Pasaiako Segada

Azpeitiko Udalak Konstituzionalera joko du Pasaiako segadaren auzia artxibatzearen kontra

Auzitegiak helegitea tramitera onartzen ez badu, Estrasburgora jotzea aurreikusten du udalak. Auzitegietako bidea gertatutako argitu gabe ixten bada, ikerketa propio bat abiatuko duela jakinarazi du udalak.

Aizpuru, Etxeberria Castells eta Isart, gaur. JULENE FRANTZESENA - UROLA KOSTAKO HITZA
2017ko martxoaren 14a
09:30
Entzun

Azpeitiko Udalak Pasaiako segadaren auzia artxibatzearen aurkako babes helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Pasaiako segadaren auzian herri akusazioaren abokatua den Miguel Castellsek joan den urtarrilaren 3an aurkeztu zuen helegitea, baina hark esan du ikusteko dagoela auzitegiak tramitera onartzen duen edo ez, “babes helegiteen %80 ez dituzte-eta onartzen”.

Halere, herri akusazioak argi du 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian gertatu zena argitu arte lanean jarraituko duela. “Bide juridiko guztiak jorratuko ditugu. Konstituzionalak errekurtsoa onartzen ez badu, Europako Giza Eskubideen Auzitegira, Estrasburgora, joko dugu”, azaldu du Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak. Horrez gain, esan du bide paralelo bat urratzen ere hasiko direla. “Ikerketa judiziala makal eta berandu dabil. Txantxa txar bat da. Fede handirik ez dugu, baina ikertu beharra dago. Eta ikerketa judiziala ez badoa aurrera, udalak bide paraleloa hasiko du gertatutakoa ikertzeko eta argitzeko. Gasteizen martxoaren 3ko gertakariekin egin zuten moduan, geure bidea egingo dugu egia jakiteko”.

Etxeberriak azaldu du hildakoen familiakoek eta gizarte osoak duela gertatutakoa jakiteko eskubidea. “Egia jakitea oinarrizko eskubidea da, denoi dagokiguna, eta hau ez da bi familiaren gauza partikular bat. Egia da eskubide oinarrizkoena, horren gainean eraiki daitezkeelako justizia eta erreparazioa. Egia jakin behar da berriro halakorik gerta ez dadin”.

Martxoaren 22an, 33 urte beteko dira Pasaiako segada gertatu zela. Egun hartan, Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Espainiako Poliziak Pasaiako badian: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak. 113 bala zulo zituzten lau gorpuek.

Auzitegietan izan da kasua orduz geroztik, baina 2016ko azaroan auzia behin betiko artxibatu zuen Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, “ez zegoelako zer ikertu”. Babes helegitea eskatzeko Castellsek prestatu duen helegitean Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak osatutako autoaren aurkako hainbat argudio jaso ditu. Izan ere, Castellsek dio ez dagoela auzia argitzeko borondaterik. Abokatuak azaldu du hilketak izan zirela egiaztatuta badago ere, auzitegiak hilketen egileak zeintzuk izan ziren jakiteko ez duela ikerketa “zehatz eta sakonik” egin. “Hilketen egileak ez dituzte atzematen. Poliziak identifikatzea eskatzen dugu, baina eskatu gabe egin behar lukete ikerketa; izan ere, oso delitu larria da hiltzea. Ikerketarik ez egitea giza eskubideak urratzea da”.

Irakurri artikulu osoa Urola Kostako Hitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.