita. «Interneteko IP kontuak kontrolatzen ditu, ikusteko, adibidez, bi pertsona ez direla ari wifi berarekin azterketa egiten». Gainera, behin eskatu zieten sakelako telefonoa itzalita edukitzeko. «Deitu eta piztuta egon izan balitz, ez genukeen azterketa gaindituko».

Etxetik ikasteko arazoak

Etsaminen aurretik, beste arazo batzuk izan dituzte. Apunte falta da horietako bat. Izan ere, Urruzolak azaldu du beste modu batera moldatu behar izan dutela paperak inprimatzeko: «Herriko kopia dendak itxita zeuden, eta Iruñean lortu dugu etxera bidaltzeko aukera zeukan bat». Arrasatek Interneten bitartez eskatu zituen, baina ezagutzen ditu arazoak izan dituztenak. «'Ikasi ordenagailutik', esaten zieten, baina niri ezinezkoa egiten zait».

Liburutegiak itxita egoteak ere baldintzatu die ikasteko modua. «Niri ez zait batere gustatzen egoera normalean ere etxean ikastea: Kosta egiten zait kontzentratzea, eta konfinamenduan oraindik eta zailagoa egin zait», nabarmendu du Illarregik. Urruzolari ere zailagoa egin zaio ikasteko behar den jarraitutasunari eustea, konfinamenduak eragindako presio psikologikoaren ondorioz.

Eta, nola ez, hor daude behin baino gehiagotan aipatutako arazo teknologikoak ere. Arrasateri, adibidez, beldurra ematen dio etsaminen batean wifirik gabe geratzeak. «Etxe barruan ezin dut egin azterketa, wifia oso astiro doalako. Azterketa egin baino lehenago, dena kanpora atera behar izaten dut». Arazoak izanez gero, beste aukera bat edukiko luke: ahoz egitea azterketa. «Esaten dute deitzeko irakasleari, eta beste momentu batean egingo dizutela edo momentu berean ahozko azterketa egingo dizutela. Ahozko azterketa edo idatzikoa egiteak ez dauka zerikusirik».

Datorren ikasturtera begira, oraindik ez dago ziurtasun handirik, baina ikasleek gauza bat behintzat eskatu dute: planifikazioa. Illarregik eman du arrazoia: «Ideia bat eginda edukitzeko zer datorkigun, eta arian-arian asmatzen ez joateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.