Ainhoa Etxaide

Azken txanpaz

2024ko apirilaren 14a
05:00
Entzun

Kanpaina orain hasten dela esan duenik egon arren, ez nuke esango alferrik aritu direnik alderdiak orain arte. Ikusi dugu hautagaien artean aldeak daudela berdin-berdin jantzi eta tonu bertsuarekin hitz egin arren. Ikusi ditugu ezberdintasunak proposamenetan, baita lidergoa edota gobernatzea bakoitzak nola ulertu dezakeen antzemateko balio duten diskurtsoetan ere. Ikusi dugu aldea bozka eremua zabaltzeko lanean ari den eta bere eremuari harresiak jartzeko borrokan dabilenaren artean. Eta ezin garrantzirik kendu ezker konfederalean dagoen lehiari, elkarren artean eta ezker subiranistarekin ere, alderdi bakoitzak joko parlamentarioan izango dituen balizko aukerak garrantzia duelako nor bozkatu aukeratzerakoan. Eta noski, entzun ahal izan dugu legealdi berriaren agendan leku berezia izango duten gaiak zeintzuk diren: zerbitzu publikoak, Osakidetza buru. Estatus politikoa autogobernu ponentzia tarteko. Eta etorkizunari begiratuko dion egitura ekonomikoa.

Entzun ditugu proposamenak, baina geratu dira erantzunik gabeko galderak: zein da zerbitzu publikoetan hitzeman dituzten hobekuntzak egiteko behar dugun fiskalitatea; nola uztartuko dute pertsonak erdigunean jartzen dituen eta zaintzen duen herria eraikitzea, Euskadiren «garai berrirako berrindustrializazioa» erronka ekonomiko nagusi izatearekin? Eskaintza zehatza dago estatus berrirako bideaz, argituko dute alderdi guztiek zabalik dagoen aukera horrekin zer egingo duten?

Kanpaina astebetera murriztu dutenak asko direlarik, hautagaien nekeak aurrean izango ditu hauteslearen jakin-mina proposamenak entzuteko, eta freskura esandakoak aztertzeko edo itsu-itsuan sinesteko. Gaitz erdi horrela batzen badira kanpainara, asko izango direlako desafekziotik eta gauza berriak entzuteko itxaropen eskasarekin batuko direnak. Bata edo bestea izan, asko dago jokoan azken txanpa honetan. Iruditzen zait alderdiek erabaki beharko dutela orain arteko kanpaina lasaiak partida hori jokatzeko balio duen; edo momentua den diskurtsoak zorrozteko, eztabaidetan gehiago bustitzeko eta lehia tenkatuz hautesleak batera edo bestera egitera behartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.