Azken ukituak falta zaizkie

«Bide onetik» doaz EAJk eta PSEk koalizio gobernua osatzeko negoziazioak, baina «asko dute oraindik hitz egiteko». Hurrengo astearen amaierarako espero dute akordioa ixtea

PSEko Miguel Angel Morales eta Idoia Mendia, eta EAJko Andoni Ortuzar, joan den apirilean lehendakaritzatik irteten. RAUL BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Koalizio gobernua osatzeko lanean ari dira EAJ eta PSE-EE. Uztailaren 12ko hauteskundeetako emaitzek koalizioa berresteko aukera argia eman zien bi alderdiei, eta gobernabiderako akordio batek gehiengo osoa bermatuko lieke Eusko Legebiltzarrean. Joan den legealdiko formula bera berriz baliatzeko eta alderdietako kideek osatutako gobernua eratzeko ari dira negoziazioetan, baina oraindik ez dute ituna erabat itxia. «Oraindik asko daukate hitz egiteko», adierazi diote PSEko iturriek BERRIAri. Iturri horien arabera, elkarrizketak «bide onetik» doaz, eta azken asteotan bi ordezkaritzek aurrepausoak eman dituzte gai batzuetan, baina goizegi da oraindik hitzarmena ixteko. «Azken ukituak ematea falta zaie, eta oraindik badute zer hitz egin».

Gobernu akordioa lortzeaz askoz ere baikorrago mintzatu zen atzo Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako sailburua, Radio Euskadi irratian. Adierazi zuen negoziazioak «oso aurreratuta» daudela eta programari buruzko akordioa «ixtear» dagoela, eta «azken ukituak» falta direla: «Azken xehetasunak izaten dira ixteko zailenak».

Programari lotutakoak dira leundu beharreko koska nagusiak, eta horiek argitu ostean etorriko dira gobernuaren osaketari dagozkion elkarrizketak. Lehendakariari dagokio gobernuaren egiturari lotutakoak erabakitzea, Tapiaren arabera: «Lehendakariak erabaki behar du zein pertsona diren egokienak gobernuan lan egiteko». Haren hitzetan, koronabirusak eragindako krisialdi ekonomikoari eta sozialari nola aurre egin izango da gobernu berriaren erronka nagusia, eta helburu horri begira landuko da gobernu programa eta banatuko dira sailen ardurak.Tapiak bere burua eskaini du hurrengo gobernuan jarraitzeko, baina azken hitza Iñigo Urkulluk izango du.

EAJren eta PSEren ordezkaritzak diskrezio handiz ari dira negoziatzen, eta apenas zabaldu den zeintzuk diren mahai gainean dituzten gai nagusiak. Andoni Ortuzar EAJren EBBren presidentea eta Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia dira bi alderdietako ordezkaritzen buruak, eta uztailaren erdialdetik ari dira elkarrizketetan gobernu «sendoa» eta «egonkorra» osatzeko asmoz.

Autogobernua, koska

Ezagunak dira bi alderdiek desadostasunak dituztela arlo ekonomikoan eta sozialean, eta baita autogobernu ereduan ere. Iturri sozialistek onartu dute bi aldeak «lan handia» ari direla egiten akordio bat lortzeko, baina autogobernuaren inguruan desadostasunak dituztela. Duela lau urte hala gertatu zen, eta oraingoan ere jakina da lan nekeza izango dutela gai horretan ados jartzea. Jeltzaleek eta sozialistek ikuspuntu desberdinak dituzte estatutu berriaren inguruan, eta ikusteko dago gobernu akordioa lortze aldera ea lortzen duten bi alderdientzako onargarria izango den idatzi bat adostea.

Horrekin batera, sozialistek azpimarratu dute gobernu berriaren lehentasunen artean egon behar duela zerbitzu publikoak indartzeak eta enpleguaren aldeko apustua egiteak.

Akordioak aste honetan iristea «zaila» izango dela aitortu dute sozialistek, baina datorren asterako itxita egotea aurreikusi dute. Asteartean egingo du Eusko Jaurlaritzak urte politikoaren hasierako gobernu kontseilua Donostiako Miramar jauregian, baina ordurako ere «nekez» egon liteke akordioa lotuta, iturri sozialisten arabera. Hilabete amaierarako espero da, beraz.

Akordioa atzeratzen ari dela-eta, kexu agertu da PP eta Ciudadanos taldeko presidente Carlos Iturgaiz sare sozialetan. Iturgaizek EAJri eta PSEri aurpegiratu die gobernua «ez aurrera ez atzera» egotea eta hura martxan jartzeko «inolako presarik» ez izatea.

Noizko ez ezik, zer-nolako hitzarmena izenpetuko duten ereargitu gabe dag, baina ziurra da ados jarriko direla. Lehendakaria izendatzeko osoko bilkura irailaren 3an izango da, eta hautagaiak aurkezteko epea hilaren 28an amaituko da; ordurako, bi alderdiek gobernabiderako akordioa lotua izango dute, hori ia ziurra da. Akordioari bide emateko, gainera, bi alderdietako zuzendaritzek batzarrak antolatu beharko dituzte, nork bere aldetik, itunari onespena emateko. Barne araudiaren arabera, nahitaezkoa dute prozedura hori betetzea itunak aurrera egin nahi badu.

Bestalde, hurrengo astelehenean bilduko da EH Bilduren Mahai Politikoa, eta hor erabakiko dute Maddalen Iriartek bere hautagaitza aurkezten duen inbestidura saiorako. Duela lau urte hala egin zuen. EH Bilduren eta EAJren artean gobernabiderako akordioa lortzea ezinezkoa zelaegiaztatu ondotik, «zentraltasun politikoa» eta ahots propioa aldarrikatzeko aurkeztu zuen hautagaitza Iriartek. Orduan, EAJri eta PSEri aulki bat falt zitzaien gehiengo osorako.Orain, ordea, gehiengo osoa dute. Uztaileko emaitzek, baina, indartu egin dute EH Bilduren posizioa legebiltzarrean, eta hori baliatzeko aukera du orain Iriartek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.