Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zigortu egin du Azpeitiko Iraurgi ikastetxea (Gipuzkoa), matrikulazioan «irregulartasunak» egitea leporatuta. Tokiko Guka hedabideak zabaldu du albistea. Jakinarazi dutenez, Jaurlaritzak gaur argitaratu du zigor agindua, baina ez du zehaztu isuna zenbatekoa den. Kazetariekin hitz egin du ikastetxeko zuzendari Aitor Cordobak, eta haren hitzak jaso dituzte. «Irregulartasunak egin ziren matrikulan, eta bagenekien isuna iritsiko zela», azaldu du. Dena den, ez du zehaztasun gehiago eman nahi izan: «lasai» daudela esan du, eta «diskrezioa» nahi dutela gai horren inguruan.
0 urtetik 18ra arteko ikasleak hartzen ditu Iraurgik. Itunpeko ikastetxea da, Kristau Eskola sarekoa. Gaur zabaldu den albistearen arabera, Hezkuntza Saileko Ikuskaritza Zerbitzuak atzeman zituen matrikulazioan egindako «irregulartasunak», eta, beraz, abian jarri zuen halakoetarako prestatua duen prozedura. Horren emaitza izan da isuna. Zenbatekoa den argitu ez bada ere, Guka-ren arabera matrikulazioan «irregulartasunak» egiteagatik dagokion zenbatekoa itzuli beharko dio orain Iraurgik Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Eskolak aukera du auzitara jo eta helegitea jartzeko.
2023-2024ko ikasturteko matrikulazioan gertatu ziren arau hausteak. Iraurgi ez da ikasturte horretako matrikulazioan hartutako erabakien harira Jaurlaritzak zigortu duen lehen ikastetxea. Gipuzkoako beste eskola baten kasuaren berri jakin zen joan den hilean: Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolari 140.000 euroko isuna jarri dio Hezkuntza Sailak. Ikastolen Elkarteren barruan dago ikastetxe hori. Hango ordezkariek salatu dutenez, ikasturte hartako matrikulazioan Hezkuntza Sailak zortzi familia «kanporatu» nahi izan zituen ikastolatik, baina ikastolako kideek erabaki zuten guztiei «ateak zabaltzea», eta horren ondorio izan zen isuna.
Ikasturte horretako matrikulaziorako irizpideetan hainbat aldaketa egin zituen Jaurlaritzak, eta urak nahasten hasi ziren: hainbat ikastetxek protesta egin zuten ez zetozelako bat irizpide horiekin. Hezkuntza Sailak nabarmendu zuen eskola segregazioa apaltzea eta ikasleak era orekatuagoan banatzea zela irizpide aldaketa horren helburua. Horrekin lotuta, umeen aurrematrikulazioa egiten ari ziren guraso eta tutoreei inkesta bat egiten hasi zen Hezkuntza Saila, jakiteko familiak zenbateraino ziren zaurgarriak. «Zaurgarritasun indizea sortu da, ikasle kalteberak identifikatu eta ikastetxe bakoitzean gorde beharreko ikaspostuen portzentajea zehazteko», iragarri zuen. Esan zuen eskoletako matrikulazioak indize hori kontuan hartuta ebatzi behar zirela.