Urkulluk «ezinegona» baliatzea egotzi die hainbat eragileri, «boterea asaltatzeko»

Euskalduna jauregian 'Deia' egunkariak antolatutako topaketa batean, Iñigo Urkullu lehendakaria bere agintaldiaz mintzatu da. Imanol Pradales eta zenbait sailburu egon dira bertan.

(ID_13498423) (/EZEZAGUNA) pradal
Pradales eta Urkullu, gaur, Euskaldunan
marcos tedin
2024ko urtarrilaren 15a
15:23
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan du 2012tik 2.700 greba egin direla; hala adierazi du gaur bere agintaldiaren errepasoa egiteko hitzaldian, Bilbon. Eta galdera bat gehitu du: «Norbaitek uste al du hau dela Euskadiren egoera? Norbaitek hartu al du ardurarik administrazio publikoan egindako greba deialdien porrotarengatik?». Sektore publikoko 2023ko grebak «porrot» bat izan dira, Urkulluren ustez. «Gizartean ezinegona» sortu nahi izatea egotzi die deitzaileei, «boterea eskuratzeko» egiten direlako askotan, «sistema instituzionala eraldatzeko». EH Bilduri ere egin dio erreferentzia, hau esanez: «Alderdi politiko bateko ordezkariek baliatu dute ezinegon sozial hori boterea asaltatzeko». Onartu du euskaldunek erosahalmena galdu dutela azken urteotan, baina ez dio protesten zergatiari beste arrazoirik aurkitu nahi izan.

«Ondo dakizuenez, lehendakari izatearen ibilbide honen azken txanpan nago, eta horrek, nolabait, barrua ere mugitzen dit» esanez hasi du solasaldia, Bilboko Euskalduna jauregian. Deia egunkariak antolatutako topaketan izan da: Euskadi: etorkizuneko erronkei erantzuteko eredua. Agintaldiaren analisia egin du, gaztelaniaz gehienbat, eta bere kezkak ezagutarazi dizkie bertaratu direnei. Besteak beste, Imanol Pradales EAJren EBBk afiliatuei proposatu dien hautagaiak, Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakariak, eta PSE-EErenak ez beste sailburu guztiek parte hartu dute jardunaldian. Urkullu hunkitu egin da, txalo zaparrada jaso baitu.

Jaurlaritzaren jarduna «arduratsua» izan dela adierazi du, «errealitatearen printzipioak gidatuta». Urkulluren arabera, «arduragabea eta berekoia da gizartearen etorkizunarekin jokatzen duena, eta dena posible dela baieztatzen duena».

Euskara azkenaldian pairatzen ari den oldarraldiaz ere aritu da. Azpimarratu du sistema judiziala salatzen duela, bere osotasunean, eta ez epaileak. Ildo horretan, «sentsibilitaterik eza» leporatu dio sistema judizialari, eta salatu du, gaur egun, ezin dela egin epaiketa bat euskara hutsean; pentsaezina dela arreta gazteleraz ezin jaso izatea. Ostera, arreta euskaraz jasotzea ezinezko egiten zaie batzuei. Bi hizkuntza ofizial dituen herrialde batean, hori ezin dela gertatu onartu du gobernuburuak.

Hauteskundeak

Iñigo Pradales EAJko hautagaiaz motz egin du berba lehendakariak. Pradales bere ikaslea izan zela esan du, eta haren ibilbideari kasu egin izan diola urteetan zehar. Pradales «pertsona oso ona» eta «politika izango denaren ordezkari bikaina» da, Urkulluren hitzetan.

Lehendakariak ez du zehaztu noiz izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. «Hainbat data» dituela buruan jakinarazi du, baina oraindik ez dute erabaki noiz izango den. 2020ko hauteskundeak apirilean egin behar izan zirela onartu du. Lehendakariak berak gogoratu du datu hori topaketan, eta aurten ere hauteskundeak hilabete horretan izango direla pentsatzeko bidea ireki du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.