Seaskako ikasleek urteak daramatzate borrokan azterketak euskaraz egiteko eskubidea errespetatu dadin. Ekinaren ekinez, aurten lortu dute brebeta euskaraz pasatu ahal izatea; baxoko azterketak, aldiz, frantsesez egin beharko dituzte berriro ere. Hori dela eta, Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle asanbladak «mobilizazio orokorrera» deitu du ostiralerako. «Baxoa hurbiltzen ari da, eta aurten ere gertatuko da», salatu dute: etsamina frantsesez egitera «behartuko» dituzte. «Noiz arte onartuko dugu mespretxu hau gure hizkuntzarekiko?».
Sare sozialetan eman dute deialdiaren berri. Ikastola, ikastetxe, elkarte, herri mugimendu eta euskaltzale orori eskatu diete protestak antolatzeko: manifestazioak edo elkarretaratzeak egin, banderolak eta afixak jarri, kalejira bat egin, irrintziak bota, zarata atera, argazkiak egin... Euskal Herri osorako izango da deialdia: «Gure txikitasunetik ezinezkoa zaigu Euskal Herriko bazter guzietara heltzea, baina bazter guzietan badira euskaldunak gure zauria bere egin dutenak, Korrikan erakutsi ziguten bezala».
Ikasleen irudiko, «aski da»esateko garaia da: «Erakutsi behar diegu herri bat dutela aitzinean, herri bat bere hizkuntza babesten».