Azken minutuek duten garrantzia

Olga Patiño urtarrilaren 7an zendu zen, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean. Eutanasia egin zioten. Familiak eskertu egin du babesa, baina erietxez mugiarazi izana salatu du.

Romy Sordonez Olga Patiño zenaren iloba, errautsekin. IÑIGO URIZ / FOKU.
edurne elizondo
2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Ez zen batere dramatikoa izan; alderantziz: polita izan zen. Eskutik heldu nion; argazkiak jarri genizkion gelan, eta musika ere bai. Telefono eta bideo deiak egin genituen agurtzeko. Hogei minutuko gauza bat izan zen. Azkar pasatu zitzaidan denbora, eta izeba nahi zuen bezala joan zen, lasai eta bakean». Olga Patiñoren iloba Romy Sordomezenak dira hitzak. Patiño urtarrilaren 7an zendu zen, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean, Iruñean. 71 urte zituen. Eutanasia egin zioten. Prozesuaren berri eman nahi izan du Sordomezek: jasotako babesa eskertzeko, batetik; eta gaizki egindakoak zuzendu daitezen, bertzetik. Familiak salatu du Patiño ospitalez mugitu behar izan zutela, Iruñeko San Joan Jainkoarena erietxean ez ziotelako egin nahi izan eutanasia. «Ezezko horren inguruko inolako azalpenik ez dugu jaso oraindik, gainera».

Azaroaren 26an egin zuen Patiñok eutanasiaren prozedura abian jartzeko eskaera. Duela bi urte, esklerodermia zuela jakin zuen. Gaixotasun sistemiko bat da hori, eta Patiñoren birikei eragin zien, nagusiki. «Bi tratamendurekin saiatu ziren medikuak, baina ez zuen hobera egin. Erran zioten ezinen zela osatu, argi eta garbi», dio Sordomezek. Patiñok eutanasiaren alde egin zuen, zalantzarik gabe. «Azken hilabeteak hagitz gogorrak izan dira, eritasunak sufrimendu fisiko handia eragin baitio. Ez zuen horrela segitu nahi».

Nafarroako Unibertsitate Ospitalean abiatu zuen Olga Patiñok eutanasia egiteko prozesua. Hangoa zuen erreferentziazko medikua, eta hangoa mediku aholkularia. Ospitale horretatik, halere, San Joan Jainkoarena zentrora mugitu zuten iazko abenduan, zaintza aringarriak behar zituelako. Patiñok, gainera, San Joan Jainkoarena erietxean hil nahi zuen. «Gure osaba ere han hil zen; izeba fededuna zen, eta han egon nahi zuen, ospitale horretan hil», azaldu du Sordomezek.

Hiru astez egon zen Patiño San Joan Jainkoarena ospitalean. «Ailegatu zenetik, ospitaleko arduradunek zalantzan jarri zuten izebak eutanasia egiteko hartutako erabakia», erran du Romy Sordomezek. Berretsi du azalpen ofizialik ez dutela jaso, baina susmo garbi bat dute: «Arrazoi erlijiosoengatik izan da».

Legea, ekainetik indarrean

Eutanasiari bidea eman dion legea 2021eko martxoaren 24an onartu zuen Espainiako Kongresuak, eta urte bereko ekainaren 21etik dago indarrean. Arauak zehazten du eutanasia eskatu ahal izanen dutela «gaixotasun larri eta sendaezina» edo «pairamen larri, kroniko eta ezintasun eragile bat» dutenek, horrek haien autonomian eragiten badu, eta «sufrimendu fisiko edo psikiko iraunkor eta jasanezin bat» eragiten badie.

Legeak markatu du egin beharreko bidea, gainera: bi medikuk aztertu beharko dute eskakizuna, eta, kasuen jarraipena egiteko, bermerako batzorde batzuk antolatu beharko dira estatuko autonomia erkidegoetan.

Patiñok bide hori egin zuen, joan den urtarrilaren 7an eutanasia egin ahal izateko. Bide horretan artatu eta lagundu duten mediku, erizain, gizarte langile, boluntario, garbitzaile eta gainerako profesionalen tratua eta babesa nabarmendu eta eskertu du Sordomezek. Bermerako batzordeak eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak gehiago egin zezaketela uste du, ordea. «Argi dut maila horretan dagoela izebak azken txanpan izandako traben erantzukizuna».

Sordomezek aipatu du izeba San Joan Jainkoarena zentrora mugitu zutenean inork ez ziela ohartarazi han eutanasia ez egiteko arriskuari buruz. «Aipatu zuten mediku taldea zentrotik kanpokoa izateko aukera, hori bai». Izan ere, medikuek badute kontzientzia eragozle izateko eskubidea. «Zentroek, ordea, ez; eta kasu honetan, zentroak erabaki du han ez ziotela eginen eutanasia izebari», salatu du Sordomezek. Gogoratu du itunpeko zentro bat dela; Nafarroako Gobernuaren dirua jasotzen duela, alegia.

San Joan Jainkoarena ospitalean inork ez ditu argitu Patiñoren senideen zalantzak. Hura handik atera eta gero erran dutenak ere ez du baretu familiaren ezinegona. San Joan Jainkoarena ospitaleko komunikazio zerbitzuko Silvia Etxabarrenek azaldu du Patiño zentro horretara eraman zutela Nafarroako Unibertsitate Ospitalean «oherik ez» zegoelako. «Nafarroako Unibertsitate Ospitaleak gaixoa berriz hartu nahi izan zuenean, harat mugitu genuen», erantsi du Etxabarrenek.

Sordomezek erantzun du hori ez dela «egia». «Ez da horrela gertatu. Guri azalpen hori ere ez digute eman; ez zuten San Joan Jainkoarena ospitalera eraman bertze zentroan oherik ez zegoelako; handik atera zen eutanasia egiteko aukera ukatu ziotelako. Ez genuen guk erabaki».

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak ere ez ditu argitu Olga Patiñoren senideen zalantzak. «Legeak zehaztutakoari jarraitu, eta bermatu dugu eutanasia osasun sistema publikoan egitea», erran dute.

45 minutu anbulantzian

Urtarrilaren 7an egin zioten eutanasia Patiñori, 18:00etan, Iruñean. Egun horretan bertan eraman zuten San Joan Jainkoarena zentrotik Nafarroako Unibertsitate Ospitalera. Tokiz aldatzeko modua salatu du Sordomezek. Izan ere, anbulantziak ez zuen zuzenean eraman ospitale batetik bertzera. «14:00etan hartu zuten, eta 40-45 minutu behar izan genituen ospitalera ailegatzeko. Dialisia egitera joan behar zuten bertze lau gaixo hartu zituen anbulantziak bidean, hiriko zenbait txokotan».

Denbora horretan «minak jota» izan zen Patiño. «Anbulantzian ziren guztiek ikusi zuten izeba negarrez; oinazeak ez zion aukerarik eman ohatilan lasai egoteko. Iñigo nire bikotekidea eta biok saiatu ginen lasaitzen, baina hagitz gaizki pasatu zuen».

Sordomezek garbi du sistemak ahalegin bat egin behar duela horrelako egoera bat berriz gerta ez dadin. «Zaindu behar dugu agurraren garaia, eta gizatasunez jokatu», eskatu du.

Eskatu du bertzerik: hitz egiteko heriotzaz. «Hitz egin dezagun eutanasiari buruz, heriotzari buruz; hori baita orain dagoen estigma bazter uzteko modua».

Legeak eutanasia egiteko ematen duen eskubidea «zaintzeko» eta «bermatzeko» eskatu dio Sordomezek administrazioari. «Horregatik erabaki dut ez isiltzea; izebari zer gertatu zaion kontatu nahi izan dut, gaizki egindakoak zuzendu ahal izateko».

Astebete pasatu da Patiño zendu zenetik. Izebak egindako bidaiak gogoratu ditu; haren eskuzabaltasuna eta bizitzaz gozatzeko grina. «Eutanasiaren aldeko hautua garbi zuen, baina, era berean, bizitzak eskainitako minutu orori atera dio zukua», kontatu du Sordomezek. San Joan Jainkoarena erietxean Olga Patiñoren izaeraz entzun behar izan dituenak aipatu ditu. «Erraten zioten ez zela koherentea; COVID-19aren aurkako hirugarren dosia jartzeko eskatu zuenean, adibidez, zalantzan jarri zuten benetan eutanasia nahi ote zuen. Kontua da izebak ez zuela bakarrik hil nahi; ez zuen bakartuta hil nahi. Bizitza maite zuen, baina ez zuen sufritzen segitu nahi».

Sordomezek nabarmendu du eutanasia legez arautua dagoela, eta, ondorioz, trabarik ez luketela izan behar eskubide hori eskatzen dutenek. «Legeak ez du inor behartzen. Berma dezatela herritarren askatasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.