Azpiegitura handiak Arabako landa eremuarentzat «mehatxu» direla ohartarazi dute

UAGAk eta beste hainbat natura eragilek deituta, ehunka lagun bildu dira Gasteizen, azpiegitura handiak geldiarazteko eskatzeko. Landa eremuan eta bertako bizilagunengan eragiten dutela ohartarazi dute.

Protesta jendetsua izan da dozena bat eragilek deituta gaur Gasteizen egindakoa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Protesta jendetsua izan da dozena bat eragilek deituta gaur Gasteizen egindakoa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2024ko urriaren 26a
19:50
Entzun

Zintzarri, joaldun eta adarren hotsa ozen entzun da gaur Gasteizen. UAGAk eta ehunka natur eragilek hiriaren erdigunera eraman baitute, beste behin, lurraldean garatzen ari diren azpiegitura handien aurkako aldarri ozena. Gurutze eta hilarriak lehen lerroan jarrita, ehunka lagunek ohartarazi dute trantsizio energetikoaren izenean landa eremuarekin amaitu nahi dutela. Hori horrela, azpiegitura horiek guztiak gelditzeko eskatu dute.

Bilbo plazan hasi da manifestazioa, eta, erdiguneko kale nagusiak zeharkatu ostean, Foru plazan bukatu da. Han, manifestazioren deitzaileek ohartarazi dute Araban «makroproiektu asko» garatzeko nahia agertu dutela hainbatek azken hilabeteetan: eguzki panelen parkeak, haize errotak, AHTa, dikeak edo tomate berotegiak, kasurako. Eta salatu dute azpiegitura horiek «lurraldearekin negozioa egiteko aitzakia bat» baino ez direla, enpresa handien intereserako izango direlako, trantsizio energetikoaren edo garapenaren izenean egiten badira ere.

Halaber, azpiegitura horiek, biodibertsitatea «suntsitzeaz» gain, laborantza lurren, basoen nahiz larreen desagertzea «bizkortu» baino ez dutela egingo salatu dute, horiek landuz bizi diren herritarren kaltetan. «Negozio espekulatibo hauek beharrezkoak bezala saltzen dizkigute, gardentasunik gabe, informaziorik gabe eta kaltetutako pertsonenganako errespeturik gabeko», kritikatu dute.

Hori dela eta, manifestazioaren amaieran irakurritako agiri batean, deitzaileek lurraldea babesteko eta «basakeria hori» gelditzeko eskatu diete agintariei. Bost eskaera zuzen egin dizkiete erakundeei: azpiegiturak berehala geldiaraztea; administrazioari dagokion lurralde antolaketaren bidez, enpresa handiek sustatzen duten «harrapaketa» etetea; lurraldearekin «espekulatzeari» uztea, haren aldeko apustua eginez; eta, «gardentasunez» jokatzea, gizarteari eta eragileei unean-unean informazio guztia emanez.

«Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia jarreraz aldatzeko garaiz zaudete. Gainontzean, Arabako espoliazioaren zuzeneko arduradunak izango zarete», ohartarazi diete. Euripean eta Makroproiekturik ez. Lurra defenda dezagun irakur zitekeen pankarta batekin egin dute ehunka lagunek bidea.

Berriztagarriei bai

Protestaren deitzaileek adierazi dute protesta ez dela energia berriztagarrietara bideratutakoa, horiek ezartzeko moduaren aurkakoa baizik. Izan ere, azaldu dute autokontsumorako energia berriztagarrien aldeko apustua egiten dutela haiek, baina erakundeek tamaina handiko azpiegiturak eraiki nahi dituztela, bertan sortutako energia beste herrialde batzuetan saltzeko gero. Ozen aldarrikatu dute hori protestan: «Horrela ez».

«Hemen eta orain, gure komunitateak eta bizimodua arriskuan jartzen dituen mehatxu horri erantzuten ari gara», adierazi dute. «Gure bizitzaren aldeko aldarri bat da, gure komunitatearen, biodibertsitatearen eta, azken batean, lur txiki baina ugari hau partekatzen dugun guztion bizitzaren aldekoa». Eta argi utzi dute erakundeek jarreraz aldatu ezean, protestan jarraituko dutela: «Kudeaketa txar baten ondorioz geure burua gure herrietatik eta gure lurretatik kanpo ikustea bada beti izango gaituzuela aurrez aurre».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.