Azterketak euskaraz egitea aldarrikatu du Seaskak EEPren egoitzan

«Azterketak euskaraz» oihu artean protesta egin dute, EEPren biltzar nagusiaren atarian. Larraineko eskola publikoko gurasoek murgiltze eredua ezartzeko baimena eman diezaietela eskatu dute

Seaskako kideen protesta EEPren egoitzan, atzo arratsaldean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde, Seaskako ikasle eta irakasleak Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) bulegoetara sartu ziren atzo arratsaldean. EEPren biltzar nagusia egitekoa zuten, eta Bordeleko errektorea etortzekoa zen Euskal Herrira. Harekin zuzenean mintzatzea lortu nahi zuten ikastoletako ordezkariek, brebeta eta baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea onar diezaien. Azkenean, errektorea ez zen agertu, baina François Xavier Pestel akademia ikuskariarekin mintzatzea lortu zuten Seaskako ordezkariek.

Celine Tourreuil Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko zuzendariak eman zituen azalpenak akademia ikuskariarekin ukan zuten elkarrizketaz. Adierazi zuenez, ikuskariari erran diote arazoa berehala konpondu behar dela, baxoko eta brebetako azterketak laster egingo direlako, maiatzean eta ekainean, hurrenenez hurren. Ikuskariak erantzun zien «arazo logistikoak» dituztela azterketen zuzentzaileak lortzeko. Seaskako ordezkariek hori hala dela gezurtatu dute, eurek badituztelako irakasleak prest azterketak zuzentzeko. «Erantzun finko bat eskatu diogu bakantzen aitzinean».

Anartean, Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria Parisen zegoen, hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntzan ari diren itunpeko eskolen Eskolim sarearen izenean. Jean Castex Frantziako lehen ministroarekin bilkura zuten, hizkuntza gutxituen irakaskuntza aipatzeko.

Urtebete esperoan

Seaskakoek barnean protesta egiten zuten bitartean, kanpoan Larraineko (Zuberoa) eskola publikoko gurasoek protesta egin zuten. EEPren aitzinean ikasgelako mahai eta kadirak ezarri, eta haien eskola irudikatu zuten. Orain dela urte bat eskatu zuten murgiltze eredua ezartzeko, eta, bat izan ezik, guraso guziak alde diren arren, oraindik ez dute erantzunik izan. Salatu dute urtebete galdu dutela euskara ikasi gabe, murgiltzea eskatu zutenetik. «Ez dugu konprenitzen nolaz Larraineko eskolak ez du baimenik». Baina akademia ikuskariak haiekin mintzatzeari uko egin dio, Frantziako presidentetza hauteskundeen garaia izanik, isilik egoteko betebeharra duela argudiatuta.

«Ez dut ulertzen», erran du Maitesa Akozeberri Larraineko gurasoak. «Baduzu lege bat, baina ez duzu aplikatu nahi». Borrokan jarraituko dutela gaineratu du. «Ez dizugu utziko akitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.