Gaixo dauden EPPK-ko presoak (eta V). Espetxe politika eta heriotza

Azkenera arte, lotuta

EPPK-ko 27 hildako utzi ditu azken hiru hamarkadetan espetxe politikak, hainbat arrazoi dela medio: tratatu gabeko gaitzak, eguneroko mugen ondorioak... Horixe baita, senideen hitzetan: «Hiltzeko mekanismoa».

GPS bidezko eskumuturreko bat, baldintzapean kalera ateratako presoak kontrolatzeko erabiltzen dutena. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
2013ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Azken hiru hamarkadetan, askotan salatu izan dute EPPK-ko presoen senideek eta preso eta iheslarien aldeko mugimenduek Espainiako eta Frantziako gobernuek ezartzen dieten espetxe politika eta haren ondorioak. Askotan aipatu izan dute «heriotza zigorra» dakarrela politika horrek. Atxiloketa unetik mantentzen dute presoa lotuta, gauzarik txikiena eta premiazkoena ere bere kabuz erabaki ezinik. Lotuta ordutan, egunetan, astetan, urtetan. Askotan, azkenera arte lotuta. Hil arte lotuta.

Azken hogeita hamar urteetan 27 lagun eraman ditu heriotzara espetxe politika horrek. Preso zituztela hil dira horietako hamazazpi; espetxetik kanpo beste bederatziak. Kalean, baina espetxealdiak atzeraezinezko ondorioak utzi ondoren, atera eta denbora gutxira. Hiltzera aterata. Gaitz larriak ez ezik, bestelako arrazoiak daude heriotza bakoitzaren atzean. Erantzunik gabeko galdera asko, eta interes jakinak ere bai zenbaitetan. EPPK-ko kideei ezartzen dieten espetxe politika bereziak batzen ditu denak.

Esteban Esteban Nieto

1987an atxilotu zuten Esteban Esteban Nieto. Hamabi urtez izan zuten preso, Espainiako hainbat espetxetan: Puerto de Santa Maria, Kanariak,Valdemoro... Haren arreba da Usoa Esteban Nieto, eta gogoratu du, adibidez, nola kontatu zion anaiak «ziega barruko beste ziega batean» izan zutela Puerton, bederatzi hilabetez. «Zoratzekotan egon zela uste dut. Baldintza txarrak izan zituen beti». Edo Kanarietan hiru gose greba egin zituztela urte berean, denak hogeita hamar egunetik gorakoak, kartzelako erregimenagatik protestatzeko.

1999. urtean hasi zen Esteban Nietoren osasun egoera larria azkartzen, baina lehendik ere bazituen osasun arazoak. Minbizia diagnostikatu baino bi urte lehenago, pankreatitisak jo zuenean, Kanarietatik Iberiar penintsulara eraman zuten ospitalera. «Gauzak oso mantso zihoazen», salatu du arrebak. Proba batzuk eginda, espetxera bueltan bidali zuten. Gaixorik zegoela jakin arren oso gaizki tratatu zutela dio: «Kanarietatik penintsulara itsasontzi bateko bodegan eramaten zituzten, lotuta, galdaren ondoan, dena kez betea zegoela. Mareatu egiten ziren». Hiru eguneko bidaia, baldintza haietan. «Mendekuz jokatu zuten».

Hurrengo bi urteetan okerrera egin zuen, senideen bistan nabarmen geratu arte. «Ez genekien zenbaterainoko larria zen, baina oso argal ikusten genuen». Kezkatuta, beraiek eman behar izan zioten abisua kartzelako medikuari. Puertoko kartzelara eramana zuten ordurako. Bizpahiru aste geroagorako zuen probak egiteko hitzordua, eta aurreratu egin zioten senideek presio egin ondoren. 1999ko martxoa zen. «Aste Santuko oporretarako lau egun falta zirela egin zioten proba, eta han esan zioten minbizia zuela». Metastasia zuen ordurako; oso zabaldua zuen gaitza, ez zekiten jatorria non zuen ere. «Hasieratik genekien ezin zela ezer egin». Bi urte lehenagotik zuen eskatua probak egiteko hitzordua.

Ospitalean probak egin orduko, metastasia zuela jakin arren, kartzelara eraman zuten berriz. Medikuen presioagatik eraman zuten berriz ospitalera. Egunean ordu laurden batez baino ez zieten uzten bisitatzen. Euskal Herriko kaleetan protesta ugari ziren ordurako, baina bereziki gogoan du Usoa Esteban Nietok Cadizko ospitalean solidarioek egindako ekintza ikusgarria. Barruraino sartu, eta anaiaren ohea atera zuten. Haren ondoren, berriz kartzelara. Hango zuzendariak lehenbailehen ateratzea nahi zuela uste du Usoa Esteban Nietok:«Nik uste beldurra zutela barruan hiltzeko. 'Hau kartzelan hilez gero, zerbait pasatuko da', pentsatzen zuela». Hala ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskala izan zen kaleratzeari trabak jarri zizkiona: Eduardo Fungairiño.

Apirilaren 7an atera zen azkenean. Ordurako ez zuen atzera bueltarik bere egoerak, baina esaten zioten sendatzen bazen kartzelara eramango zutela berriz. «Bera baikor zegoela zirudien: 'Sendatzen banaiz, ez naiz itzuliko. Ea nondik egin dezakedan alde'». Atera eta hilabetera gutxira hil zen, ordea, irailaren 26ko gauean, Tolosan (Gipuzkoa).

Igor Angulo

1996an atxilotu zuten Igor Angulo, Kepa Zubizarretarekin batera. Torturatu egin zituztela salatu zuten biek, eta ospitalera ere eraman behar izan zuten Angulo. «Gertatu arte pentsatzen nuen nolabait itxurakeria hori egingo zutela, nolabait apaintzen saiatuko zirela. Baina ez dute behar. Igor odol arrastoekin pasatu zen epailearen aurretik». Orduan hasi zen Idoia Muruaga, Anguloren bikotekidea, lehen eskutik ezagutzen nola jokatzen duten Espainiako Estatuko aparatuek. «Nahi dutena egiten dute». Kartzelaren egunerokora egokitzeko prozesua hasi zen orduan, bai Angulorentzat, bai Muruagarentzat. «Momentu horretan galduta zaude, ez dakizu zer egin. Hor zegoen Amnistiaren Aldeko Mugimendua, eta lan itzela egin du horretan; sentitzen duzu ez zaudela bakarrik».

2006ko otsailaren 27an topatu zuten Angulo urkatuta, espetxeko ziegan. Ukatu egin zizkioten familiari ikerketan sakontzeko eskatutako azalpenak. Mercedes Gallizo zen orduan Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendaria. «Gezurra esan zuen hainbat kontutan. Gero joaten zara Cuencara eta epaileak ez zaitu hartzen; ikusten duzu badaudela lehen eta bigarren mailako hildakoak...». Zaila egin zitzaion orduan Muruagari bertsio ofiziala sinestea.«Denbora pasatuta, eta gauzak nolabaiteko lasaitasun batekin ikusita, esaten duzu: bakarrik zegoen orduak eta orduak; hasi zen ikasketekin, eta debekatu egin zioten ikastea; hasi zen larrua lantzen, eta kendu egin zioten; hasi zen egurrarekin, eta kendu egin zioten...». «Pertsonak akabatzeko» oso ondo diseinatutako mekanismo oso bat da espetxekoa, Muruagaren hitzetan. «Heltzen da momentu bat pentsatzen duzuna: Zergatik ez? Agian erabaki zuen berak etengo zuela, berak erabakiko zuela noiz bukatzen zen, eta ez zutela gehiago jokatuko berarekin».

Izan ere, ez da erraza ulertzea gertutik bizi izan ez duenarentzat zer den preso egotea. Askotan hitz egiten da muturreko bizi-baldintzez eta oinarrizko eskubideak urratzeaz, baina egunez egun, «tantaz tanta», gauzatzen da presoa pertsona gisa deuseztatzeko estrategia. «Zenbaketa egitera pasatzen direnean, gauez, bi ordutik behin esnatzen zaituztela. Bi orduz bakarrik egon zaitezkeela kanpoan, eta beste 22 orduz ziegan egon behar duzula, ezer egin ezinik. Zer da ordu eta erdi hilabetean familiarekin egoteko, maitasuna sentitzeko? Zer da bakarrik egotea, kiderik gabe, zure bizitzaz, sentimenduez, politikaz, ideologiaz, zure borrokaz hitz egiteko? Zer da dena mugatua, kontrolatua izatea? Bisitak grabatuak; gutun guztiak haiek irakurri dituzte lehenago; haiek esaten dizute noiz atera zaitezkeen ziegatik, eta noiz ez; noiz idatz ditzakezun gutunak, astean soilik bi...». Arnasbiderik ez, zirrikitu guztiak itxita,«eguneroko bakartze hori».

Xabier Lopez Peña

Xabier Lopez Peñarena izan da azken kasua, tarte eta galdera ilun asko utzi dituena. 2008ko maiatzean atxilotu zuten Bordelen, Jon Salaberria, Igor Suberbiola eta Ainhoa Ozaetarekin batera. Fleury Merogis espetxean zuten preso. Arazo kardiobaskularrak zituen 2009tik, eta 2010ean saiatu ziren bihotzean kateter bat egiten, baina ez zuten lortu. Joan den martxoaren 11n, berriz eraman zuten Corbeil-Essonnesko erietxera: inork ez zuen jakin non zegoen martxoaren 19ra arte. Bitartean, abokatua eta senideak saiatu ziren jakiten, eta erietxean zegoela jakitean ere, gelaz gela bila ibili arren, ezin izan zuten ikusi. «Ez dakigu berak onartu zuen edo ez; ez daukagu inolako informaziorik. Paperak eskatu ditugu; ez daude, ez dizkigute bidaltzen». Juan Mari Lopez Peñak, Xabierren anaiak, argi du zer den hori: bahiketa.

Pitie-Salpetriere erietxera eraman zuten gero. Bihotzeko ebakuntza ondo irten zela, baina buruan odolbildu bat antzeman ziotela esan zieten han medikuek. Hala ere, baldintza arruntetan, osatzeko aukera handiak zituela. Familiaren abokatua ospitalera iritsi zenean, erietxe barruko espetxean zuten, Frantziako eta Espainiako polizien zaintzapean. «Ez zen zainketa intentsiboetako unitate bat, gela arrunt bat baizik, funtzionatzen zuen ere ez dakigun makina batekin, eta bera aulki batean eserita». Martxoaren 30eko goizaldean hil zen, eta familia ospitale ondoan zegoen arren, ez zioten ezer esan. Hamabi orduren buruan, bisitan joan zirenean, ez zegoen han. «'Hil egin da', esan ziguten. Zertaz? 'Ez dakigu'».

Erantzun ez dizkieten galdera asko dituzte oraindik. Adibidez, zer egiten zuen neurologia zerbitzuan, bihotzeko arazoak izanda. «Neurologoak dio ez zekiela hiltzen ari zela, hogeita lau ordu egon zela bihotzekoak emanda, eta makinak ez zuela jotzen, ez zela inor ohartu hiltzen ari zela». Antibiotiko bat eman ziotela ere esan zieten. «Bihotzeko bat ematen ari zaio norbaiti ezin diozu antibiotikorik eman. Gauza batzuk daude, haien arabera, haiek ere ez dakizkitenak». Salaketa jarria dute, eta Pitie-Salpetriere erietxean egin ziotenaren inguruko txosten medikoa ere eskatu dute, baina oraindik ez diete ezer bidali. Sekretu profesionalaren printzipioa aipatuta, gainera, «medikuek nahi dutena» soilik bidal dezaketela esan diete.

Lopez Peñaren familiaren ustez, interes politiko argiak daude guztiaren atzean. Hainbat iturrik zabaldu dutenez, Lopez Peña aritu zen Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko azken negoziazioetan. Azaro edo abendu inguruan zuen epaiketa, Bordelen atxilotu zituztenekin batera. «Ez deklaratzeko interesak zeuden, gauza batzuk ez esateko, eta hala gertatu da», dio: «Parisen geure begiz ikusi genuena ikusita, seguru gaude hil egin zutela. Bahiketa eta hilketa politiko bat izan da. Interes politikoengatik hil dute».

Ezkutatutako egiak

Beren kabuz saiatzen ari dira Lopez Peñaren familiakoak galdera horien erantzunak topatzen, egia azalarazteko bidea egiten. Oraingoz, hura aipatzeagatik «terrorismoa goratzea» egotzi dieten auzipetu dituztenen aurkako prozedurak baino ez daude auzitegietan. Aldatzen zaila den «paradoxa» handi bat dago egiaren inguruan, Muruagaren hitzetan: «Nola prostituitu diren hitzak estatuen aldetik: giza eskubideak, askatasuna eta bakea hitzak erabiltzen dituzte gero gure kontra jotzeko». Alde horretatik behintzat, zail ikusten du berak justiziarako bidea: «Haiek parte izanik, haiek eragindako kalte eta hildako guztiekin, haiek emango dizute justizia?».

Onarpena eta egia, hala ere, exijitu beharra dagoela deritzo. Hasteko, beren egia kontatzeko eskubidea: «Niri ez dit inork esango nor zen Igor, berak hartutako bidea eta arrazoiak oso argiak dira. Ez didate esango ezerezetik deabru bihurtu zela, eta adarrak irten zitzaizkiola... Gauzak ez dira horrela. Hemen badago gatazka politiko bat, oso serioa dena, antzinakoa, eta armatua ere izan den gatazka bat ekarri duena». «Herriaren, lagunen, familiaren maitasunak» laguntzen diete, Muruagaren hitzetan, beren egia ezkutatzen eta ordezkatzen saiatzen diren horien aurka. «Muxuak eta maitasuna estatuek eragindako hildako eta kaltetu guztien senideei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.