Bi sexu eraso salatu dituzte Azpeitian, eta bertan behera utzi dituzte inauteriak

Gertatutakoa salatzeko, elkarretaratze jendetsua egin dute herriko plazan. Gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak.

(ID_13597310) Bortxaketa bat salatzeko mobilizazioa Azpeitian
Jendetza batu da Azpeitiko plazara, azken sexu erasoak gaitzesteko. GOTZON ARANBURU / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko otsailaren 12a
17:00
Entzun

Beste zenbait herritan bezala, Azpeitian ere (Gipuzkoa) inauteriak ospatzen ari dira egunotan. Alabaina, atzo, Elegante Egunean, emakume bat bortxatu zuten eta beste sexu eraso bat ere salatu zuten. Nagore Alkorta alkateak baieztatu duenez, gizonezko berari egotzi dizkiote bi erasook, eta Ertzaintzak jada atxilotu du pertsona hori. Atxilotua polizia etxean dago, eta ikerketa zabalik da oraindik.

Indarkeria matxista kasu horiek direla eta, udalak festetako egitaraua bertan behera uztea erabaki du: gaur eta bihar ez da izango txarangarik, sokamuturrik, mozorro lehiaketarik... Egitaraua bertan behera uztearekin batera, protestara ere deitu du udalak: bortxaketa salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur, herriko plazan. Ehunka pertsona elkartu dira, Azpeitiko herriak ez du indarkeria matxistarik onartzen zioen pankarta baten atzean. Herritarrez gain, protestara batu dira ordezkari instituzionalak ere, sexu erasoak salatzeko.

«Azpeitiko herriari eskerrak eman behar dizkiogu, erakutsi duen elkartasunagatik. Ez gaude prest horrelako erasoak onartzeko, eta baliabide guztiak jarriko ditugu horiei aurre egiteko. Herri oso bat atera da kalera, eta erakutsi du ez duela onartzen eta ez duela onartuko halako erasorik», esan du Alkorta alkateak, protestaren ostean. Berretsi du ustezko erasotzailea berbera dela bi kasuetan, eta erasoa pairatu duten emakumezkoei eskaini dizkietela udalak eskura dituen baliabide guztiak. «Familiekin ere izan gara, eta babes guztia adierazi diegu, jakin dezaten herria haiekin dagoela».

Alkortak gaineratu du inauteriko ospakizunak bertan behera uztea ez dela «erabaki erraza» izan, baina egoeraren larriak eskatzen zuela «pauso sendo bat» ematea: «Goizean izan dugu igande gauean gertatutakoen berri, eta pentsatu dugu ez dela momentua festetarako. Garaia da pausoa emateko eta sendo jokatzeko».

Arratsaldeko elkarretaratzea egiteaz gain, udalak ohar bidez salatu ditu herrian atzo izandako sexu erasoak. Irmo mintzatu da: «Azpeitiko herriak ez du indarkeria matxistarik onartzen». Hori horrela, Azpeitiko Udalak «bere gaitzespen gogorrena» azaldu du herrian gertatu diren eraso horien kontra. Eta argi utzi dute erasoak ez direla halabeharrez gertatu: «Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, eta emakumeak kontrolpean eta mendean izatea da haren helburua». Alegia, azaldu dutenez, bortxa matxista ez da «ekintza bakartuen edo azalpenik gabeko gertakarien emaitza». Aitzitik, «gizartean hain errotuta dauden generoaren gaineko aurreiritziek eragiten dituzte halako ondorio larriak eta tamalgarriak dakartzaten gertaerak».

Gainera, adierazi dute sexu erasoak emakumeen kontrako indarkeriaren «muturreko espresioa» direla, eta eraso horiei aurre egiteko ezinbestekoa dela gizonen eta emakumeen arteko «berdintasun balioak» sustatzea. Erantsi dute: «Garrantzitsua da nabarmentzea ez dagoela erasotzaileak definitzen dituen profil espezifikorik. Indarkeria eragiten dutenen ezaugarriak askotarikoak izan daitezke. Beraz, funtsezkoa da estereotipoetan edo orokortzeetan ez erortzea, horrek soilik arazoaren egiturazko izaeraren ulermena mugatzen baitu».

Era berean, udalak nabarmendu du erasoren bat jasan duten emakumeek herritar guztien «laguntasuna» sentitu behar dutela: «Ikusi behar dute guztion erantzukizuna eta ardura dela haiei laguntzea eta erasotzaileei argi eta garbi azaltzea guztion artean mugatu egingo dugula beldurra hedatzeko estrategia horren ahalmena». Horregatik, Azpeitiko Udalak ziurtatu du gaur bezala aurrerantzean ere eraso oro gaitzetsiko dutela. «indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa emango diegu, eta prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraituko dugu». Kasu honetan, ziurtatu dute erasoa jasan dutenei «arreta egokia» bideratua dietela.

Foru aldundiaren gaitzespena

Azpeitiko Udalak ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere adierazi du gaitzespena, eta bat egin du Azpeitiko Udalarekin. Adierazpen instituzional bat ere argitaratu dute: «Elkartasun osoa eta babesa eskaini nahi diegu sexu eraso horiek pairatu dituzten emakumeei nahiz haien gertuko lagunei eta senitartekoei». Adierazi dute, halaber, ezinbestekoa dela emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzea: «Halako erasoen oinarri-oinarrian gizonen eta emakumeen berdintasunik eza dago, emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak».

Hori ikusirik, nabarmendu dute emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta osotasun fisikoa eskubide urraezinak direla. «Eskubide horien aurkako ekintzak erabat onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean. Emakume guztiek dute aisialdiaz eta gizarte harremanez askatasun osoz gozatzeko eskubidea, eta, horregatik, indarkeria sexistarik gabeko kale, auzo, udalerri eta hiriak nahi ditugu». Nerea Isasi Berdintasunerako foru zuzendariak elkarretaratzean parte hartu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.