Pastor
Darwin eta gu

Azken gudaria Burgosen

2024ko urriaren 19a
05:00
Entzun

Espainia. Burgosko probintziako ipar-ekialdea, Euskal Herriko mugatik oso hurbil.Urriaren 12a da. Herriko jaiak eta… Hispanitatearen Eguna. Festa nazionala. Bi euskaldun joan dira hara, festetako azken asteburua elkarrekin pasatzera. Horietako batek bertakoa du mutil-laguna. Burgoskoa.

Gaueko dantzaldian hasi dira koplak, plazan. Mutilaren lagunak euskal kutsua duen edozeren aurka hasi dira. «Baskoak zarete orduan», galdetu diete bi euskaldunei. Herrira gonbidatu dituen mutilak erantzun du: «Bai, baskoak dira, baina ez dira beste basko horiek bezalakoak». Mesfidati agertu dira gazte espainiarrak, baina orain lasai daude. Haien lagunaren lagunak ez dira Jose Maria Nacarinok Azken gudaria liburuan deskribatu dituen basko horiek bezalakoak. Izan ere, Pipe eta —cuadrilla de borrokas— hor ari dira; ez dute su-etenik nahi. Hiltzen segitu bai, ordea. Nobelaren egilea Espainia hegoaldean jaio zen, baina gaztetan penintsulako iparraldean igarotzen zituen udak. Gauza ugari ikasi omen zituen hemen. Zarautz herri oparoa dugu horretarako.

Gazteak Franco hil eta 25 urtera-edo jaioak dira. Teorian demokrazian, errespetuan heziak ditugu. Teorian. Euskal izenei buruz galdetu dute: «Zer esan nahi du Haizeak?». Azalpena jaso bezain laster heldu da broma eskasa: «Haizeak Haizea jo du aurpegian. Kar, kar, kar». Nesketako batek erantzun dio Margarita izena duten emakumeak ere joko dituela haizeak. Akaso Rocío Jurado zena neguan eguerdia baino lehen ez zen etxetik irteten ihintzak musuan jo ez zezan?

Kanta bat jo du musika taldeak. Euskarazko abesti baten antza duela adierazi dute neska euskaldunek. Gazte espainiarretako baten arrapostua: «Euskaraz kantarik entzun nahi baduzue, ez etorri hona». Lehenago onartuko luke herriko plazan talde islandiar bat euskalduna baino. Beste batek euskaraz zerbait esateko eskatu die neskei. Hauek hitz egiten hasi eta nazka-aurpegia atera zaio. Oka egingo duen plantak. Olentzerori ere iseka egin diote gure mutilek. Oso itsusia da pertsonaia. Beldurgarria. Hobe Papa Noel. Balkoian Viva España oihukatu du norbaitek. Viva España erantzun du jendeak. Bere himnoak halaxe definitzen du herria: Espainiaren ohorea, Gaztelaren lorea. Eskerrak udalerrian PSOEk duen gehiengoa eta Voxek zinegotzi bakar bat. Alderantziz izanez gero, askoz makurragoa izango litzateke euskaldunon aurkako joera? Zalantza egiten dut.

Euskarari, legez euren guraso hizkuntza bezain espainiarra den mintzairari, barre egiten diote mutilek. Gurean bizi diren beste lagun askok bezalaxe.

Euskarari, legez euren guraso hizkuntza bezain espainiarra den mintzairari, barre egiten diote mutilek. Hementxe bizi diren beste lagun askok bezalaxe. Ez hitz egin gazte horiei haien konstituzioaren arabera espainiarra den beste hizkuntza bat ikasteaz. Hemengo hainbat laguni ere ez. Elebitasuna defendatzen dute. Elebidunak nahi gaituzte haiek datozen hamarkadetan gure herrian elebakarrak izaten segitzeko.

Barkatu, Antonio; barkatu, Miguel; barkatu, Xabier: Gaztela mistikoa goraipatu zenuten, baina nik ez dut lurralde horrek irudikatzen duen Espainiaren parte izan nahi. Francok oso gustura jarri zuen bertan kuartel nagusia gorrien eta separatisten aurka jarduteko. Gazte horien buruan, diktadorea, gehienez ere, pertsonaia autoritarioa izan zen. Heroi bat izan zela esan lezakete, arazo handirik gabe. Ez zaie ezer ere gertatuko Francok on egin zuela aldarrikatzeagatik. Azal ezazu zuk haren kontra armekin oldartu ziren euskaldunak ez zirela terroristak, borrokalariak edo gudariak baizik. Igarriko diozu non bukatuko duzun.

Gaztelako gazteak. Zer pentsatuko dute federalismoari buruz? Eta autodeterminazioari buruz? Ez, ez esan Espainian gutxi direnik. Bihar bertan hauteskundeak izango balira, ez da zaila zer emaitza izango litzatekeen asmatzea. Espainia federala? Eta konfederala? Are gutxiago. Ricard Chulià politologo valentziarrak Herri valentziarra: larrialdi-irtenbidea liburua idatzi du. Egileak ametsik ez egiteko gomendatzen du: «Utopia bakarra dago, independentzia baino gauzatu ezinezkoagoa: Espainia federala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.