Aurreratua zuen Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak batzar ireki batera deituko zutela Norvegiako Statkraft enpresak Urola erdialdean eraiki nahi duen parke eolikoari buruzko informazioa herritarrei emateko, eta Azpeitiko Udalak gaur jakinarazi du noiz egingo duten: urriaren 11n, 19:00etan, Soreasu antzokian. «Batzarraren helburua da gardentasunez proiektuaren inguruko informazio osoa herritarrei jakinaraztea», azaldu du udalak. Berretsi du, halaber, bertan izango direla Statkraft enpresa publikoaren ordezkariak ere, «herritarrei informazioa aurrez aurre eskaini ahal izateko». Batzarrean, udalak proiektuaz duen ikuspegia helaraziko du, eta herritarrena jasoko, jakinarazi duenez.
Joan den astean atera zen Statkraften asmoen berri zenbait hedabidetan; «modu interesatuan» atera ere, Azpeitiko Udalaren arabera. Horren ostean, Alkortak azaldu zuen udala enpresarekin bildu zela, eta «aurki» emango zietela herritarrei egitasmoaren berri. Proiektuari buruzko udalaren lehen inpresioa ere eman zuen Alkortak. Artean proiektuari buruzko xehetasun gutxi zutela aitortu zuen Alkortak, baina, hala ere, «bi elementu berritzaile» dituela azaldu zuen: batetik, proiektuaren sustatzailea Norvegiako enpresa publiko bat dela; eta, bestetik, «lehenengoz» hitz egiten duela energiaren «sozializazioaz», «demokratizazioaz» eta «lankidetzaz». Alde horretatik, herritarrek, herriko enpresek nahiz erakunde publikoek proiektuan parte hartzeko bidea «irekita» uzten du proiektuak, zehaztu zuenez.
Udalak, bestalde, hedabideen esku utzi du Statkraftek irailaren 16an Azpeitiko Udalari proiektu eolikoari buruz aurkeztutako adierazpena, era berean Errezilgo eta Zestoako udalei helarazi ziena. Alkateak aurreratutakoa «baieztatzen» du horrek, udalaren arabera. Adierazpen horretan, Statkraftek dio «eskema berritzaileak» eskaini nahi dituela «energia sortzeko jarduera gizarteratzea ahalbidetzeko», eta, besteak beste, «energia berriztagarrien komunitateen legezko figura» aipatzen du. Enpresak dioenez, horiek baliagarriak dira «energia sortzeko instalazioek sorten duten aukera partekatzeko tokiko onarpenerako bultzada gisa, bai eta tokiko kapital publiko-pribatu gehigarriaren sarbidea sustatzeko ere». Horren ondorioz, herritarrek energia trantsizioan «parte hartze handiagoa» izango dutela dio adierazpenak.
Iturri berriztagarrietatik datorren energiaren erabilera sustatzeari buruz Europako Parlamentuak 2018an onartutako zuzentaraua ere aipatzen da testuan, eta gogorarazten du «kontsumitzaileek energia berriztagarrien komunitateetan parte hartzeko duten eskubideaz» hitz egiten dela bertan. Statkraftek bere garapena modu horretan egin nahi duela ere azaltzen du.
Erakunde publikoekin «parte hartzeko eskema berriak» garatzeko xedea ere baduela dio Norvegia enpresak: «Era horretan, proiektuaren sustapenaren eragina tokiko lurraldera eta bertako ekoizpen sarera itzuliko dela ziurtatuko du, hor sortutako argindarrak tokiko energia kontsumoaren deskarbonizazioan lagun dezan, horixe baita Statkraftek proiektu honekin lortu nahi duen lehen helburua«. Ingurumen inpaktua ere aipatzen du adierazpenean Statkraftek. «Landa ingurunean esku hartzeko bide berri bat» irekitzeko asmoa agertzen du bertan. Horretarako, «proiektuaren kokalekua optimizatzeko irizpideak» jartzea proposatzen du, «habitatak edota espezieak indartzeko neurriekin lotuz eta ekosistema hobetzen duten proiektuak ere ezarriz». Era berean, energia berriztagarria sortzera bideratutako proiektuak bestelako jarduera ekonomiko batzuekin «lotzeko» aukeraren alde ere egiten du; bereziki, «ikuspegi organikoa duten lehen sektoreari lotutakoarekin».
Emaitza ziurrik ez
Egunotan herritarren artean proiektuak «jakiteko gogoa, eztabaida eta kezka» eragin dituela onartu du udalak, eta, horiei begira, «lasaitasunerako mezua» eman nahi izan du Alkortak, udalaren oharrean jasota dagoenez. Gainera, proiektua oraindik «aurrelanketa fasean» dagoela zehaztu du, eta hari buruz udala «gardentasunez» ariko dela berretsi: «Ez dago emaitza ziurtaturik. Gauzak beste modu batean egiteko aukeraz hitz egiten dugunean, esan nahi dugu egiteko moduan ere eredu parte hartzaile bati lotuta egin behar dela prozesua. Gaiaren inguruko eztabaida behar den lasaitasunez gauzatu eta erabakiak modu partekatuan hartzeko ahalegina egingo du udalak».