Azken mezua, bakearen eta elkarbizitzaren alde

Biktima guztientzako memoria, oroimena eta erreparazioa eskatu du Arraizek, Eusko Legebiltzarrean egin duen azken hitzaldian. EAJ eta EH Bilduren arteko elkarlana indartzearen alde agertu da

Arraiz eta Urkullu, elkar agurtzen, Arraizek legebiltzarrean egin zuen azken hitzaldiaren ostean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
«Bakea eta bizikidetza demokratikoa egiazkoak izan daitezen, guztiontzako izan behar dute». Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak elkarbizitzaren aldeko diskurtsoa egin du, Eusko Legebiltzarrean hitza azkenengoz hartu duenean. Azkenengoz, behintzat, denbora batez; bi urteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa ezarri baitzion EAEko Auzitegi Nagusiak maiatzaren 9an, ETAko kide izatea eta Batasuna alderdia berreraikitzea leporatuta. Kartzelara ez du joan beharko, baina legebiltzarkide izateari utziko dio.

Legebiltzarreko ohiko gobernu kontrol saioa zen atzokoa formalki, baina hedabideen ikusmina zerk pizten zuen nabari zen Arraizek segika zeukan kamera multzoan. Gonbidatuen aulkietan ziren senide, lagun eta koaliziokideak, babesa ematera joanak. Arraiz ez zuen ohiko agurra bakarrik egin, eta bizikidetzaren beharra azpimarratu zuen bere azken saioan.

Biktimak hartu zituen gogoan, eta penatuta agertu zen ez daudenengatik. «Badakit pertsona asko, gehiegi, falta direla indarkeria desberdinen ondorioz, eta oso argi daukat horiei guztiei memoria, oroimena eta erreparazioa zor diegula». Biktimen senideen mina arintzen lagunduko duen jarrera politikoaren alde egin zuen. Falta direnen artean aipatu zituen presoak. «Bakea egiazkoa izan dadin, kapitulu hau itxi ahal izateko, denok egon behar dugu».

Iraganeko egoera politikoaren alderik latzena, Arraizen iritziz, aurkaria «deshumanizatu» izana da. «Pertsona izaera ere ukatu genion, haren giza eskubideek ezinbesteko izateari utzi zioten, eta, horrela, gu geu ere deshumanizatu ginen». Arraizek azpimarratu zuen egoera horrek ez duela berriz gertatu behar.

Bakea eta elkarbizitza indartzeko eskariarekin batera, harreman eta elkarrizketa politiko berriak hasteko aukera azpimarratu zuen Arraizek. EAJ eta EH Bilduren arteko elkarlana bultzatzeko garaia dela. «Bi indar hauek herri akordio garrantzitsuak egitera deituta daude, eta hala ez egitea arduragabekeria litzateke».

Arantza Quiroga oroitu nahi izan zuen agurrean, eta aipua egin zion EAEko Alderdi Popularreko presidente zenak egin zuen ahaleginari, 2015eko urrian, bake eta bizikidetza lantaldea berreskuratzeko. «Jarrera zintzoa izan zela uste dut, legebiltzarreko alde urrunenen artean elkarrizketa sustatzeko ahalegina».

Arraizek eskertu egin zuen azken egunotan jaso dituen babes eta elkartasun keinuak. «Injustizia baten biktima» izan dela salatu zuen. Azaldu zuenez, atxilotu zuten garaian, 2007an, eskubide zibil eta politikoak eta ezker abertzalearen proiektua «arriskuan» ikusten zituen. «Horregatik erabaki genuen gure jarduera politikoarekin jarraitzea, jakinda espetxera joan gintezkeela». Egun egoera politikoa bestelakoa dela nabarmendu du. «Pentsatu nahi dut guk ere lagundu dugula agertoki politiko berria irekitzen».

Kartzela saihesteko ezker abertzaleko hainbat kidek azken epaiketetan hartu duten bidea—besteak beste, eragindako mina onartu eta indarkeriari uko egitea— «kartzelak husteko» baliagarria izatea espero du legebiltzarkideak.

«Zaindu maite duzuen, maite dugun hori, eta laster arte» esanda agurtu da Arraiz. Mahaiko kideei eskua eman —Anton Danborenea PPko ordezkariak uko egin dio eskua emateari—, Iñigo Urkullu lehendakaria, Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidea eta Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia pertsonalki agurtu, gonbidatuen aulkietara muxuak banatu eta legebiltzarkideen gehiengoaren txalo artean, ukabila altxatuta atera zen aretotik.

Agurraren erreakzioak

Arraizen ostean, Urkulluk hartu zuen hitza. Elkarbizitza sendotzeko aukerak pasatzen ez uzteko eskatu zion lehendakariak EH Bilduri, eta zoru etikoa helburu horretarako akordio baliagarria dela ziurtatu du.

EAJ eta EH Bilduren arteko elkarlanaren beharrari buruz Arraizek esandakoari ere heldu zion Urkulluk. Lehendakariaren arabera, autogobernua eguneratzeko oinarri akordioa ere aukera ona da adostasunerako.

Borja Senperrek (PP) eta Gorka Maneirok(UPD), berriz, gaitzetsi egin zuten «erakunde terrorista» bateko kide izatea aitortu duen pertsona bat legebiltzarrak txalo zaparradarekin agurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.