Osakidetzako oposizioetan atzemandako irregulartasunen ondoriozko iskanbila puzten ari da egun batetik bestera. Herenegun, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak lau espezialitatetan espedientea ireki eta hautaketa prozesuak eten ostean, atzo iragarri zuen lan eskaintza publikoko (LEP) 86 kategorietako proba guztiak aztertuko dituztela. Oposizioetako jarraipen batzordeak jakinarazi zuenez, kanpoko eragile batek analisi estatistiko eta psikometrikoak egingo ditu azterketetan: bai orain arte egindako 67 etsaminetan, baita egin gabeko beste hemeretzietan ere. Halere, batzordeak oposizioei eustea erabaki du.
Era berean, Manuel Lezertua EAEko arartekoak ofiziozko ikerketa bat abiatu du, Osakidetzak eta HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak egoki jokatu ote duten aztertzeko. Auzia zertan den jakiteko, Lezertua Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin bildu zen herenegun, Arartekoak ohar bidez jakinarazi duenez: Darponek «zehatz» azaldu zion azterketak nola antolatu eta gauzatu diren, eta zer segurtasun neurri hartu dituzten.
Dena den, ez da Osakidetzako oposizioen inguruko zalantza Arartekoarengana heltzen den lehen aldia: hango iturriek asteon BERRIAri azaldu diotenez, beste urte batzuetan ere egin izan dituzte kexuak, baina, anonimoak zirenez, artxibatu egin zituzten; aurten ere jaso dituzte bi kexu, baina horiek ere bertan behera geratu dira, azterketak artean egin gabe zeudelako.
Filtrazio zantzuak
Aurtengo lan eskaintza inoizko handiena izan da: 3.335 postu eskaini dira, eta 93.000 lagunek eman dute izena. Alta, medikuek, sindikatuek eta alderdiek irregulartasunak salatu dituzte. Joan den ostiralean hasi ziren zabaltzen filtrazio susmoak. Jose Maria Egaña Donostiako ospitaleko zerbitzuburuak Mujikari igorritako gutun batek piztu zuen txinparta, bere espezialitateko azterketaren edukia filtratu egin zela salatu baitzuen: proba egin zuten 31 pertsonetatik bostek baino ez zuten gainditu, eta besteek baino dozenaka puntu gehiago zituzten.
Aste honetan, berriz, bestelako zantzuak hedatu dira: ESK-k eta Elkarrekin Podemosek notario aurrean sinatutako agirietan erakutsi dute langile batzuek probak egin aurretik asmatu egin zutela espezialitate batzuetako postuak norentzat izango ziren; SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak ere filtrazio zantzuak atzeman ditu hamabi azterketatan, txosten batean azaldu duenez. BERRIAk osagileen artean lortutako testigantzetan ere ideia bera ageri da: «Jakina da arduradunek erabakitzen dutela postua nori eman; praktika orokortua da».
Jaurlaritzak eta Osakidetzak frogak eskatu zituzten gaiari buruz egindako lehen prentsaurrekoan, baina jarrera aldatu dute aste honetan. Osakidetzak eten egin ditu lau espezialitaterekin lotutako prozesuak: Anestesiologia, Kardiologia eta Angiologia, Kirurgia Baskularra eta Kirurgia Plastikoa. Mujikak ez du baztertu espezialitate gehiagotan ere espedienteak irekitzea. Oztopoak oztopo, oposizioetako jarraipen batzordeak azterketen egutegiari eustea eta etsaminak egiten jarraitzea erabaki zuen atzo. Hala, «lasaitasun mezu bat» igorri nahi izan zien probak egiteko zain daudenei: azterketak egin ahal izango dituzte.
Osakidetzak eta lan deialdia sinatu zuten sindikatuek osatzen dute batzorde hori: SATSE, UGT eta SME. Osakidetzari eskatu diote irregulartasun posibleak sakon ikertzeko, ardurak exijitzeko eta neurriak hartzeko etorkizuneko oposizioei begira. ELA, LAB eta ESK sindikatuak, ordea, ez daude pozik batzordeak hartutako erabakiarekin: «motz» geratzea egotzi diote, eta susmopean dauden beste zortzi espezialitateetako probak ere etetea galdegin dute. LABek Arabako Fiskaltzara joko duela adierazi du, kategoria guztietako frogak iker daitezen. ELAk ere iragarria du auzitegietara joko duela; gogor mintzatu da berriro auziaz, eta nabarmendu du ez dela gertakari «isolatu» bat: «Agerian utzi du sistema usteldu bat, zerbitzu buruek zuzentzen dutena». CCOOk adierazi du ardura politikoak eskatzeko asmoa duela filtrazioak egon direla egiaztatzen bada.
Darpon, legebiltzarrera
Antzera mintzatu dira EH Bildu eta Elkarrekin Podemos: susmopean dauden hamabi probak bertan behera uzteko eskatu dute. PPk ere jarrera kritikoa azaldu du. Hain zuzen, Darponek hiru alderdi horien galderei erantzun beharko die gaur, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan.
Azterketa guztiak ikertuko ditu Osakidetzak, baina ez ditu etengo
EAEko ararteko Manuel Lezertuak ofiziozko ikerketa bat abiatuko du, Jon Darpon Osasun sailburuarekin bildu ostean. Osakidetzak lau espezialitatetako prozesuak eten ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu