Gaur ere Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariaren auziak goitik behera baldintzatu du Nafarroako politikagintza. Osoko bilkuran, Parlamentuak ia aho batez onartu du 2011tik honako herri lanak ikertuko dituen batzordea eratzea: Maite Nosti Vox-eko parlamentari ohiak salbu, gainerako parlamentari guztiek alde bozkatu dute. Hala, auzian nahastutako bi enpresa nagusiek —Acciona eta Servinabar 2000 SM— 2011tik hona izan dituzten kontratu publikoak aztertuko ditu batzordeak.
Behin aurrera aterata, batzordea datorren astean abiatzea espero da. Lehen saioa Unai Hualde Parlamentuko presidenteak zuzenduko du, eta batzordea gidatuko duten mahaiko kideak hautatuko dituzte. EH Bilduk batzordeko buruzagitza eskatu du. Hasieran, ikerketaren esparrua zehaztu beharko du batzordeak, eta funtzionamendu arauak eta lan saioetako egutegiak antolatu beharko ditu.
12Zenbat ikerketa batzorde izan diren Nafarroan. 1980tik hona hamabi ikerketa batzorde osatu dira Nafarroan. Lehenean, orduko presidente Jaime Ignacio del Burgok Altsasuko Fasa enpresan egindako esku hartzea aztertu zuten. 45 urteotan, beste hainbat kontu ikertu dituzte: Gabriel Urralbururen agintaldiko obrak, Leitzarango autobidea, Eguesibarko Udalaren ustelkeria kasua, Nafarroako Kutxaren desagertzea, Barcinaren agintaldian Ogasunaren ikuskaritzan esku hartzeko saioa, Ultzamako biometanizazio planta, Sodenaren inbertsioak...
Zabaldutako informazioek eta entzuketek asaldura eta erakundeen jardueraren gaineko susmoa eragin dute herritarren artean, eta, Nafarroako Gobernuko bazkideen ikuspegitik, konfiantza berreskuratzeko saioa da batzordea: «Ezer ezkutatzen ez duenak ez dio ezeri beldurrik», esan du PSNko Ainhoa Unzuek.
Geroa Baiko Pablo Azkonak argitu nahi izan du ikerketa batzordeak Yolanda Barcinaren (UPN) legealdira arte egin duela atzera, garai hartan hasi zelako Cerdanen eta Garciaren arteko harremana. Gainera, Muga meatokia da Guardia Zibilaren txostenean aipatzen diren Nafarroako proiektuetako bat, eta haren lehen tramiteak 2012an hasi ziren. Izan ere, UPNk eta PPk Belateko tuneletara mugatu nahi izan dute ikerketa. Obra hori soilik aztertzeko batzordea eskatu dute, baina ganberak atzera bota ditu bi eskaerak.
Cerdan eta Servinabar
UPNko Javier Esparzaren arabera, azken hamar urteetako kontratu publikorik handiena da Belatekoa, 76 milioi eurokoa: «Ez da edozein espediente. Europako Batzordeak partzialki finantzatu zuen, eta Servinabar zen adjudikatutako enpresa elkarteko kideetako bat». Guardia Zibilak ekainaren 10ean miatu zuen enpresa horren egoitza, eta, bertan agertu zen dokumentu batean jaso zenez, Cerdanek enpresaren partaidetzaren %45 erosi zion Antxon Alonso bazkide nagusiari.
Dena den, auzian argitu beharko dute Cerdanek Servinabarren %45 ote zuen. Haren abokatuak argudiatu du dokumentu hori agiri pribatu bat dela, eta ez duela legezko baliorik ez zelako publiko egin. Gainera, InfoLibre kazeta digitalak argitaratu du dokumentu horretan ageri den identifikazio fiskaleko zenbakia ez dagokiola Servinabarri. Agirian ageri den zigiluko IFZk existitzen ez den enpresa bati egiten dio erreferentzia.
«Aurpegia emango dut beti. Ez dut burua makurtuko. Ez dut ezer ezkutatzeko».
MARIA TXIBITENafarroako Gobernuko lehendakaria
Hala ere, Esparzak uste du Belateko tunelak Cerdani adjudikatu dizkiola Nafarroako Gobernuak, eta Txibitek dimisioa eman beharko lukeela, erantzukizun politikoagatik: «Nafarroan ez da ezertxo ere egin Cerdanen onespenik gabe. Erabakigarria izan da, botere handia izan du. Haren bultzadari zor diote beren ibilbide politikoa Txibitek eta Elma Saizek». Haren irudiko, kalte egin dio Nafarroaren irudi onari: «Ezin duzu gobernuan jarraitu: susmoak setiatuta zaude, iskanbilek blokeatuta, eta errealitateak gainezka egin dizu».
Txibitek erantzun dio ez duela atzeko atetik utziko Nafarroako Gobernua. «Aurpegia emango dut beti. Ez dut burua makurtuko. Ez dut ezer ezkutatzeko», ohartarazi dio Esparzari. «Alderdiak babestu egiten nau, gobernuko bazkideek aurrera egitea erabaki dute eta lasai nago, ez baitut deliturik egin. Orain arte, esan duzu EH Bilduk agintzen zuela Nafarroan eta, orain, azken berrien ondorioz, Cerdanek agintzen duela. A zer aldaketa». Iragarri du administrazio publikoko espediente guztietan ezarriko dituztela Europako Batasuneko funtsetan ezarritako kontrol neurriak.

Maite Esporrin, Nafarroako Parlamentuko presidenteorde
Ramon Alzorrizek PSNko bozeramaile izateari utzi zion aurreko astean, eta alderdiko zuzendaritzak Ainhoa Unzu hautatu zuen. Orain arte, Parlamentuko presidenteorde izan da, baina bi karguak bateraezinak direnez, postu hori utzi behar izan du. Hark Parlamentu Mahaian utzitako hutsunea gaur bete dute. Bi hautagai aurkeztu dira osoko bilkuran: PSNko Maite Esporrin eta UPNko Leire San Martin. Esporrinek 30 boto lortu ditu —PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Ezkerra—; San Martinek, berriz, hemeretzi —UPN, PP eta Vox; Maite Nostik zuri bozkatu du—.