Iaz 10.000 pertsonak baino gehiagok jo zuten Osakidetzara tabakoa uzteko asmoz

Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du lau gaztetik batek zigarro elektronikoak erretzen dituela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kanpaina bat abiatu du haien «arrisku larrien» berri emateko.

Itziar Larizgoitia Osasun Publikoaren zuzendaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua, gaur, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. IREKIA
Itziar Larizgoitia Osasun Publikoaren zuzendaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua, gaur, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. IREKIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko maiatzaren 27a
12:35
Entzun

Osakidetzak tabakoa erretzeari uzteko tratamenduak eskaintzen dizkie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei, eta iaz 10.797 pertsonak hartu zuten parte tratamendu horietan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez. Tratamendu eskariak 2022an baino bi aldiz gehiago izan ziren iaz, eta 45 eta 64 urteko bitartekoak izan ziren parte hartzaileen %60. Denetariko artak eskaintzen ditu Osakidetzak tabakoa erretzeari uzten laguntzeko, baina arta indibiduala hautatzen dute herritarrek nabarmen.

Tabakoa erretzeari uzten laguntzeaz gain, Osasun Sailak bi urte daramatza kerik gabeko guneak bultzatzen. Gaur egun, ia 300 dira gune horiek; gehienak hondartzak, igerilekuak eta eskola inguruak dira. Datorren ikasturtean kerik gabeko guneak unibertsitate campusetara hedatzea aurreikusi dute, eta, aldi berean, segitu dute ikasle gazteagoei tabakoaren arriskuen berri ematen. Iaz 66 ikastetxetako 4.845 ikaslek hartu zuten parte Kerik Gabeko Gazteak programan.

Datorren ostirala Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna izango da, eta horren harira eman du Jaurlaritzako Osasun Sailak datu eguneratu horien berri. Horrez gain, abiatu berri duen kanpaina bat ere aurkeztu dute gaur Gotzone Sagardui jarduneko Osasun sailburuak eta Itziar Larizgoitia jarduneko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak. Bapeatzea ez da broma. Bizitza izorratzen dizu izeneko kanpainaren helburua da herritarrei —gazteei, bereziki— helaraztea zigarro elektronikoak erretzeak kalte egiten diola osasunari, eta bizi itxaropena laburtzen duela.

«Substantzia toxikoak izan arren, kaltegabetasunaren pertzepzio faltsua eragiten dute gailu mota horiek, eta kontsumoa gero eta handiagoa da», ohartarazi du Osasun sailburuak. Hain zuzen ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan laukoiztu egin da azken sei urteotan zigarro elektronikoen, berotze bidezko tabakoaren eta bestelako gailuen erabilera; hala, 15-21 urte bitarteko lau gaztetik bat hasi da horiek erabiltzen.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako ildoari jarraitu dio Jaurlaritzak, eta gazteengan jarri du arreta handiena. Gogorarazi du «kaltegabetasun sentsazioa» gero eta ohikoagoa dela gazteen artean, eta horregatik azaldu behar zaiela zigarro elektronikoek ere kalte egiten diotela diotela osasunari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.