Eskola sartzea egin zuten iragan astean Ipar Euskal Herriko ikasleek, eta, gisa berean ikasturtea hasi dute Seaskako ikasleek. Hain zuzen, ikasturteko erronkak aipatzeko agerraldia egin dute goizean, Ziburuko Kaskarotenea ikastola berrian (Lapurdi). Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak murgiltze ereduaren kontrako neurriak izan ditu gogoan. «Murgiltzearen kontrako hodeitzarrak momentuz urrundu baditugu ere, azterketen arloan [Frantziako] Gobernuaren azken agintaldian gibelatze onartezinak gertatu dira», gaitzetsi du. Aurtengo, beraz, azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea lortzeko lanean segituko dutela argi utzi du. Hasteko, irailaren 14an Ipar Euskal Herriko hautetsiek Frantziako Pap Ndiaye Hezkuntza ministroaren kabinetearekin bilkura izanen dute, Parisen. Hitzordu garrantzitsua izanen da, ikasturteko «giroa» baldintzatuko baitu Jorajuriaren arabera.
Izan ere, irailaren 14an, azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea defendatuko dute hautetsiek eta EEPko ordezkariek, Frantziako Gobernuko ordezkarien aitzinean. «Paristik entzun ditugun ahozko deklarazioek eta idatziz ukan ditugun gutunek ez dute tonu bera. Bilkura horretan ikusi beharko da zein tonu hartzen duten gure parean. Ahozkoan baliatu duten tonuak irabazten badu, mahai baten inguruan lan egiten ahalko dugu. Idatzizko tonuak irabazten badu, aldiz, indar harremana atxiki beharko dugu», adierazi du Jorajuriak.
Erraterako, udan, Paristik eta Bordeletik bi gutun errezibitu ditu Seaskak, eta seinale txartzat jo dituzte biak. Lehenik, Paristik, Frantziako Hezkuntza ministeritzatik ukan dute gutuna; baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea ukatzen diete ikasleei bertan. «Azken hilabeteetan Ipar Euskal Herrian deus gertatu ez balitz bezala erantzun digu administrazioak, baxoa euskaraz debekatuz», gaitzetsi du.
Bestalde, Bordeleko Akademia Ikuskariak, agorrilean, kolegioei zuzendutako zirkular bat helarazi die —lehen aldia da Seaskak gisa horretako dokumentu bat eskuratzen duela—. Bertan, irakaskuntza elebiduna gehienez ere ordutegiaren %50era mugatu behar dela dio Anne Bisagni-Faure errektoreak. «Ez dakigu zein planetatan bizi den andere hau, baina berriz ere murgiltze eredurik ez balitz bezala jokatzen du, iazko abenduan atera zen zirkularra kontuan hartu gabe». Halere, argi utzi dute Seaskakoek: «Argi dugu gure irakaskuntza eredua zein den. Horrelako jokabideek oldartzen gaituzte, baina ez ditugu gure praktikak aldatuko».
Hitzarmena zalantzan
Lau urtero, EEPk, Seaskak eta Frantziako Hezkuntza ministerioak hitzarmen bat izenpetzen dute, baldintzak finkatzeko. Azkena, aurtengo ekainean bururatu zen, eta, beraz, negoziaketak berriz hastekoak dituzte. Jorajuriak, haatik, argi utzi du hitzarmena zalantzan dela, eta irailaren 14ko bilkurak baldintzatuko duela beren jarrera.
«Azterketak euskaraz pasatzearen gaia ez bada konpondua, ez dugu izenpetzen ahalko. Hitzarmen hori negoziaketa bat da, erakunde publiko guziekin eramaten dena. 2019an, azterketena finkatua zen, baina Parisek hitza jan du. Aurten, beraz, bilkuraren beha egonen gara. Aitzinamenduak badira, berriro hautsi-mautsiak egiteko prest gara», erran du Jorajuriak.