Epaiketa. 8/2013 sumarioa

Azken orduko akordioa eginda, epaiaren zain daude bederatziak

Zigorrak murriztu dizkiete, eta zortzi auzipetuk ez dute espetxera itzuli beharko. Argitzeko dago Elizaranek kartzelara itzuli beharko duen. Baldintzapean aske utz dezatela eskatu du fiskalak

Auzipetuak, epaimahaiaren aurrean, auzitegi barruan. MARISCAL / EFE.
Hodei Iruretagoiena
Madril
2016ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Beste pauso bat eman du akordioen bideak Espainiako Auzitegi Nazionalean. Dignidad y Justicia eta AVT taldeek azkenera arte ezezko jarrera agertu arren, akordioa lortu dute Ekineko kide izatea egozten dieten bederatzi auzipetuek. Fiskaltzarekin eta herri akusazioekin ados jarrita, zigorrak murriztu dizkiete, eta ez dute kartzelara itzuli beharko —Ugaitz Elizaranen kasua argitzeko dago oraindik—. Segurako auzikoek onartutako testua izan da oinarria oraingoan ere. Akordioan jasotzen denez, urtebete eta bederatzi hilabeteko zigorra jarri diote Sandra Barrenetxeari, bina urtekoa Egoitz Garmendiari, Eneko Compainsi, Aniaiz Ariznabarretari, Urko Aierberi, Joxe Aldasorori, Erika Bilbaori eta Rosa Iriarteri, eta bi urte, hiru hilabete eta egun batekoa Ugaitz Elizarani. Inhabilitaziora ere zigortu dituzte, kartzela zigorren adinako denborarako. Ekineko zuzendaritza osatzea leporatzen zieten bederatzi auzipetuei, eta bederatzi eta hamabost urte arteko kartzela eskaerekin iritsi dira epaiketara. Azken ordura arte aritu dira akordioa negoziatzen; 10:00etarako zuten hitzordua, eta 11:00ak aldera arte jardun dute horretan. Fiskalak egina zuen akordio proposamen bat, baina ez zen posible izan lehenago ixtea, AVTren eta DyJren jarreragatik. Azkenean, biktimen elkarteek aurreratutakoaren aurka, ados jarri dira alde guztiak.

Ekineko zuzendari izatea egotzi diete guztiei, Barrenetxeari eta Elizarani izan ezik —Ekineko kide izatea bi horiei—. Elizaranen kasuan, ordea, handiagoa izan da zigorra, aurretik ere kondenatu baitzuten «erakunde terroristako kide» izatea egotzita, Hala, bi urtetik gorako zigorra denez, argitzeko dago espetxera itzuli beharko duen ala ez. Auzi saioan akordioa aurkeztu ondoren, zigorrak ez gauzatzeko eskatu du Jose Perals fiskalak, eta Elizaranen kasuan, baldintzapean aske uzteko. Hori nola gauzatuko den, hori da argitu beharrekoa.

Aurrena, sententzia eman beharko du Manuela Fernandez Prado, Nicolas Poveda eta Fermin Echarrik osatutako epaimahaiak. Pentsatzekoa da aldeek egindako akordioa onartuko dutela, eta aintzat hartuko dutela fiskalak eta akusazioek Elizarani buruz egindako eskaera. Hortik aurrera, teknikoa da auzia, batez ere. Baldintzapean aske geratzeko, orain arte, hirugarren gradua eskuratu beharra zegoen lehenago. Iazko uztailean Zigor Kodean egindako erreformen artean, ordea, hori saihesteko formula bat sartu zuten. Hau da, espetxera joan behar izan gabe baldintzapean aske geratzeko aukera izango luke Elizaranek, Zigor Kodeko artikulu hori aplikatuz gero. Horretan saiatuko dira abokatuak.

04/08 sumarioko auzipetuek—Segurako auzikoek— adostutako testua da bederatzi akusatuek epaimahaiaren aurrean aurkeztu eta onartu dutena. Hala, auzipetuek aitortu egin dituzte egotzitako gertakariak —bilerak egitea eta dokumentazio politikoa edukitzea—, eta onartu dute jardun hori legearen aurkakoa zela. Gainera, uko egin diote indarkeriaren erabilerari, eta beren nahia agertu dute horrek «terrorismoaren biktimen erreparazioari ekarpena egin diezaion, eragin zaien min eta sufrimenduagatik». Joan den apirilean, bide bera erabili zuten Ekineko kide izatea egotzi zieten beste bost auzipetuk ere.

«Esan behar dugu akordioa egin baldin bada onargarri iruditu zaigulako egin dela», azaldu du Compainsek epaiketa amaitu ondoren, gainerako auzipetuak ondoan zituela. Hala ere, auzi osoan egindako salaketa berretsi du: «Akordioa onargarria iruditzen zaigu, baina horrek ez du esan nahi justizia egin duenik. Gaur, hemen, ez da justiziarik egin. Modu zehatzean baloratu nahi dugu akordioa, nondik gatozen oroituz. 2010ean atxilotuak, inkomunikatuak eta bortizki torturatuak izan ginen, zergatik eta politika egiteagatik. Hori gutxi ez, eta sekulako zigor eskaerak jasan behar», salatu du Compainsek.

2010eko irailean atxilotu zituzten atzo epaitutako bederatzi lagunak. Lau eta bost egunez inkomunikatuta eduki zituzten, eta tortura salaketa larriak egin zituzten guztiek, baita Fernando Grande-Marlaska instrukzio epailearen aurretik pasatzean ere. Hark, ordea, ez zuen inolako diligentziarik egin. Gaur egun, hiru salaketa judizial artxibatu gabe daude oraindik; Eibarko (Gipuzkoa) epaitegian dago Ariznabarretarena, Auzitegi Konstituzionalean Compainsena, eta epaiketara bidean Barrenetxearena —lau guardia zibil epaituko dituzte—.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren existentzia ere kritikatu du Compainsek epaitegiaren kanpoaldean, «salbuespen epaitegi» bat dela esanda. «Espainiak Euskaldunon aurka ekiteko antolatu zuen epaitegi batean gaude. Baloratu dugu epaitegi honek ez duela inolako bermerik ematen epaiketa justu bat ahal izateko, eta, ondorioz, baloratu dugu akordioa onartu, onartu behar genuela, uste baitugu ez dela espetxeak betetzeko garaia, espetxeak hustekoa baizik».

Konpromisoaren ondorio

Gisa horretako hirugarren akordioa da atzo Auzitegi Nazionalean lortutako hori. Lehenago, ordea, izan dira makroepaiketa gehiago ere, zigorrekin eta absoluzioekin bukatu direnak. Eta izan dira mobilizazioak, herri harresiak —Gasteizkoak atzo bete zuen urtebete—, desobedientzia ekintzak auzitegietan... Azken urteetan halako auzien aurka egindako bidea nabarmendu du Compainsek: «Akordio hauek ez dira zerutik etorri. Herri mobilizazioaren, konpromisoaren, desobedientziaren ondorio dira akordio hauek. Horrek mugiarazi ditu Auzitegi Nazionaleko epaile, fiskal eta akusazioak. Ez beste ezerk. Hortaz, eskerrik beroena eman nahi diegu egun hauetan, aste hauetan beren konpromisoa adierazi diguten herritarrei». Aipamen berezia egin dio, gainera, Madrilgo Libre taldeari. Gaurko harrera ekitaldi bat zuten prestatua Madrilgo Vallecas auzoan, baina bertan behera utzi dute akordioaren ondoren.

Madrildik ez ezik, Euskal Herritik ere dozenaka lagun joan ziren Madrilera atzo, auzipetuak babestera. Epaitegira sartzean, Libreren kamisetak kentzeko edo estaltzeko agindu zieten guztiei. Akordioa lortu eta kanpora irten ondoren, besarkada bakarrean bildu ziren bederatzi auzipetuak, babesa ematera joandakoak inguruan txaloka zituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.