Hurrengo egunetako jarduna linbo juridiko batean geratzeko arriskua zuen Nafarroako Parlamentuak. Astelehenean, Ahal Dugu-ko hiru parlamentari kaleratzeko Orain Bairen eskaera argitzeko txosten juridikoa eskatu zuen mahaiak, eta ez zion bide eman eskaerari. Horren aurrean, eledunen batzordean, erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu zuen UPNk. Kaleratuen artean Ainhoa Aznarez ere badagoenez, UPNk uste du astelehenetik automatikoki parlamentuko lehendakari izateari utzi beharko liokeela, eta, ondorioz, geroztik hark deitutako osoko bilkurak «bidegabeak» direla. Alta, parlamentuko zerbitzu juridikoek ondorioztatu dute Aznarezek normal jardun dezakeela lehendakari, bere egoera argitu bitartean.
Ohar horretan, zerbitzu juridikoek aipatzen dute Ahal Dugu-ko Mikel Builek, Ainhoa Aznarezek eta Tere Saezek idatzi bat aurkeztu dutela kaleratzearen aurka eta, aitzitik, atxiki gabeko parlamentari izendatu beharko liratekeela Carlos Couso, Laura Perez, Fanny Carrillo eta Ruben Velasco. Horren aurrean, mahaiak txosten juridikoa eskatu du, eta, hortaz, bere karguari dagozkion zereginak egin ditzake.
UPNk helegitearen bidez presioa sartu nahi izan du, kaleratzea azkartzeko. Alta, zerbitzu juridikoen lehen iritzi horrek lasaitasuna eman ahalko dio mahaiari. UPNk eta PPk, gainera, eskatu dute Aznarezek ez lukeela bozkatu beharko erabaki horietan, eragiten diotelako. Cousoren kasuan, ez dute halakorik eskatu.
Aznarezek normal jardun dezake bere egoera argitu arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu