Salbuespena da Ines del Rioren kasua. Oro har, oso gutxitan egiten baitute aurrera Europako Batasuneko estatu kide baten aurkako salaketek Estrasburgoko Auzitegian (Frantzia). Gutxi, oso gutxi izan dira, gainera, euskal gatazkarekin loturik Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aztertu dituen kasuak. Orokorrean, oso zaila izaten da Estrasburgok tramiterako onartzea babes helegiteak. Aztertu dituen kasu batzuk, baina, pisu handikoak izan dira eta oihartzun handia izan dute. Euskal Herriarekin loturiko auzi gehienak gatazka politikoarekin dute lotura, eta, bereziki, Espainiako Estatuaren jokabidea epaitu dute. Baina badira ere Frantziako Estatua jo puntuan izan duten kasuak.
Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 6. artikulua —bidezko epaiketa baterako eskubidea— urratu izana egotzi dio Estrasburgok Espainiari kasuen %66tan. Oinarrizko artikulu bat da hori, besteei eragiten diena, eta, hein handi batean, zuzenbide estatu baten kalitatea neurtzen duena. Espainiak gehien urratu duen beste eskubide bat da auzibideen gehiegizko luzapenari buruzkoa (%10), eta ondoren, eta proportzio berean, segurtasunerako eta askatasunerako eskubidea eta torturaren debekua (%5). Euskal gatazkarekin loturiko auzietan, hiru eskubide horien urraketak salatu dituzte bereziki, Espainiak hitzarmena bere egin zuenetik, 1979tik. Frantziak 1950ean sinatu zuen. Eta urratutako artikuluen artean lehena auzibideen gehiegizko luzapenari buruzkoa da (%39). Jarraian, bidezko epaiketa baterako eskubidea (%34), askatasunerako eskubidea (%7) eta jabetza pribatuaren babesa (%4).
1. Adierazpen askatasuna
Euskal auziarekin lotuta, 1992an ezarri zion aurreneko zigorra Estrasburgok Espainiari, Miguel Castells abokatu eta orduan HBko senatariaren adierazpen askatasuna urratzeagatik. Poliziaren eta gerra zikinaren hilketen ikerketarik eza eta zigorgabetasuna salatu zuen 1979. urtean Punto y Hora aldizkarian argitaratutako artikulu batean, eta urtebeteko espetxe zigorra ezarri zioten. Senataria zenez, Gorenak epaitu eta zigortu zuen. Espainian bide judiziala amaitu ostean, Estrasburgoko Auzitegira jo zuen. Hamar urte pasatu ondoren, eman zioten arrazoia.
Ordutik, oso aipatua izan daebazpen hori adierazpen askatasunarekin lotuta Espainiako Justiziak aztertu dituen kasuetan. Baina ez zen horrela izan Arnaldo Otegirenean. Auzitegi Gorenak urtebeteko zigorra ezarri zion ezker abertzaleko buruzagiari 2005ean, «erregeari irain larriak» egiteagatik. Hain zuzen, 2003an Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren bertako arduradunek salatutako torturen erantzule izatea leporatu zion Otegik Juan Carlos Borboikoari. Estrasburgok ebatzi zuen diskurtso politikoaren testuinguruan egindakoak zirela adierazpen horiek eta bateragarriak zirela Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko hamargarren artikuluak bermatzen duen adierazpen askatasunarekin. Ezarritako zigorra bertan behera utzi eta 23.000 euro ordaindu behar izan zizkion Espainiako Estatuak Otegiri.
2. Tortura eta poliziaren indarkeria
Castellsen ebazpenaren ostean, hamazazpi urte igaro ziren Espainiak aurkako beste epai bat jaso arte. Otegiren aldeko ebazpenaren aurretik, 2009an, eman zuen bigarrena. 17 urte lehenago Iruñean egindako manifestazio batean Espainiako Poliziak Mikel Iribarreni egin zion eraso basatia ez ikertzeagatik zigortu zuten Espainia. Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen Iribarrenek 60.000 euroko kalte-ordaina jaso behar zuela Poliziak eragindako bizi osorako zauriengatik, baina Gorenak bertan behera utzi zuen erabakia, eta Konstituzionalak ez zuen tramiterako onartu. Hamazazpi urteren buruan arrazoia eman zion Estrasburgok. Hitzarmenaren 3. artikulua urratzea leporatu zion, kalte-ordaina ukatzeagatik torturaren debekua ezartzen duena, eta baita prozesu judizial justua izateko eskubideari buruzko artikulua ere. 170.000 euroko kalte-ordaina jaso zuen Iribarrenek.
2010ean, lehen tortura kasua aztertu zuen Estrasburgok, eta zigortu egin zuen Espainia, Mikel San Argimiro presoaren tortura salaketa ez ikertzeagatik. Kasu hartan 23.000 euroko ordaina jaso zuen San Argimirok. Epaimahaiak esan zuen Espainiako Justiziak baztertu egin zuela balizko errudunak zigortzen lagunduko luketen frogak argitzea. 2011n, berriz, gauza bera leporatu zion Estrasburgok Espainiari, Aritz Beristainen tortura salaketaren kasuan. «Pasibotasunez» jokatzea leporatu zion Auzitegi Nazionalari, eta 23.000 euroko kalte-ordaina ezarri zion Espainiari.
Estrasburgok aztertu duen azken tortura salaketa Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendariarena da. Iazko urrian zigortu zuen Espainia, torturak eraginkortasunez ez ikertzeagatik eta ikertzeko bitartekorik ez jartzeagatik; Otamendiri 24.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu zuen Espainia. Torturekin lotuta Estrasburgok mahai gainean duen beste kasu bat da Unai Romanorena. Tramiterako onartu edo ez erabaki behar du.
3. Gerra zikina
2010eko azaroan Estrasburgok ontzat jo zuen Espainiako Justiziak Lasa eta Zabala auzian jarritako zigorrak. Zigortutako bosten defentsak jarri zuen babes helegitea Estrasburgon, baina auzitegiak ez zien arrazoirik eman. Bidezko epaiketarik ez zutela izan argudiatu zuten Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneralak, Angel Vaquero teniente koronelak, Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibil ohiak eta Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibil ohiak. Dena den, 2004. urtetik zeuden libre, 2001ean 67 eta 75 urteko espetxe zigorrak jaso zituzten arren.
Marey auzian zigortutako Rafael Vera Espainiako Segurtasun idazkariak ere jo zuen Estrasburgora. Espainiako Auzitegian inpartzialtasunik eza eta errugabetasun presuntzioa errespetatu ez izana salatu zuen. Europako auzitegiak ez zion arrazoia eman .
4. Alderdien Legea
Espainiako Alderdien Legea ontzat jo zuen Estrasburgoko Auzitegiak 2009an. HB, Batasuna, AuB, 218 herri plataforma eta Herritarren Zerrendaren legez kanporatzea zilegi zela ebatzi zuen 2009ko uztailean. Epai berezia eman zuen, eta alderdi horiek legez kanporatzeko orduan hitzarmeneko 10. 11. eta 13. artikuluak urratu zirela aitortu arren, legez kanporatzeak ontzat jo zituen, «gizarte demokratikoarentzat beharrezkoak» zirela argudiatuta. 2010ean gauza bera ebatzi zuen ANVren kasuan. Alderdi horrek aurretik ere birritan jo zuen auzitegi horretara. Alderdia artean legezkoa zela Espainiako auzitegiek 2007ko udal eta foru hauteskundeetara aurkeztutako 245 zerrendetatik 133 baliogabetu izana salatzera joan zen aurrena. Estrasburgok 2008ko abenduan eman zuen ebazpena, eta ez zion arrazoirik eman ANVri.
5. Ibarretxeren galdeketa
2010ean ere aldeko bi epai jaso zituen Espainiak. Auzitegiak atzera bota zituen Eusko Jaurlaritzaren lehendakari Juan Jose Ibarretxeren herri galdeketaren debekuaren aurka aurkeztutako babes helegiteak. Galdeketak Eusko Legebiltzarreko EAJ, EA, EB, Aralarren babes jaso zuen eta EHAK-ko legebiltzarkide taldearen erdiak alde bozkatu zuen. Ekainean onartu zuten egitasmoa, eta irailean debekatu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Europan jarritako babes helegitean azaldutako argudioei erantzun ez, eta tramiterako ez onartzea erabaki zuen Estrasburgok.
6. Errugabetasun presuntzioa
2011n, Estrasburgok berriz zigortu zuen Espainia, Francisco Lizasoren errugabetasun presuntzioa urratzegatik. 1994an atxilotu zuten eta bost egun inkomunikatu ondoren aske utzi zuten. Atxilotuta zeukaten bitartean prentsaurrekoa eman zuen Jose Maria Gurrutxaga Gipuzkoako Gobernadore Zibilak. Langile baten eta erretiroa hartutako guardia zibil baten hilketen errudun egin zuen Lizaso. Hark bi salaketa jarri zituen Gobernadore Zibilaren kontra, kalumniak eta irainak leporatuta, eta Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak bost miloi pezetako kalte-ordainak emateko agindu zion Gurrutxagari. Gorenak bertan behera utzi zuen zigorra. Estrasburgok, berriz, arrazoia eman zion Lizasori eta ebatzi zuen 18.400 euro jaso behar zuela, 40.000 eskatu zuen arren.
7. Auzibideen gehiegizko luzapena
Arrazoi horrengatik zigor asko jaso ditu Frantziak, eta euskal presoak ere badaude tartean, zazpi gutxienez. Aurtengo irailean auzitegiak aho batez ebatzi zuen denbora gehiegi izan zutela behin-behinean preso Patxi Abad eta Mikel Almandoz preso ohiak. Ia sei urtez izan zituzten egoera horretan, eta 5.000 euro ordaindu beharko dizkio Frantziak bakoitzari. Iazko urtarrilean, beste bost presoren salaketak ere onartu zituen Estrasburgok, Ismael Berasategi, Lorentxa Guimon, Kandido Sagarzazu, Iñaki Esparza eta Inocente Soriarenak, hain zuzen. Kalte-ordain bera emateko agindu zioten orduan ere Frantziari.
Euskal Herriko gatazka politikoa Estrasburgoko Auzitegian
Azken geltokia
Espainiako eta Frantziako estatuetako bide judizial guztiak amaituta, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo dezakete zigortuek. Aurrera egitea, baina, ez da erraza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu