Apenas dagoen tarterik negoziazioetarako. Gaur erabakiko dute Hego Euskal Herriko herri eta hirietan zer udal gobernuk aginduko duen datozen lau urtetan, eta, azken egunetako joerak ikusita, EAJk eta PSEk botere instituzionala areagotuko dute, bozen ostean bi taldeek egindako itunagatik. Salbuespenak salbuespen, jeltzaleen eta sozialisten erauntsia izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk ere osatu dituzte koalizio gobernuak; Durangon (Bizkaia) eta Ordizian (Gipuzkoa), esaterako. Nafarroan, berriz, ikusteko dago PSNk zer jarrera hartuko duen; Navarra Sumaren mesedetan aritu ala gobernu «aurrerakoiak» posible egin. Iruñean dago arretaguneetako bat: Enrique Maiak (Navarra Suma), Joseba Asironek (EH Bildu) eta Maite Esporrinek (PSN) aurkeztuko dute alkatetza.
ARABA
Kuartango, EAJrentzat
Argituz doa zer gertatuko den Arabako hainbat herritako inbestidura saioetan. Kuartangon, atzo jakinarazi zuen PPk EAJren hautagaiaren alde bozkatuko duela gaur; hartara, jeltzaleen esku geratuko da alkatetza. PPk Kuartangon duen hautetsi Ana Salazarrek berak egin zuen iragarpena. Esan zuen «erantzukizunagatik» emango diola botoa EAJri. EH Bilduk eta EAJk boto eta eserleku kopuru bera lortu zuten maiatzeko bozetan, eta berdinketa hori apurtzeko giltza du PPren hautetsiak. Atzo iragarritakoa betez gero, azken lau urteotan alkate izan den Eduardo Fernandez de Pinedo jeltzaleak eskuratuko du berriro aginte makila.
Salazarrek botoa iragarri baino ordu batzuk lehenago, Alfonso Alonso EAEko PPren presidentea irmo mintzatu zen: «Ideiak argi ditugu, eta EH Bilduk ez du Kuartangon gobernatuko». Alonsok esandakoa berretsi zuen Salazarrek: «PPren esku badago, ez diogu utziko EH Bilduri gobernatzen». Hala ere, legealdian ez dute EAJ babestuko.
Kuartangon, popularrek babesa emango diote jeltzaleei, nahiz eta suminduta dauden Bastidan eta Guardian gertatuarekin. Arabako Errioxako bi herri horietan akordioa lortu dute EAJk eta EH Bilduk gobernua osatzeko, eta, hala, PPri alkatetzak kentzeko. Bi herrietan sinatu dituzte koalizio itunak, eta, modu horretan, EAJrenak izango dira bi alkatetzak. Programaren gaineko akordioak izan direla jakinarazi zuen atzo EH Bilduk, ohar bidez.
Argantzonen, berriz, ikusteko dago zer gertatuko den gaur. EH Bilduk bozak irabazi zituen, baina EAJk ez dio bermatu babesa. Beraz, jeltzaleena izan liteke agintea, PPk babesten badu.
BIZKAIA
Galdakaon, azken unean
Atzo iluntzean biltzekoak ziren, nor bere aldetik, Galdakaoko Udalean ordezkaritza lortu duten bi plataformak, UH Usansolo Herria eta Auzoak, azken erabakia hartzeko: EAJko Fernando Izagirre edo EH Bilduko Iñigo Hernando hautatu alkatetzarako —abstentzioak Izagirre egingo luke alkate—. Zortzi zinegotzi ditu EAJ-PSE blokeak, eta zazpi EH Bilduk eta EPk osatutakoak. Beraz, dena dago Auzoak plataformako lau zinegotziek eta UHko biek egingo dutenaren pentzudan. Radio Euskadik egindako elkarrizketa batean, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik konfiantzaz adierazi du azkenean koalizioak eskuratuko duela alkatetza, baina Galdakaoko EH Bilduko iturriek zehaztu dute oraindik ez zegoela akordiorik. Gaurko osoko bilkuran argituko da.
Beste zenbait herritan, berriz,bilkura egin aurretik uxatu dituzte zalantzak. Bakion, esaterako, EH Bildurena izango da alkatetza. Bost zinegotzi lortu zituen koalizioak, eta lau EAJk; beraz, BB Bakio Bai plataformako bi zinegotzien esku gelditu zen alkatetza batzuei edo besteei ematea. Orain, Bakioko EH Bilduk iragarri du akordio bat lortu dutela Bakio Bai zerrendarekin, eta horren ondorioz Amets Jauregizar izango dela berriro Bakioko alkatea.
Durangon, berriz, jakina zen EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak —Elkarrekin Podemosen marka da hori— indarrak batuko zituztela EAJ alkatetzatik kentzeko. Orain, bi koalizioek jakinarazi dute gobernu hitzarmena dutela. EH Bilduko Ima Garrastatxu izango da alkate berria, eta datorren astean agerraldi bat egingo dute akordioa aurkezteko. Garrastatxuk esan du «Durango erreferente» bilakatu nahi dutela «kudeaketan, parte hartzean eta elkarbizitzan». HEko Julian Riosek «sintonia ona» nabarmendu du.
Bilbon, EAJk eta PSEk ituna egin dute, eta errepikatu egingo dute aurreko legegintzaldiko botere banaketa; lau kide sozialista izango dira udal gobernuan.
GIPUZKOA
Arrakalarik ez akordioan
Ezusterako tarte txikia utzi du EAJren eta PSEren arteko itunak Gipuzkoan. Azken unera arte zalantza izan da Andoainen eta Pasaian, baina atzo goizaldean uxatu ziren dudak. Bietan aurkeztuko da alkategai sozialista, eta bietan babestuko du EAJk. Hortaz, gehien bozkatutako alderdiak—EH Bilduk— ez du alkatetzarik lortuko.
Andoainen, atzo goizean sinatu zuten ituna jeltzaleek eta sozialistek. Horrela, Maider Lainez (PSE) izendatuko dute alkate, eta EAJko Mari Jose Izagirre izango da alkateordea. Gainera, jakinarazi dute «forma koordinatuan eta leialean» lan egitera eta udaleko jarduna «modu bateratuan» egitera konprometitzen direla. Pasaian, berriz, Izaskun Gomezek (PSE) segituko du alkate, EAJren babesarekin. Bi herrietan, EH Bilduko kideek gaitzetsi dute «elkarlanerako» bideak irekita utzi arren gailendu egin dela PSE-EAJ akordioa. EH Bilduko udal ordezkariek atzo arratsaldean egin zuten agerraldia Andoainen, dozenaka herritarren babesarekin. Bozak irabazi ostean udal talde guztiekin bildu zirela azaldu zuen Andoni Alvarez alkategaiak, eta adierazi zuen EAJk «ihes» egin diela hasieratik: «Gure proposamena ona zela esan zuten, baina PSErekin negoziatzen ari zirela».
PSEk eta EAJk, beraz, lehenetsi egin dute beren akordioa. Hala egin dute Lezon, Mendaron eta Soraluzen ere: EH Bilduren kaltetan batu dira jeltzaleak eta sozialistak, alkatetza EAJk lortzeko.
Ordizian, berriz, bat egin dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, talde abertzaleak alkatetza hartzeko. Ikusteko dago zer gertatuko den Deban eta Orion, Lehenengoan sei zinegotzi ditu EH Bilduk, lau Debarren Ahotsak eta hiru EAJk. Azken biak elkartuz gero, EH Bilduk galduko luke alkatetza. Orion, berriz, bat egin beharko lukete EAJk, PSEk eta Orain plataformak EH Bildukoak alkate izatea eragozteko.
NAFARROA
PSNren eskuetan
Nafarroan, azken orduetako mugimenduek aditzera eman dute PSN erabakigarri izan ez den tokietan errazagoa izan dela akordioa, eta alderantziz. Kasurik adierazgarriena Iruñea da. Joseba Asironek alkatetza galduko du gaur, Enrique Maiaren mesedetan. Atzo berriz ere eskua luzatu zion PSNko Maite Esporrini, baina hark entzungor egin du. Asironek argi utzi du ordu gutxi geratzen zaiola PSNri hiriburua «eskuinik atzerakoienaren eskuetan ez uzteko». Gaur egiaztatuko da hori guztia, 18:00etan.
Ordurako, alderdiek jakingo dute nola geratuko den gainerako udaletako mapa politikoa. Lizarran, emaitza argi dago. Navarra Suma da lehen indarra, zazpi zinegotzirekin; EH BIlduk sei ditu, PSNk hiru eta Geroa Baik bat. Ostegun arratsean, PSNko 22 bazkidek batzarra egin zuten, eta, ordu eta erdiko eztabaidaren ostean, erabaki zuten Jorge Crespo hautagairen alde egitea, Navarra Sumako Gonzalo Fuentes hurrengo alkatea izatea ahalbidetuz. PSNren arabera,«aurrerapauso historikoa» eman dute eurek gidatutako udal gobernua osatzeko, baina hori ez bada gertatzen «EH Bilduren errua» izango da. Hala ere, jokaldi hori jakinik ere, atzo arratsaldean beste bilera batera deitu zuen EH Bilduk.
Barañainen antzeko egoeran daude. Zortzi zinegotzi ditu Navarra Sumak, eta dena alde. EH Bilduk eta PSNk bosna hautetsi dituzte, Ahal Dugu-k bi eta Geroa Baik bat. Iragan astean, EH Bilduk negoziatzeko eskua luzatu zion PSNri, baina sozialistek ez dute eseri nahi izan; atzo, egoera aztertzeko herri batzar batera deitu zuen EH Bilduk.
Eguesibarren ere zail dago: Navarra Sumak bederatzi ditu, Geroa Baik lau, PSNk eta EH Bilduk hiruna eta Ahal Dugu-k eta Ezkerrak bana. Hiru aste izan dituzte erabakitzeko, baina PSNren tokiko militanteek atzo arratsean zuten bilera. Alfonso Etxebarria jarduneko alkatearen arabera, «ez da gauzak txukun egiteko era».
Zizurren ez da PSN behar. Azken egunetan Geroa Baik, EH Bilduk eta As Zizur-ek bilerak egin, eta azken unean sinatu dute akordioa, Geroa Baiko Jon Gondan alkate izendatzeko, berriro.
Berriozarren ere PSN ez da erabakigarri izan. EH Bilduk zortzi zinegotzi ditu, PSNk eta Navarra Sumak launa eta Ezkerrak bat. Ezkerrak EH Bilduren alkatetza posible egingo du.
Burlatan, egoera nahasiago dago. Navarra Sumak bost ditu, EH Bilduk eta PSNk launa, Burlata Aldatuz-ek bi, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k bana. Burlata Aldatuz-ek alkatetza propioa izatea proposatu du, eta PSNk uko egin dio: nahiago dute haiek agindu, Geroa Bai, Burlata Aldatuz eta Ahal Dugu-ren babesarekin.
Uharten ere egoera zabalik da. EH Bildu lehen indarra da, baina Navarra Suma, PSN eta GIH talde independente bat elkartu litezke, azkenaren mesedetan.
Sartagudan, EH Bilduk alkatetza errepika lezake; lehen indarra da. PSNk ziurtatu du ez duela Navarra Suma babestuko, nahiz eta azken orduetan eskuinak hainbat eskaintza egin.
Inbestidura saioak. Udalak
Azken errematea akordioei
Andoainen eta Pasaian PSEk izango du alkatetza, EAJrekin akordioa lortu ostean. Galdakaon herri plataformek dute giltza, EH Bildu edo EAJren alde. Nafarroan PSN da gakoa hainbat udalerritan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu