Datorren urteko aurrekontuak Nafarroako Parlamentuan dira jada. Larunbatean EH Bildurekin akordioa lortu ondotik, atzo gobernu kontseiluak lege proiektua onartu zuen, eta handik jarraian edukia legebiltzarrera eraman zuen Elma Saiz gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. Beraz, aurrekontuei parlamentuko azken koska baino ez zaie falta. Tramiteari begira, helmuga abenduaren 23ko osoko bilkura izango da; politikoki, berriz, azken bertsioa osatzea falta da. Azaroaren 25ean amaitzen da aurrekontuei zatikako zuzenketak aurkezteko epea, eta, ordurako, gobernuko bazkideek, EH Bilduk eta Ezkerrak hitzarmena lortu nahi dute.
Larunbatean, gobernuak eta EH Bilduk egoera desblokeatzeko akordioa erdietsi zuten: koalizio abertzalearen abstentzioaren truke, aurrekontu proiektuak hamar milioi euro gehiago izango ditu hezkuntzan, euskaran, osasungintzan eta gizarte politiketan inbertitzeko. Behin hori ziurtatuta, zatikako zuzenketak negoziatzen ari dira egunotan PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra. Asmoa da iazko formula bera erabiltzea. Iaz, ezohiko gastuei aurre egiteko kontingentzia planetik hamar milioi euro hartu, eta bakoitzaren ordezkaritzaren arabera banatu zuten dirua, talde bakoitzaren zuzenketak onartzeko konpromisoarekin.
Orain, bi aste dituzte aurretik, eta zalantza da nola finantzatuko den akordio hori: iaz bezala kontingentzia funtsaren bidez, beste diru sail batzuetatik hartuta edo gastu muga igota. Horri buruz galdetuta, Elma Saizek atzo nabarmendu zuen «oraindik ere tartea» dagoela finantzatzeko.
Atzo parlamentura egindako bisita ofizialean, Saizek esan zuen aurrekontu proiektua «esfortzu handi baten emaitza» dela, eta negoziatu nahi izan duten taldeekin jarri direla ados. Haren ustez, akordioa «albiste ona» da gizartearentzat, egonkortasuna ematen duelako «ziurgabetasunez betetako garai honetan»: «Iraganeko beste krisi batzuekin alderatuta, orain arte, gai izan gara krisia beste modu batera kudeatzeko; orain, berriz, susperraldia modu diferente eta bidezko batean kudeatzeko erronka dugu».
Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak harrera egin zion Saizi, eta berdintsu mintzatu zen: «Iaz, pandemiaren presentzia handia zen, eta lorratz sakona utzi zuen aurrekontuetan. 2022koa, berriz, susperraldiaren aurrekontua izango da». Zifrei dagokienez, 5.273 milioi euroko aurrekontua izango da datorren urtekoa, eta, Saizen arabera, inbertsioa %30 handituko da. Next Generation funtsetik 162 milioi euro iritsiko dira gutxienez, baina, Madrilek onartutako proiektuen eta esleitutako laguntza deialdien arabera, kopuru hori handitu egin daiteke.
Hain zuzen, Madril erkidegoko gobernuak asmoa azaldu du Konstituzionalera jotzeko, iritzita Espainiako Gobernuak Europako diru laguntzen banaketan Hego Euskal Herriko foru lurraldeen alde jokatu duela eta hori legez kanpokoa dela. Hori ikusita, Geroa Baik osteguneko osoko bilkuran horri buruzko galdera bat zuzenduko dio Maria Txibite lehendakariari: «Funtsezkoa da diskurtso horien aurka gogor egitea, ezegonkortasuna sortzen baitute eta Nafarroa fokuen jomugan jartzen baitute, bidegabeki».
Navarra Sumaren kritika
Navarra Sumaren bazkideetako batek (PPk) asmo hori azaldu duela eta, atzo horri buruz galdetu zioten Javier Esparzari: erantzun zuen funtsen banaketan Nafarroa «onuradun baino gehiago kaltetu» atera dela orain arte. Gobernuak EH Bildurekin egin duen akordioan jarri zuen azpimarra Navarra Sumako eledunak: «Argi dago egunetik egunera gero eta gehiago agintzen duela EH Bilduk Maria Txibiteri esker. Ezin dute ezkutatu EH Bildurekin legealdiko akordioa dutela». Berez, azaroaren 18an amaituko da osoko zuzenketak jartzeko epea, eta Navarra Sumak urrats hori egitea espero da.
Geroa Baiko Uxue Barkosen arabera, «zarata egiten ahalegintzen ari da eskuina, ezegonkortasuna sortzeko asmoz». Oroitarazi zuen 2015etik «zazpigarren urtez» aterako direla aurrera aurrekontuak, eta horrek«egonkortasuna» ematen diola lurraldeari. Ahal Dugu-ko Mikel Builen arabera, «akordioa positiboa da, eskuinaren politikarik oldarkorrenak albo batera uzteko modua ematen» duelako. Nabarmendu zuen gutxieneko pentsioen osagarriak 700 eurotik 800 eurora igoko direla eta osasun garraioak izaera publikoa berreskuratuko duela. Ezkerrako Marisa de Simonen ustez, «aurrekontuak nabarmen hobetzen» ditu.
Azken koska falta zaie kontuei
Nafarroako Gobernuak bidalia du 2022ko aurrekontuen lege proiektua parlamentura, eta tramiterako egutegia zehaztu du hark. Taldeek espero dute azaroaren 25erako zuzenketen akordioa erdiestea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu