Ezohiko lekua aukeratu du Sarek joan den larunbateko manifestazioen balorazioa egiteko: Bilboko Ametzola auzoko tren geltokia. Baina hautuak badu zergatia. Bilbon eta Baionan presoen giza eskubideen alde bildutako milaka lagunen erantzunarekin pozik dauden arren, Sareko kideek ez dute nahi joan den larunbateko ekitaldiak kanpaina baten azken geltokia bilakatzerik. Alderantziz: sakabanaketa amaitzea xede duen «dinamika hurbil, parte hartzaile eta sortzaile» baten abiapuntu bihurtu nahi dituzte mobilizazio horiek.
Horregatik, Hartu trena. Igo giza eskubideen aldeko trenera leloa duen lan molde berria jarri dute abian. Geltokian, baina geldi egoteko inolako asmorik gabe. Herriz herri eta auzoz auzo «trenbide sarea» hedatu nahi dute Sareko kideek, «bagoiak konpromisoz bete» eta horiek «kaleetara, lantokietara eta Europako bihotzera» eramateko.
Dinamika berria aurkezteaz batera, Sareko kideek iragarri dute ia prest dagoela zenbait legelarik sakabanaketaren ondorioen inguruan prestaturiko txosten juridikoa, eta txosten hori Europako erakundeetara eramango dutela datozen hilabeteetan. Euskal presoek pairatzen duten egoeraren berri eman nahi diete Europako erakundeei, horiek ere «sufrimenduari ateak itxi eta bakeari, konponbideari eta elkarbizitzari irekitzeko» lanean euren konpromisoa har dezaten.
«Esparrua zabaltzen ari da»
Joan den larunbateko mobilizazioetan milaka lagun bildu zirela nabarmendu du Teresa Toda Sareko bozeramaileak, bai eta euskal presoen giza eskubideen alde batutakoen «aniztasuna» ere. «Euskal Herrian ez dago hainbeste jende mugiarazten duen beste aldarrikapenik», esan du Todak, eta aldarrikapen horren esparrua «zabaltzen» ari dela: «Gero eta gehiago gara, ideologia eta atxikitze politikoa albo batera utzita, unibertsala den aldarrikapen baten inguruan biltzen garenok, giza eskubide guzti-guztien defentsan».
Sareko eledunek diotenez, manifestazioen arrakastak «babes handiagoa» ematen die «konponbidearen eta bakearen bidean» aurrera egiteko, eta ziurtatu dute «bildutako indar sozial itzela sostengatu eta bideratzeko» lanean jarraituko dutela.
Bilboko manifestazioan egin bezala, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan azalduriko «eragile berri eta zaharrei» igorri diete mezua Sareko eledunek: «Konpondu gabe dirauten arazoak ezin dira usteltzen utzi. Irtenbidea eman behar zaie. Eta pertsonen giza eskubideei hain modu zuzenean eragiten dieten arazoak ezin dira nahita ahaztu, edo eragileek elkarri aurpegiratzeko erabili. Aldiz, eztabaida eta akordioetako agendara igaro behar dira».
Manifestazioak kritikatu dituzten eragileak ere hartu ditu Todak ahotan. Haien iritzia «errespetatu» egiten duela argi utzi ondoren, mezu argia bidali nahi izan die: «Arazoak ez dira desagertzen ezikusiarena egiteagatik. Kontrakoa gerta daiteke, eta okerrera egin». Eta gogorarazi die «nor bere ekintzen zein isiltasunen erantzulea» dela, euskal presoena «eskubide urraketa hain luze eta larria» dela kontuan hartuta.
Joseba Azkarraga ere mintzatu da Sareren izenean, eta esan du presoen aferari irtenbidea bilatzeak «berebiziko garrantzia» duela «gatazkaren ondorio guztiak konpondu ahal izateko». Azkarragak ez du ukatu arazoak «osagai politikoa» baduela, «preso multzo zehatz batez ari garelako», baina erantsi du afera, batez ere, «giza eskubideen ingurukoa» dela.
Azkarragaren esanetan, giza eskubideen errespetua ezin da interes politikoen menpe jarri, eta oinarrizko eskubide horien artean sakabanaketa amaitzea, gaixo dauden presoak askatzea eta salbuespen neurriak bertan behera uztea aipatu ditu.
Beste aldetik, Bilboko manifestazioan bildutako dirua jagoteko ardura zutenek —Paul Riosek, Nazario Oleagak, Felix Cañadak, Juan Maria Bidartek eta Juan Daniel Barandiaranek— euren eginkizuna bete dute, eta dagoeneko banketxe batean gorde dute, Paul Rios Lokarriko koordinatzaile izandakoak Interneten jakinarazi duenez.
Iazko manifestazioaren ostean, polizia operazioa jarri zuen abian Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta hamasei lagun atxilotzeaz gain, Guardia Zibila LAB sindikatuaren egoitzan sartu zen eta manifestazioan bildutako dirua hartu zuen, «ETAri laguntzeko» zela argudiatuta.
Aurten horrelakorik gerta ez dadin eta susmo guztiak uxatzeko, Sarek aurreko astean iragarri zuen ospe handiko bost pertsonak osatutako batzorde bat izendatuko zuela, eta batzorde hori manifestazioan bildutako diruaz arduratuko zela.
Azken geltokia baino gehiago, abiapuntua
Joan den larunbateko manifestazioen arrakasta eta «aniztasuna» nabarmendu du Sarek.'Hartu trena' dinamika abiaraziko dute, «presoen alde bildutako indar itzela sostengatu eta bideratzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu