Iñaki Azkuna Bilboko alkateari azken agurra eman zioten atzo goizean familiak eta alderdikideek, Derioko hilerrian (Bizkaia). Haren gorpua erraustu zuten bertan, ekitaldi pribatu eta xume batean, familiak hala eskatuta. Azkunaren senideen alboan izan ziren Iñigo Urkullu, Juan Jose Ibarretxe eta Jose Antonio Ardanza lehendakariak, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea eta Ibon Areso Bilboko alkate berria, besteak beste.
Bolueta auzoan dagoen Begoñako Amaren beilategian izan zuten atzo arte Azkunaren hilotza. 09:15ean bertan, Derioko hilerrira eraman zuten. Autoak bi lore koro zeramatzan, horietako bat Espainiako Errege Etxeak bidalitakoa. Zerraldoa, berriz, Bilboko bandera batekin estali zuten, etasei lagunen artean eraman zuten erraustera. Gaur, berriz, Durangora eramango dituzte harenerrautsak, Azkunaren jaioterrira, eta bertako hilerrian ehortziko dute.
Ekitaldi publikoa bihar izango da, Bilbon. 12:00etan, Zazpikaleen erdian dagoen Santiago katedralean. Udalak bertaratzeko deia egin die herritarrei. Udalak berak jakinarazi duenez, pantaila handi bat jarriko du Plaza Barrian, herritarrek Azkunaren hileta elizkizuna zuzenean ikus ahal izan dezaten.
Izan ere, jendetza espero da biharko hiletan, Euskal Herriko eta Espainiako ordezkari politiko eta eragile sozial ugari joango baita; besteak beste, Urkullu lehendakaria, Ana Botella Madrilgo alkatea, Xabier Trias Bartzelonako alkatea eta Jerome Bonnafont Frantziak Espainian duen enbaxadorea izango dira.
Azkunari azken agurra eman diote senide eta alderdikideek
Derioko hilerrian erraustu dute haren gorpua, ekitaldi pribatu batean; gaur ehortziko dute, Durangon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu