Tenperatura hotza eta zaparradak izan dira nagusiki Euskal Herrian asteburuan, eta bide beretik hasi da astea. Euriagatik abisu laranja zegoen ezarrita EAEn goizean, baina horira jaitsi dute dagoeneko; 18:00ak arte egongo da indarrean. Azken egunotako euriteek hainbat ibairen ur emariak nabarmen haztea eragin dute, eta uholde arriskuagatik adi daude, esaterako, Arabako Zadorra eta Nafarroako Arga ibaien bilakaeraz. Abisupean daude biak. Elurteengatik ere abisu horia dago ezarrita.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, arratsaldean zaparradak gutxituko diren arren, goizean euria bortitz egin du, bereziki isurialde atlantikoan. Horiek horrela, Zadorra ibaia bere bidetik atera da Gasteizen eta Iruña Okan. Margarita eta Tresponde arteko errepidea itxi behar izan dute. Gainera, ibaia maila horira iritsi da Abetxukon, Otxandion, Eturan eta Ozaetan. Gasteizko Udaltzaingoak oinezko hainbat bide itxi ditu gaur goizean, uholde arriskuagatik.
Bizkaian ere gainezka egin du Cadagua ibaiak, eta lanean aritu dira Gueñesen Zaramillo auzoan pilatutako lokatza kentzeko. Euriteen ondorioz maiz egiten du gainezka ibaiak zati horretan. Uneotan, maila berdean da. Horian segitzen du Ibaizabalek.
Nafarroan, gehienbat, Arga ibaia da kezka iturri. Alerta egoeran da Arakil eta Etxauri parean, eta alerta aurreko egoeran Aratzurin. Ega ibaiaren ur emariak ere gora egin du, eta alertaurrean dago Lizarran eta Murietan. Iruñea inguruan, berriz, behera egin du ibaien ur emariak, eta maila «normalera» itzuli da.
Uholde arriskuengatik, Nafarroako Gobernuak larrialdi plana aktibatu zuen atzo, eta herritarrei eskatu zien beharrezko prebentzio neurriak hartzeko, alferrikako joan-etorriak saihesteko eta uholde arriskua dagoen tokietara ez hurbiltzeko. Oraingoz, planak indarrean segitzen du.
Gipuzkoan, berriz, maila horian dago Oria ibaia.
🟠#AlertaLaranja#euria#uholdea#Zadorra
— Euskalmet (@Euskalmet) December 9, 2024
🟡Zadorrako arroan, Ozaetako estazioa maila horira igo da.
🟡En la cuenca del Zadorra, la estación de Ozaeta ha subido a nivel amarillo. pic.twitter.com/dcSk9BFJHE
Horrez gainera, hurrengo orduetan Ebro ibaiko ur emariak gora egitea espero dute.
Errepidean, arazoak
Errepidean ere arazoak eragin ditu eguraldiak, eta hainbat errepide itxi behar izan dituzte. Besteak beste, A-21 Pirinioetako autobidea hamabigarren kilometroan; NA-30 errepidea, Iruñean, Landabengo industrialderako sarbidean; NA-2316 errepidea Zuluetan; NA-7010 errepidea Astrain-Irurtzunen, zortzigarren kilometroan; eta NA-2410 errepidea Barrankan, hamabigarren kilometroan.
Belaguako portuan NA-137 errepideko 47. kilometroa ere itxi behar izan dute, elurragatik. Baita NA-2011 errepideko 6,8. kilometroa eta NA-2012 errepideko zazpigarren kilometroa ere.
Auto pilaketak ere izan dira, besteak beste, AP-8an eta N-121-A errepidean.