Indarkeria matxista

Azken egunetako sexu erasoak salatu dituzte Gasteizen eta Donostian

Gasteizen eta Bilbon gizon bana atxilotu dute, sexu erasoak egin dituztelakoan. Bilboko talde bortxaketaren kasuan, Bilboko 4. instrukzio auzitegiak erabaki du sei atxilotuetako bi espetxean mantentzea.

Gasteizko elkarreratzea, gaur. RAUL BOGAJO / FOKU
2019ko abuztuaren 7a
07:14
Entzun

Emakume adingabe batek joan den igandean jasan zuen erasoarekin lotuta, 18 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak astelehenean. Epailearen aurrean deklaratu zuen atzo, eta gaur hura espetxeratzea erabaki du epaileak. Donostiako mugimendu feministak elkarretaratzea egin du arratsaldean, igandeko eraso hori salatzeko. Bulebarrean egin dute protesta bilkura, Eraso sexisten aurrean, autodefentsa feminista lelopean.

Gasteizen ere irten dira kalera mugimendu feministaren deialdiaren erantzunez. Andre Maria Zuriaren plazan elkartu dira Erasoen aurrean, autodefentsa feminista aldarrikatzeko. Mugimendu feministak jakinarazi duenez, gutxienez hiru sexu erasoren berri izan dute hiriko festak hasi zirenetik.

Gasteizko erasoetako bat joan den igandean gertatu zen, gasolina zerbitzugune batean. Emakumea zerbitzuguneko dendara joan zen zerbait erostera, eta, dendatik irten zenean, gizonezko batek eraso egin zion. Emakumeak defendatzea lortu zuen, eta erasotzaileak ihes egin zuen. Ertzaintza erasotzailearen bila aritu da igandeaz geroztik. Zerbitzuguneko segurtasun kameren grabazioak aztertu ondoren, 31 urteko gizon bat atxilotu du, bart. Ertzaintzak gertatutakoa argitzeko ikertzen jarraitzen du. Epaileak espetxeratu egin du gizona, gaur.

Gasteizko Udalak indarkeria matxistaren kontrako protokoloa jarriko du abian, gaur, erasoari erantzuteko. Beste elkarretaratze bat antolatu du biharko, eraso matxistak gaitzesteko. 13:00etan izango da, Gasteiz eraso matxisten aurka lelopean.

Donostiako Udalaren elkarretaratzea, goizean

Donostiako Udalak, berriz, elkarretaratzea egin du, 12:00etan, Alderdi Ederren. Deialdiarekin bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eneko Goia alkatea eta udaleko alderdi guztietako ordezkariak izan dira. Udalak erabateko irmotasunez gaitzetsi nahi izan du bizilagunak jasandako erasoa. Era berean, babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan dio erasoaren biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere.

Bestalde, Ertzaintzak 23 urteko gizon bat atxilotu du Bilbon, emakume bati ukituak egitea egotzita. Emakumeak salatu duenez, bera eta beste emakume bat —biak turistak— paseoan zihoazen astearte eguerdian, Bilboko Abandoibarra etorbidetik, eta publizitate banatzaile bat hurbildu zitzaien. Gizonezkoak publizitate eskuorria eskaini zien, eta emakumeek uko egin. Gizona tematu egin zen publizitatea eskaintzen, eta emakumeek ezetz, ez zitzaiela interesatzen. Salatzailea gizonarengandik aldendu zen, eta gizonak harengana hurbildu eta bularra igurtzi zion, eskuorria heldua zuen eskuarekin.

Emakumeek jarrera hori aurpegiratu zioten gizonari, eta hark "mehatxuzko" jarrera agertu zuen. Emakumeek 112ra deitu zuten, laguntza eske, eta Ertzaintzak gertaeren tokian bertan atxilotu zuten gizonezkoa.

Bilboko talde bortxaketa

Asteazken gauean Bilbon izandako talde bortxaketaren auzia, berriz, Bilboko 4. instrukzio auzitegiak hartu du bere gain. 18 eta 36 urte arteko sei gizon atxilotu zituzten ostiralean, eta igandean, guardiako epaileak agindu zuen horietako bi behin-behinean espetxeratzea eta gainerako laurak baldintzapean aske uztea. Gaur erabaki beharko du Bilboko auzitegiak espetxeratze hori berresten ote duen, eta zer neurri hartzen dituen aske utzitakoen inguruan —oraingoz, auzitegian sinatu behar dute egunero—. Berri agentzien arabera, DNA proben emaitzen zain daude horretarako.

Bilbo Feminista Saretzen taldeak, berriz, "nagusi den maskulinitate eredua" iraultzeko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.