Seaskako ikasleek protesta egin dute, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Bernat Etxepare lizeotik abiatu eta manifestazioa egin dute hirurehun bat ikaslek Baionako karriketan zehar, suprefeturara iritsi arte. Han, ekitaldia eta ekintza egin dituzte: komuneko papera bota dute Frantziako Estatuaren ordezkaritzako hesi gainera, ikasle euskaldunen oinarrizko eskubidearen urratzea salatzeko. Etxepare lizeoko ikasleek Euskal Herri osoko ikasleei egin diete mobilizaziorako deia, eta Hego Euskal Herriko hainbat lekutan ere espero dira protestak egunean zehar.
Komuneko paperez estali dute Suprefetura @berriapic.twitter.com/LVBfY0yOVp
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) May 17, 2024
«Baxoa hurbiltzen ari da, eta aurten ere gertatuko da: frantsesez egitera behartuko gaituzte. Noiz arte onartuko dugu mespretxu hau gure hizkuntzarekiko?», galdetu du haserre Martxel Fuchs ikasleak, Bernat Etxepare lizeoko ikasle asanblearen izenean irakurri duen adirazpenean. «Urteak dira Seaska sortu zela, urteak dira baxoa bitarteko ikasketak euskaraz egiten ahal ditugula; baina, oraindik, frantsesezko baxora behartzen gaituzte. Urteak dira gure eskubide handiena urratzen digutela. Euskaraz ikasten dugu, azterketak euskaraz egitea eskubide bat da», egin du aldarri.
Fuchsek oroitarazi du orain dela urte batzuk desobedientzia ekintza egin zutela hainbat ikaslek, eta baxoko filosofia azterketa euskaraz erantzun zutela. Ikasle horietako baten lana zuzendua izan zen. «Hor frogatu zen: posible da. Eta lortu arte borrokatzen jarraituko dugu. 'Aski da' errateko tenorea da». Mintzaldia bukatu bezain laster, komuneko papera eskuetan hartu eta suprefetura gainera botatzen hasi dira ikasleak, azterketak euskaraz oihuen artean.
Musikaz jantzi dute aldarrikapena beste behin Seaskako ikasleek. Kontzertua eskaini dute suprefetura aitzinean, errepidea bi aldeetatik moztuta. Hainbat ikaslek bertsotan ere zabaldu dute aldarrikapena.
Lehen ez ditut eman, baina bertsotan ere aritu dira ikasleak. Hemen horietako bi ale @berriapic.twitter.com/Nwyi7iP1K6
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) May 17, 2024
Baionan ez ezik, Euskal Herri osoko beste zenbait herritan ere antolatu dituzte protestak. AEK-k, esaterako, Bilbotik helarazi die babesa Seaskako ikasleei. «Azterketak Euskaraz! Euskaraz ikasi eta bizi nahi dugulako, hizkuntza eskubideen aldarri ozena egingo dugu», nabarmendu zuen Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak sare sozialetan.
Ikastetxeetatik ere jaso dituzte babes mezuak: protestak egin dituzte, esaterako, Laudio ikastolan eta Kurutziaga ikastolan.
#𝗔𝘇𝘁𝗲𝗿𝗸𝗲𝘁𝗮𝗸Euskaraz
— Laudio Ikastola (@LaudioIkastola) May 17, 2024
Baxoa frantsesez egitera behartu nahi dituzte Ipar Euskal Herriko ikasleak: Baionako Etxepare Lizeoko ikasleek mobilizazio orokorra deitu dute gaurko, maiatzak 17.
Laudio Ikastolako langileok deialdiarekin bat egin dugu!#GuIkastola#EuskarazBizipic.twitter.com/R1y9wbT5zX
Parisen erantzunik ez
Gorabehera anitz izan ditu azterketen gaiak azken hilabeteetan. Iazko udazkenean Frantziako Hezkuntza Ministerioak kontrakoa iragarri bazuen ere, brebetako azterketak osorik euskaraz egiteko aukera izanen dute aurten kolegioetako ikasleek. Baina baxoan ez da aitzinamendurik oraingoz. Apirilean bilkura izan zuten EEPko ordezkariek eta Ipar Euskal Herriko ordezkariek Parisen, baina bukatu aitzin altxa eta ateratzea erabaki zuten, ministerioko ordezkariek entzungor egin ziela kontsideratuta. Berehalako erantzun bat eskatu zioten Nicole Belloubet Frantziako Hezkuntza ministroari. Gaur-gaurkoz, ez dute iragarri ezer eskuratu dutenik.