«Eramanezina bihurtu da egoera». Azkoiengo (Nafarroa) osasun eremuko familia medikua da Maria Dolores Chueca, eta eskualdeko herritarrak pairatzen ari diren mediku falta salatu du gaur goizean, beste zenbait osasun langilerekin batera, Azkoiengo osasun etxean egin duten protestan. Adierazi dutenez, langileen erdiak ari dira osasun eremuan lanean: «11 sendagileetatik soilik bost ari dira lanean, eta beste bat lanaldi erdian». Gainera, pediatrarik ez dagoela ere salatu dute. Hortaz, erantsi dute zaila izanen dela herritarrei kalitatezko arta bermatzea: «Kezkatuta gaude nola eragingo ote dien egoera honek pertsona zaurgarriei».
Egoerak, ordea, luze joko duela esan du Chuecak: «2025eko lan deialdi publikoa ebatzi arte izanen dugu mediku falta». Lan eskaintza aurreratzeko eskatu dute langileek, eta postuak betetzeko zailtasunak dituzten zonak arautuko dituen foru dekretua «ahal bezain laster» martxan jartzeko. Bestalde, Nafarroako Osasun Legeak oinarrizko zerbitzuetan mediku falta konpontzeari lehentasuna eman diezaiola ere eskatu dute. «Ahalegin handia egiten ari dira langileak, eta osasun zerbitzuak arduraz erabil ditzaten eskatzen diegu herritarrei».
Pediatrarik gabe
Irailean joan ziren Azkoiengo osasun eremuan lanean ari ziren bi pediatrak, eta mobilizazio jendetsua egin zuten iragan larunbatean irtenbide baten eske. Astelehenean, ordea, bilera egin zuten osasun eremua osatzen duten herrietako alkateek —Azkoien, Faltzes, Funes eta Martzilla—, eta iragarri zuten datorren urriaren 9an pediatra bat hasiko dela lanean. Gainera, azaldu zuten beste hiru sendagile etorriko direla landa eremuko larrialdietan dauden gabeziak betetzeko. Hortaz, lehen arretan lau postu geratuko lirateke hutsik, lan eskaintza publikoa ebatzi bitartean.
Halere, egoerak iraun bitartean goizean mediku bat egonen dela adierazi dute udalek eta osasun langileek: Faltzesen, 09:00etatik 13:30era. Sendagileak faltako balira, Azkoiengo osasun etxean artatuko lituzkete pazienteak. Halaber, arratsaldeetan ere kontsultak eginen dituzte Azkoienen, ohiko kontsultak bete ez daitezen.
https://www.berria.eus/euskal-herria/mediku-falta-nonahi_2131208_102.html