Azpeitiko Udalak herri batzar batera deituko du parke eolikoaz aritzeko

Statkraft enpresa bultzatzailea gonbidatu dute batzarrera. 2026an hasi nahi dituzte lanak, parke eolikoa 2027rako martxan egon dadin

Haize errotak, lainoz inguratuta, Lekunberrin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun

Norvegiako Statkraft enpresa publikoak proiektu bat aurkeztu zien herenegun Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, parke eoliko bat eraikitzeko Urola erdialdean (Gipuzkoa), eta beste bat Aramaio (Araba) eta Eskoriatza (Gipuzkoa) artean. Azpeitiko Udalak ontzat jo du proiektua, eta, Nagore Alkorta alkateak atzo hedabideen aurrean iragarri zuenez, herri batzar bat egingo dute haren inguruko xehetasun gehiago emateko. Statkraft enpresa bera gonbidatu du batzarrera.

Alkateak dio enpresak oraindik ez duela tramitazio administratiborik egin proiektua martxan jartzeko, eta soilik Urkulluri aurkeztu diola egitasmoa. Hala ere, adierazi du udala uztailean hasi zela enpresarekin biltzen, bilera «informaletan», eta espero du «egun batzuk barru» egingo duten bileran azalpenak ematea. Nahiz eta oraindik xehetasun gutxi izan, proiektuak berritzailea dirudiela dio alkateak, bi arrazoirengatik bereziki: lehenik, proiektua sustatzen ari den erakundea Norvegiako enpresa publiko bat da; bigarrenik —eta alkatearentzat hori da «garrantzitsuena»—, enpresak energiaren «sozializazioaz eta demokratizazioaz» hitz egin duela, baita «lankidetzaz» ere.

«Proiektuak bide bat irekita uzten du enpresek, erakunde publikoek eta herritarrek proiektuaren garapenean parte hartzeko, eta uste dugu bizi garen sistema honetan elementu berritzaile bat dela», adierazi du.

Parke eolikoaren kokapenari buruz ere galdetu diote alkateari, baina esan du oraindik ez dagoela guztiz zehaztuta haize errotak non jarriko dituzten, enpresak oraindik ez baitio ekin proiektuaren tramitazio administratiboari.

Arantxa Tapiak bi parke eolikoei buruz hitz egin zuen atzo Jasangarritasun, Ingurumen eta Ingurune Naturalen Batzordean. Energia «demokratizatzeko eta merkatzeko» energia komunitateak ezinbesteko direla adierazi du Tapiak. Statkraftek Araban eta Gipuzkoan eraiki nahi dituen parkeen inguruan, sailburuak argitu zuen enpresak herenegun aurkeztu ziela, baina gehitu zuen oraingoz ez dutela informazio gehiago.Eskoriatzako alkateak, Jose Ramon Zubizarretak, dio enpresa ez dela harremanetan jarri haiekin, baina energia merkatzen duten eta autosufizientzia helburu duten proiektuak onuragarriak direla gehitu du.

EBB Euzkadi Buru Batzarrak, Azpeitiko alkatearen jarrera hizpide, atzo adierazi zuen jeltzaleek «begi onez» hartu dutela EH Bilduren portaera; nabarmendu zuten «aldatu» egin duela eolikoen instalazioari buruz izan duen «jarrera politikoa», eta ona dela hori. Horiek horrela, «jarrera berri» hori beste udal batzuetara ere hedatzea espero dutela esan zuten. «Trantsizio energetikoa» onbideratze aldera, halako azpiegiturak ezinbestekoak direla uste dute, eta sustatu behar direla.

Bi parke

Norvegiako Statkraft enpresak bi parke eoliko eraikitzeko asmoa du. Azpeitia, Errezil eta Zestoa artean eraiki nahi du lehena, Piaspe izenekoa, eta 32 milioi euro inguruko inbertsioa beharko da. 32 megawatteko potentzia izango du, eta urtean 84,7 gigawatt-ordu produzituko ditu. 24.000 etxe ingururi energia emateko gaitasuna izango du. Bigarren parkea Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko mugan eraiki nahi dute, eta Itsaraz izena izango du. Piaspe baino potentzia handiagoa izango du, 52,8 megawatt. Urtean 153,8 gigawatt-ordu sortuko ditu parke horrek, eta 44.000 etxe inguru hornitu. 60 milioi euro inguruko inbertsioa beharko du.

Piaspek ez duenez gaindituko 50 megawatteko potentzia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean tramitatu beharko du enpresak, baina, besteak potentzia hori gaindituko duenez, Espainiako Industria Ministerioan egin beharko du tramitazio administratiboa. 2026an dute asmoa eraikitzen hasteko, 2027an martxan izan dadin.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bost parke eoliko daude egun martxan. Beste hamalau parke eraikitzeko baimenak daude erregistratuta. Nafarroan, berriz, 50 parke eoliko baino gehiago daude. Herritar hainbatek ez dute ontzat jo Azpeitian parke eoliko bat eraikitzeko proiektua, eta hasiak dira haren aurka antolatzen. Irailaren 21ean, batzar ireki bat egingo dute. Sindikatu Zaharrean izango da, 21:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.