1905. urtean argitaratu zuen Resurrecion Maria de Azkue hizkuntzalariak Euskara-Gaztelania-Frantsesa Hiztegia laneko lehenengo liburukia, eta hurrengo urtean bigarrena. Urte luzez eginiko lanaren fruitua izan zen. Azkuek dozenaka idazleren lanak aztertu zituen, eta, horrez gain, lekuko biziak ere elkarrizketatu zituen, tokian tokiko herri hizkerako hitzak biltzeko. Oraingo honetan, jauzi bat eman, eta Aurten Bai fundazioak sarean jarri du lanaren bertsio digitala.
Berez, lehen ere bazegoen lanaren PDF bertsioa sarean, 624 orrialdekoa. Baina Pello Salaburu euskaltzain osoak aitortu du bertsio digitalak «asko» errazten duela hitzak bilatzea eta horretan dagoen informazioa eskuratzea: «Kontsulta oso sinplea da, eta, Azkue hil zenetik urteak igaro badira ere, oso baliagarria da oraindik ere». Bisitariak, hitzak kontsultatzeaz gainera, haren garaiko euskalkiak eta esamoldeak ere ikus ditzake. Izan ere, hitz bakoitzaren ondoan zein euskalkitakoa den eta zein herritan jaso den zehazten du lanak. Zazpi euskalki bereizten ditu, eta Euskal Herriko 302 herri aipatzen ditu.
Mikel Etxebarria Aurten Bai fundazioaren presidenteak azaldu du euskara normalizatzeko funtsezkoa dela Interneten presentzia izatea. Eta, hain zuzen, asmo horri erantzungo dio hiztegiaren egokitzapenak: «Balio handiko lana da; batez ere, euskal lexikoa hobeto ezagutzeko eta horren inguruan egin daitezkeen hainbat ikerketa ahalbidetzeko».
Erabiltzeko erraza
Salaburuk eman ditu hiztegi hirueledunaren bertsio digitala ulertzeko gakoak. Horren bidez jakin daiteke, esaterako, lazeria hitza non erabili izan den, eta «miseria, escasez, penuria, calamidad: misère, disette, pénurie, calamité», esan nahi duela.
Horrez gainera, hiztegiak ematen dituen aukeren artean, bat azpimarratu nahi izan du Salaburuk: «Azkuek jasotako aldaera fonetikoa erabiliz egin daitezke bilaketak». Esaterako, leiho edo leio bila daiteke, eta emaitzak bi formak erakutsiko dizkio erabiltzaileari. Bestalde, hitzok zein idazlek erabili zituzten ere kontsulta daiteke, eta baita haien zein lanetan agertzen den ere.
Paperezko bertsioan gaztelerazko eta frantsesezko azalpenak jarraian agertzen dira. Bertsio digitalean, baina, erabiltzaileak aukeratu ahalko du hizkuntza batean ala bestean jaso, edo bietan. Horrez gain, bilaketa konplexuak egiteko aukera ere ematen du.
Azkueren hiztegi hirueledunaren bertsio digitala aurkeztu dute
Aurten Bai fundazioak sarean jarri du Euskara-Gaztelania-Frantsesa Hiztegia lana, eta gaurko baliabide digitalen abantailez hornitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu