Gehien kontsumitzen duenak energia aztarna handiagoa du, eta, beraz, karbono gehiago isurtzen du. Nahiko logika orokortua da hori, tartean kontuan hartu beharreko aldagaiak badaude ere —energia berriztagarrien indartzea, eraginkortasuna handitzeko teknologiak...—. Ondorio sinple hori xeheago aztertu dute EHUko hiru ikerlarik, iaz amaitu zuten ikerketa batean, eta zenbakitan islatu dute Hego Euskal Herriko aberatsenek eta pobreenek sortzen duten aztarnaren arteko aldea: Nafarroan, biztanle dirudunenen energia aztarna txiroenena baino %134 handiagoa da, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, alde hori %79koa da, batez beste.
Erlantz Lizundia, Estitxu Villamor eta Ortzi Akizu-Gardokik egin dute ikerketa: Quantifying energy footprint inequalities across different socio-economic segments in Spain (Espainiako segmentu sozioekonomikoen arteko energia aztarna desparekoak kuantifikatuz). Lanean, bi lerro nagusi jorratu dituzte, baina biek dute tesi komun bat: energia aztarnaren eta aberastasunaren arteko korrelazioa. Eskualdeen arteko ezberdintasunak lantzeaz gain, bakoitzaren barruan aberastasun maila ezberdinetako familien artean dauden aldeak ere zenbakitan jarri dituzte.
42,6 MWhNafarren urteko energia kontsumoa, batez beste. Espainiako autonomia erkidegoen artean, Hego Euskal Herrikoek sortzen dute aztarna handiena. Nafarroan, herritar bakoitzak urtean 42,6 MWh kontsumitzen ditu batez beste energian, zuzeneko eta zeharkako kontsumoak kontuan hartuta. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, 41,8 MWh-koa da datua, batez beste.
Villamorrek azaldu du maila sozioekonomikoaren, kontsumoaren eta energia aztarnaren arteko lotura intuitiboa, oro har, egiazkoa dela: «Lortu dugun emaitza ez da harritzekoa, baina jarri dizkiogu zenbakiak». Haren esanetan, gastu handienak dituztenek dute aztarna energetiko handiena, baina argitu du gerta zitekeela hala ez izatea. Besteak beste, sektore industrial batzuk intentsiboagoak direlako energia kontsumoan beste batzuk baino; «baina, oro har, gastu ekonomikoa zenbat eta handiagoa izan, aztarna energetikoa ere orduan eta handiagoa da».
Dirudunenak kutsatzaileen
Hiru kategoriatan banandu dituzte aztertu dituzten bizikidetza unitateak, etxeko helduek hilabetean jasotzen duten batez besteko errentaren arabera: 1.000 eurotik beherakoak, 1.000 eta 2.500 euro artekoak, eta hortik gorakoak. EAEri dagokionez, familia dirudunenen aztarna energetikoa batez bestekoa baino %46 handiagoa da, eta Nafarroan are handiagoa da aldea: %95 gehiago kutsatzen dute. Sarrena handienak eta txikienak dituztenak alderatuta, diferentzia are handiagoa da: %134koa da Nafarroan, eta %46koa, batez beste, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Migratzaileen etxeek duten aztarna ere alderatu dute gainontzekoekin, eta ondorioztatu dute askoz txikiagoa dela horiena, batez ere, Villamorrek azaltzen duen moduan, askok ez dutelako ia bizirik irauteko adinako diru sarrerarik ere. Hego Euskal Herrian, aldeak oso nabariak dira. EAEn, kanpotarren familien etxeetan, urtean batez beste ia 29 megawatt/ordu (MWh) da aztarna energetikoa pertsonako; euskal herritarren etxeetan, berriz, 42,66koa. Nafarroan, aldea are handiagoa da, bertakoen aztarna migratzaileena halako bi baita: urteko 44,55 MWh-koa bertakoen artean, eta 21,26 MWh-koa migratzaileen artean.
Aberastasun mailaren eta kutsatze erantzukizunaren arteko lotura irudikatze aldera, ikerketako emaitzak erabiltzeaz gain, Villamorrek literatura zientifikoko zenbait lan aipatu ditu. Lucas Chancelen Global carbon inequality over 1990–2019 ikerketa (Karbono desparekotasun globala 1990etik 2019ra) da horietako bat, non kalkulatu zuen munduko pertsona aberatsenen %10 direla munduan isurtzen diren berotegi efektuko gasen isurien %48ren erantzuleak; %1 dirudunena emisioen %23ren erantzule da, eta %50 txiroena, berriz, %16rena.
Argazki hori ikusita, munduko milioidunen bizitza estiloa kritikatu du Villamorrek, baina adierazi du euskal herritar asko ere sartzen direla %10 dirudunen talde horretan; izan ere, gogorarazi du Iparralde Globaleko herrialdeetan, «Euskal Herria barne», munduko biztanleriaren %16 bizi dela soilik. «Noski, ez daukagu elite ultra-aberatsak duen erantzukizunik, baina jakitun izan behar dugu gure bizitza estiloak duen eraginaz». Klima aldaketak, gainera, eragin handiena Hegoalde Globaleko herrialdeetan duela oroitarazi du: «Jason Hicklek argitaratu zuen 2010ean Hegoalde Globalean izan zirela klima aldaketaren ondoriozko heriotzen %98, eta haietatik %83 isurketa apalenak dituzten herrialdeetan izan zirela. Imajinatzen dut ez dela askorik aldatu azken urteetan».
«Noski, ez daukagu elite ultra-aberatsak duen erantzukizunik, baina jakitun izan behar dugu gure bizitza estiloak duen eraginaz»
ESTITXU VILLAMOREHUko ikerlaria
Azaldu du literatura zientifikoan badagoela gutxi gorabeherako kalkulu bat, neurtzeko pertsona batek gehienez zenbat energia kontsumitu beharko lukeen batez beste giza jarduerak munduaren jasangarritasun mugak gainditu ez ditzan: pertsonako 10MWh urteko. Hala ere, nabarmendu duenez, «sistema gaur egun antolatuta dagoen moduan», kontsumo maila horrek ez du bizimodu on bat bermatzen: «Gaur-gaurkoz, kontsumo maila horrek prekaritate maila handia esan nahi du, eta ez da hautu pertsonal bat, zapalkuntza baten ondorio baizik». Fatima Ouassaken hitzak ekarri ditu gogora. Autore marokoarrak ekologismo zuria kritikatu izan du, «pobrezia erromantizatzen baitu».
Villamorrek uste du biztanle guztien kontsumo maila aipatutako horretara murriztea izan beharko litzatekeela helburua, «baina, horretarako, eraldatu egin behar da eredu ekonomikoa goitik behera, kontsumo horrek bizimodu duin bat bermatu ahal izan dezan». Azaldu du herrialde asko horren gainetik daudela, baina beste asko daudela urteko 10 MWh kontsumo horretatik behera.
Herrialdeen artean ere bai
Lehenik eta behin, Villamorrek nabarmendu du ikerketan energia aztarna guztia hartzen dela kontuan; hau da, ez soilik zuzeneko energia kontsumoa, baita kontsumorako produktuen atzean dagoen energiaren erabilera ere —energia aztarnaren %75 horri dagokio—. Eta hor, industriaren deslokalizazioa garrantzitsua dela adierazi du. Izan ere, Iparralde Globaleko herrialdeek dituzte barne produktu gordin handienak, eta horrek esan nahi du energia aztarna handiena ere badutela; baina, kontuan hartuz gero kontsumorako produktu asko inportatu egiten dituztela, bereziki esportatzaileak diren herrialdeetatik —Txina eta India, esaterako—, aztarna ekologikoa are handiagoa da.
Ezkutuko energia fluxua deitzen zaio, eta hori ere kontuan hartu dute ikerketan: «Txinako edo Indiako ekoizpen industrialaren zati handi bat Iparralde Globalaren kontsumoa asetzeko da. Beraz, arreta herrialde horietan jarri beharrean, interesgarria litzateke gure kontsumo ereduan zentratzea».