Azpiazuk «ia ezinezkotzat» jo du aurrekontuetarako akordio bat egitea

Salatu du EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren proposamenak «lekuz kanpo daudela» eta «hauteskunde kutsua» dutela

Azpiazu eta Tejeria, Eusko Legebiltzarrean, aurrekontuak aurkezten. J. F. / FOKU.
gurutze izagirre intxauspe
2023ko azaroaren 16a
00:00
Entzun

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua ez da oso baikor agertu aurrekontuen legea oposizioarekin adosteari dagokionez. Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuen lege proposamenak 15.000 milioi euroren langa gainditu du. Lehen bilera sorta egin zuen joan den astean oposizioko alderdiekin, eta, oposizioaren proposamenak ikusita, Azpiazuk iragarri du «ia ezinezkoa» izango dela akordio bat lortzea. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk egindako proposamenak «tokiz kanpokotzat» jo ditu, eta hauteskunde kutsua antzeman die. PPrekin ere ez du ikusten «baikorra» izateko arrazoirik. Dena den, esan du aurrekontuak onartzea «bermatuta» dagoela, EAJren eta PSE-EEren artean gehiengoa baitute.

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak proposatu zuen 350 milioiren diru sailak negoziatzea. «Jauzi kualitatibo bat» egin behar dela uste du koalizioak, «herritarren ongizatean eta zerbitzu publikoen kalitatean aurrerapausoak emateko». Elkarrekin Podemos-IUk ere proposatu du 372 milioi euroren diru sailak leku batetik bestera aldatzea, zerbitzu publikoak indartzeko.

Azpiazuk txarretsi egin du ez zehaztu izana aurrekontuetan nondik kenduko luketen dirua zerbitzu publikoetan baliatzeko.

Elkarrekin Podemos-IUk proposatu dituen neurriei dagokienez, Azpiazuk esan du aurreko negoziazioetan eztabaidatutako neurriak berriz proposatu dituztela, eta beste gai batzuk ere bai: «Hala nola Estatuko Fiskaltza Nagusiari egindako eskaerak, gobernuaren baliabideak udalerrietako garraio publikoan erabiltzea, eta foru eskumenekoak diren gaiak; kasurako, zahar egoitzak». Azpiazuren irudiko, «Elkarrekin Podemosen proposamenak urruntasun kezkagarria erakusten du herrialde horren errealitate finantzarioarekiko eta juridikoarekiko».

EH Bilduri ere egin dio kritika, proposamenarengatik. «Harrigarria da haren proposamenaren sarrera, ulertarazten baitu euskal erakundeok gaur, 2023an, ekin diogula gure bideari, eta orain arte ez dela ezer egin». Azpiazuren arabera, EH Bilduk proposatzen dituen egiturazko aldaketek hauteskundeei lotutako posizionamendu argiari erantzuten diote. PPren proposamenik ez du jaso, baina, orain arte jasotakoa ikusita, ez du aukerarik ikusten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.